Elgoibarrek ZaintzaLab jarri du abian, adinekoen zainketa sistemari buruz hausnartzeko proiektu pilotua

  • ZaintzaLab-Elgoibarren helburua da iraupen luzeko zainketen arloko jardunbide egokien esperientzia pilotu bat sortzea, udalerriko zaintza-ereduaren jarduera-plan batean islatuko dena.
  • Ane Beitia alkateak nabarmendu du ZaintzaLab ekimen “aitzindaria da adineko pertsonen arreta eta zaintza hobetzeko zainketen tokiko ekosistemen garapena bultzatzeko”.

COVID-19ak eragindako krisi sanitario, ekonomiko eta sozialak gabezia bat islatu zuen zaintza eredu eta sisteman. Horrek zaintzaren egitura tradizionalak aldatzeko beharra bultzatu zuen. Horregatik, Elgoibarko Udala 2021ean hasi zen BIZITZEN FUNDAZIOA, SARTU eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera ZAINTZALAB-ELGOIBAR proiektua garatzen.

Zaintzalab, arreta eta zaintzako tokiko errealitate eta ekosistemak aztertzeko eta ebaluatzeko prozesu bat da. Tokiko zaintza-ekosistema osasun-zerbitzuak, gizarte-zerbitzuak (lehen mailakoa), gizarte-zerbitzuak (bigarren mailakoa) eta tokiko komunitate-zerbitzuak (udalerrikoa) lotzen dituen estrategia da, arreta eta zaintza pertsonalizatuak eskaintzeko.

ZaintzaLab-Elgoibarren helburua da iraupen luzeko zainketen arloko jardunbide egokien esperientzia pilotu bat sortzea. Horretarako, 3 fase planteatu dira. Lehenengo fasea, 2022an burutua, zainketen arloan tokiko esperientzia berritzaileen jardunbide egokien gida bat egitea izan da. Horretarako, Gipuzkoan eta Euskadin zaintzaren arloan tokiko mailan egin diren esperientzia berritzaileei buruzko informazioa eta ezagutza identifikatu eta bildu da. Proiektuaren bigarren fasean, Elgoibarko zainketei buruzko diagnostiko bat egingo da, eta, azkenik, hirugarren fasean, diagnostikoaren bidez lortutako informazioaren arabera, udalerriko zaintza-ereduaren jarduera-plan bat diseinatuko da.

Epe laburrean, Elgoibarko zainketen egoerari buruzko diagnostikoarekin hastea aurreikusten da. Diagnostikoaren helburua da udalerrian zainketen arloan bizi den egoeraren argazkia egitea eta, horrela, dauden beharrak eta problematikak identifikatzea. Kontuan hartuta zainketen kontzeptua oso zabala dela eta gai horrek hainbat pertsona-profil dituela, lehen diagnostiko eta ekintza-plan honetarako 70 urtetik gorako pertsonei eman zaie arreta, eta arreta berezia jarri da gizarte-zerbitzuekin harremanik ez duten eta arrisku-egoeran edo mendetasun-hasieran dauden pertsonengan.

Apirilean diagnostikoari ekiteko, Elgoibarko adinekoekin batera prestatutako galdetegi bat jarriko da herritarren eskura. Galdetegi hori paperean bete ahal izango da udalerriko gune zehatzetan, bai eta digitalki ere web orrian eta WhatsApp bidez.

Ahalik eta informazio gehien biltzea funtsezkoa da Elgoibarren zaintzaren arloan dauden beharrei eta arazoei erantzungo dien ekintza-plana egin ahal izateko. Hori dela eta, Udalak eragiten dien pertsona guztiak (70 urtetik gorakoak, familiako zaintzaileak, etab.) galde-sorta betetzera animatu ditu.

Ane Beitia alkateak nabarmendu du “ZaintzaLab ekimen aitzindaria da, etxean bizi diren ahultasun- eta mendekotasun-egoeran dauden adinekoen arreta eta zaintza hobetzeko zainketen tokiko ekosistemen garapena sustatzeko. Mugarri historikoa, lan-esparru berean eta helburu eta lankidetza-estrategia berberekin Elgoibarko eta Gipuzkoako eremu soziosanitarioko erakunde publiko, pribatu eta komunitario nagusiak biltzea lortu duelako. Gure adineko pertsonen ongizatearen aldeko apustua”.