Elgoibarren berdintasuna sustatzen duten proiektu eta programetarako laguntzak eskatzeko epea ireki du Udalak

Udaleko Berdintasun Sailak, guztira, 10.000 euro bideratuko ditu udalerrian genero berdintasuna sustatzeko helburua duten bi diru-laguntza deialdi abiarazteko. Tokiko entitateek uztailaren 15era arte aurkez ditzakete eskaerak,  udal egoitza elektronikoan.

Elgoibarko Udalak dirulaguntzen bi deialdi ireki ditu udalerriko toki entitateentzat, herrian emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatu eta lortzeko proiektuak garatu ahal izateko. Laguntza horien zenbateko osoa 10.000 eurokoa izango da.

Lehen deialdia dagoeneko irekita dago eta udalerriko elkarteei zuzenduta dago, eta guztira 4.000 euro erabiliko dira genero berdintasuna sustatzeko programa eta jarduera berariazkoak abian jartzeko. Laguntza hauek eskatzeko epea uztailaren 15era arte egongo da zabalik.

Era berean, Elgoibarko Udalak berdintasunaren aldeko programa zehatzak garatzen dituzten Elgoibarko emakumeen elkarteentzako dirulaguntzen deialdia ere zabaldu du. Ildo horretatik, Udalak beste 6.000 euro emango ditu laguntzetara. Kasu honetan ere, eskaerak egiteko epea uztailaren 15era arte egongo da zabalik.

Aurten, legeak eskatzen duenari jarraiki, elkarteentzako dirulaguntza guztiak era telematikoan bideratu beharko dira, www.elgoibar.eus web orriaren bitartez.

Udalak udalerriko erakunde eta elkarte guztiei dei egiten die beren proiektuak aurkez ditzaten eta, hartara, Elgoibarko gizartea hobetzeko eta gizarte hori inklusiboagoa, berdintsuagoa eta bidezkoagoa bihurtzeko ekimenak diruz lagundu daitezen.