Erraldoiak eta musika nagusi asteburuan Elgoibarren

  • Larunbatean Erraldoien topaketa egingo da, Haritz EDT dantza taldeak antolatuta eta igandean, aldiz, dultzaineroen diana eta Elgoibarko Musika Bandaren kontzertua eskainiko dira, elgoibartarren gozamenerako.  
  • Horrez gain, ohiko zinema eskaintza, Jolasa Kalera Barixakuan ekimena, Dolmenen bisita gidatua edota ‘Nire samurai txikia’ dokumentalaren proiekzioa, Naizen elkarteak, adingabe transexualen familia elkarteak sustatuta. 

Heldu da jada maiatza ekintzez josiriko kultur egitarauarekin: kontzertuak, antzerkiak, jolasak, zinea, hitzaldiak…

Aste honen baitan, ostegunean, maiatzak 4, Musika Eskolako koruaren kontzertua eskainiko da, arratsaldeko 19:00etan Herriko Antzokian. Ostiralean, halaber, asteburuari hasiera emateko, Jolasa Kalera Barixakuan ekimenaren saioa eskainiko da 17:00etatik 19:00etara Lekueder parkean. Kasu honetan, hilaren 19an eta 26an beste saio bana eskainiko da. 

Asteburuan, halaber, erraldoiak eta musika ekitaldiak izango dira nagusi Elgoibarren. Larunbatean, maiatzak 6, hain zuzen, Haritz EDT dantza taldeak erraldoien topaketa antolatu du, goizeko 11:00etan, herritar ororen eta bereziki etxeko txikienen gozamenerako. Igandean, halaber, goiza Elgoibarko dultzaineroen dianaren doinuekin hasiko dute elgoibartarrek, goizeko 10:00etan. Ordu berean, ‘Dolmenen ibilbidea’ bisita gidatua eskainiko da baita ere, euskaraz. Bisita hau, ibilbidearen eta bere ingurunearen paisaia-balioa eta balio arkeologikoa ezagutzeko aukera paregabea da. Ibilbidea Soraluzeko Karakateko aparkalekutik irtengo da, eta bertatik Irukurutzetaraino joan-etorria egingo da. Eta asteburuari amaiera emateko, goizeko 12:30ean, Elgoibarko Musika Bandak kontzertua eskainiko du Herriko Antzokian. 

Behin asteburua atzean utzita, asteartean, maiatzak 9, Naizen elkarteak sustatutako ‘Nire samurai txikia’ dokumentalaren proiekzioa egingo da, Lilan, 18:00etan. Naizen adingabe transexualen familia elkartea da eta dokumental honek, hain zuzen, Ekai Lersundiren bizitza du oinarri. 2018an, bere buruaz beste egin zuen gazte transexual ondarroarra, alegia. Dokumentalaren zuzendaria, Arantza Ibarra, ondarroarra da eta gertutik ezagutzen du Ekairen historia. 21 minutuko iraupena duen ikus-entzunezko honetan, Elaxar Lersundi eta Ana Martinezen testigantzak jaso ditu, baita Naizen elkarteko zein Ondarroako hainbat bizilagunenak ere. Film laburraren zatirik handiena 2019ko otsailaren 15eko asteburuan grabatu zen, Ekairen omenezko egunean, hil eta urtebetera.

Asteazkenean, halaber, maiatzak 11, Elgoibarko VI. Idazlan lehiaketako sari banaketa egingo da, 18:30ean Aita Agirre kulturguneko areto nagusian. Lehiaketa 8 eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzendutakoa izan da eta helburu izan du ikasleen artean euskaraz idazteko trebetasuna sustatzea. Lanak aurkezteko epea martxoan amaituta, lehiaketako saridunak ezagutzeko ekitaldia izango da hau. 

 

Zinea

  • Los 3 mosqueteros: maiatzak 5, 6, 7 eta 8

Sarrerak: normala 6 €. Gazte-txartela: 3 €. Ikuslearen eguna: 4 €sarrera. Bonuak ez dira zigilatuko. Haurrentzako saioa: Haurrak 3 €/ Nagusiak 5 €.

 

KZ Guneko doako ikastaroak

Maiatzaren 10a bitartean, Elgoibarko KZ Gunean ‘Smartphoneak eta tabletak. Ikasi zure android gailua erabiltzen’ ikastaroa eskainiko da, 09:00etatik 11:00etara. Informazio gehiagorako, aurrez aurre (ezinbestekoa da aldez aurretik hitzordua hartzea 943023640 telefonoaren bidez), 943023640 telefonoaren bidez edo webgunean (www.kzgunea.eus).