Elgoibarrek bat egin du ‘Emakumeak gora!’ kanpainarekin 

  • Kalebarren Plazan ‘Emakumeak gora!’ erakusketa ezarriko da martxoaren 9tik 13ra.
  • Ane Beitia alkateak nabarmendu du “gizarte honek emakume gehiago behar ditu erabaki eta eragin postuetan. Kanpaina honetan erakusten dugu zein diren emakumeei lidergo-postu horietara berdintasunez iristea eragozten dieten oztopo nagusiak”.

Emakumeak gora! da 2023ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren kanpainaren leloa, eta Emakundek bultzatu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin, hiru foru-aldundiekin, EUDELekin eta EAEko hiru hiriburuetako udalekin batera. Elgoibarko Udalak bat egin du kanpainarekin. Lelo horrek aldarrikatzen du gizarteak emakume gehiago behar dituela erabaki eta eragin postuetan.

Horren harira, Kalebarren Plazan ‘Emakumeak gora!’ erakusketa ezarriko da martxoaren 9tik 13ra. Ane Beitia alkateak, Nerea Isasi Gipuzkoako Berdintasun zuzendariak eta Maialen Gurrutxaga Berdintasun zinegotziak aurkeztu dute ekimena prentsa agerraldian. 

Kanpainak erakusten du zeintzuk diren emakumeei lidergo-postu horietara berdintasunez iristea eragozten dieten oztopo nagusiak, eta mito faltsuak eraisten ditu, hala nola, emakumeek prestakuntza gutxiago dutela postu horiek betetzeko, Euskadin goi-mailako ikasketak dituzten pertsona guztietatik ia % 60 emakumeak direla adierazten duten datuak emanez.

Kanpainaren protagonistak emakumeak dira, eta gogorarazten digutenez:

  • Emakumeek gerentzia-postuen % 6 bakarrik betetzea ez da prestakuntza edo lidergo faltagatik. Erakundeetan pribilegio eta rol maskulinoak betikotzen direlako baizik.
  • Emakumeek titulazio teknikoetako matrikulen % 23 baino ez ordezkatzea ez da bokazio faltagatik. Baizik eta, besteak beste, mugatzen gaituzten estereotipoetan oinarritutako hezkuntzaren emaitza.
  • Zaintzeko eszedentzien % 73 emakumeek hartzea ez da guk bakarrik dakigulako zaintzen. Gizarteak rol hori ezartzen digu eta honek zaildu egiten du gure garapen profesionala.

Kanpainaren informazio guztia www.emakumeakgora.eus web orrialdean eskura daiteke. 

Ane Beitia Elgoibarko alkateak nabarmendu du “gizarte honek emakume gehiago behar ditu erabaki eta eragin postuetan eta kanpaina honetan erakusten dugu zein diren emakumeei lidergo-postu horietara berdintasunez iristea eragozten dieten oztopo nagusiak. Boterea gizonen kontu gisa ikusten jarraitzen dugula; emakumeei perfekzioa eskatzen zaiela erantzukizun-postuetara iristeko; haurrek oraindik ere jasotzen dituzten mezuetan mutilen lidergoa indartzen dela; edo anbizioa sozialki zigortuagoa dagoela emakumeen artean. Kanpaina honekin honelako ideiei egin nahi diegu aurre”. 

Nerea Isasik gogoratu du, Gipuzkoak Elgoibarrekin batera, Europan desberdintasun maila txikiena duen pertsonen komunitateetako bat izan nahi duela baina, “ahalegin horretan, oraindik ere emakumeak desabantaila egoeran ageri direla eremu askotan, baita gure lurraldean ere”. Horregatik, adierazi du lehentasunezkoa dela emakumeen lidergoak sustatzea, “ikuspegi feminista gobernantzan txertatuz eta lidergo partekatuaren eredu batetik abiatuz”. Era berean, berdintasun arloan erabakiak hartzean, emakumeen parte-hartzea areagotzeko baldintzak sortzearen alde lan egin behar da. Emakumeen parte-hartzea ikuspegi askoz ere zabalago batetik ulertuz. Emakumeek erabakiguneetan parte hartzeko dituzten baldintzak aldatuz.