Errotaberriko igogailu berria astelehen honetatik aurrera, maiatzak 8, erabilgarri

  • Igogailuak 630Kg/8 pertsona hartzeko gaitasuna du, ageriko hormigoi armatuzko U formakoa, aurrealdea libre uzten duena erabiltzaileen ikusmena ahalbidetzeko.
  • Inbertsioa 457.322,78 eurokoa da, BEZik gabe.

Elgoibarko Udalak Errotaberriko igogailua datorren astelehenean, maiatzak 8, jarriko du abian. 

Igogailu berriak 15’55 metroko kota-aldea gainditzen du, eta irisgarritasuna nabarmen hobetuko du; izan ere, eskailera mekanikoak erabili ezin zituzten mugikortasun urriko pertsonentzat ere balioko du.

Orain arte, Errotaberri plazatik San Roke kalerako sarbidea errazteko eskailera mekaniko batzuk zeuden, zati batean zutabeetan bermatutako hormigoizko egitura batek eusten zietenak, eta, duten luzera handia zela-eta, funtzionamenduan arazo ugari izan zituztenak instalatu zirenetik. Hilabeteak zeramatzaten zerbitzutik kanpo, eta Udalak kendu eta igogailu batekin ordezkatzea erabaki zuen.

Igogailuak 630Kg/8 pertsonarentzako edukiera du, eta kabinak 1.100 mm x 1.400 mm x 2.100 mm-ko neurriak ditu.

San Roke kalean eskailera finkoen amaieratik 15 metrora planteatzen da lehorreratzea, igogailuaren dorrea kokatuz, pasabideek bat egin dezaten bere egitura eusten duten bi pilareen artean dagoen eskailera-burualdearekin. Dorrea eta San Roke espaloia 8,33 metroko pasabide metaliko baten bidez lotuko dira. Bigarren geraleku bat du, metro batzuk beherago, larrialdi eta segurtasun arrazoiengatik sortua.

Igogailuaren dorrea ageriko hormigoi armatuzko U dorrea da, aurrealdea libre uzten duena, erabiltzaileei ikusteko aukera emateko. Beirazko itxitura batez estalita dago. 

Inbertsioa 457.322,78 eurokoa izan da, BEZik gabe.