Elgoibarko VI. Idazlan Lehiaketa, abian

  • Ikastetxean edo HAZen (Santa Ana kalea, 2) aurkeztu beharko dira lanak 2023ko martxoaren 10a baino lehen.
  • Sari moduan, 50 € eta 120 € bitarteko bonuak banatuko dira herriko dendetan gastatu ahal izateko.

Elgoibarko Udalak, Kultura, Euskara, eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailen bitartez, 8 eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzendutako ‘Elgoibarko VI. Idazlan lehiaketa’ antolatu du, ikasleen artean euskaraz idazteko trebetasuna sustatzeko helburuarekin.

Ondorengo taldeetan sailkatuko dira parte-hartzaileak:
A taldea: LHko 3. eta 4. mailakoak
B taldea: LHko 5. eta 6. mailakoak
C taldea: DBHko 1. eta 2. mailakoak
D taldea: DBHko 3. eta 4. mailakoak
E taldea: Batxilergoa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa

Gaia librea izango da baina euskaraz idatzitakoa, jatorrizkoa, aurrez saritu gabea eta argitaratu gabea izan beharko da. Lanak A4 neurrian, orriaren alde batetik idatzita eta ordenagailuz aurkeztu beharko dira, LH3 eta LH4 mailetan idazlanak eskuz aurkezteko aukera ere izango da.

Parte-hartzaileek Ikastetxeetako ikasgeletan aurkeztu behar dituzte idazlanak (3 kopia) eta horretarako azken eguna 2023ko martxoaren 10a izango da.

Elgoibartik kanpoko Ikastetxeetan ikasten ari diren ikasleek, berriz, zuzenean entregatu beharko dituzte lanak HAZen (Santa Ana kalea, 2) goizeko ordutegian, 07:30etik 15:30era.

Sari bezala, 50 eta 120€ bitarteko bonuak banatuko dira herriko dendetan erabiltzeko. A eta B taldekoen artean 2 sari emango dira ikastetxeko eta maila bakoitzeko. C eta D mailetako talde bakoitzeko lau lanik onenek jasoko dute saria. Eta E taldekoen artean 2 sari banatuko dira.

Epaimahaiak saridunak aukeratu ostean, sarien banaketa eguna, lekua eta ordua behar bezala jakinaraziko zaie irabazle guztiei.

Informazio gehiago: euskara@elgoibar.eus / 943 74 43 66