Elgoibarko euskararen historia soziala jasotzeko egitasmoa abian

Gerraosteko euskalgintzaren memoria jaso eta zabaltzea, hori da Elgoibarko Udalak egin nahi duena, hau da, herriko euskararen historia soziala ezagutaraztea.

Alor ezberdinetan euskara edota euskal kultura sustatzen aritu diren 15 pertsona elkarrizketatuko dira, eta haien testigantzak landu, ondoren Ahotsak.eus web orrialdean argitaratuko dira.

Elgoibarko Udalaren eskariz, Badihardugu euskara elkarteko kideek 15 elkarrizketa inguru egingo dituzte, gerraostetik 80. hamarkadara bitarte, Elgoibarren euskalgintzan egindako lanen testigantza jasotzeko. Elkarrizketok landu, eta Ahotsak.eus web atarian jarriko dituzte ikusgai urte bukaerarako.

Gerraosteko euskalgintzaren memoria jaso eta zabaltzea, hori da Elgoibarko Udalak egin nahi duena, hau da, herriko euskararen historia soziala ezagutaraztea. Izan ere, herritar asko ibili da euskarari eusten eta eragiten Elgoibarren, hainbat alorretan: hezkuntzan, antzerkian, dantzan, musikan, bertsolaritzan… Bai gerra aurrean, baita gerraostean ere. Oraingo honetan, gerraosteko mugimenduak eta lanak jasoko dira, 80. hamarkadara bitartekoak, eta horixe da Udalaren enkarguz, Badihardugu elkarteak egingo duena: alor ezberdinetan euskara edota euskal kultura sustatzen aritu diren 15 pertsona elkarrizketatu, eta haien testigantzak landu, ondoren ezagutzera emateko Ahotsak.eus  eta  Elgoibarko orrian webguneetan.

Egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko aurkezpena izan zen maiatzaren 6an, Aita Agirre kulturgunean. Bertan bildu zirenek         elkarrizketatuak izateko gonbita jaso dute Udaletik, eta Badihardugu elkarteko ordezkariek helburuak zeintzu ziren eta testigantzak jasotzeko metodologia zein izango den azaldu zuten.

Urteetan, herriko ahozko ondarea jasotzeko hainbat grabazio egin ditu gure herrian Badihardugu elkarteak: guztira 91 hiztunen testigantzak, 1.663 pasarte, 886 bideo eta 159 audio-pasarte baino gehiago ikusi edo entzun daitezke Elgoibarko ahotsak egitasmoan.

Beraz, aurten, orain arte egindako lana osatzen jarraituko du Udalak. Batetik, aurrez egindako elkarrizketak aztertu, eta Elgoibarko euskararen historia sozialarekin lotutakoak identifikatuko ditu Badiharduguk; eta bestetik, Udalak, Elgoibarko Izarraren eta herritar batzuen laguntzarekin, elkarrizketatuak izateko egokiak izan daitezkeen pertsonak aukeratuko ditu.

Horretaz gain, egitasmoaren aurkezpen ekitaldian adierazitakoari jarraikiz, Udalak garai horretako materialak proiektu honetarako duen garrantzia gogorarazi nahi du. Horrexegatik, sasoi hartan, euskararen arloan sortu eta erabiltzen zen materiala (kartel, eskuorri, liburu…) ere eskatu du, horiek guztiak digitalki jasota uzteko. Beraz, material hori Euskara Sailera (Aita Agirre kulturgunea, 1. solairua) ekartzeko eskaera egin du Udalak.

Elgoibarko Euskararen Historia Soziala jasotzeko lanaren hasiera besterik ez da hau, eta datozen urteotan ere jarraipena izango duen lana izango da.