Elgoibarko Udalaren adierazpena herriko apaizak duela 60 urte egindako sexu abusuen harira

Gure herrian, duela 60 urte, don Andoni izeneko apaiz batek Elgoibarko hainbat haurrei egindako sexu abusuen berri izan dugu gaur, hainbat herritarrek “Berria” egunkarian egindako salaketengatik.

Horren aurrean Elgoibarko Udaleko talde guztiek, aho batez, honakoa adierazten dugu:

1.- Elgoibarko herriak indar eta irmotasun osoz gaitzesten ditu bertan argitaratutako gertakariak. Adin txikiko ikasleei egindako sexu indarkeria giza-eskubideen haustura larri eta jasanezinak dira, eta, horrexegatik, Elgoibarko Udalak biktimen aldeko jarrera argia eta sendoa adierazi nahi du. Aldi berean, maitasun, babes eta elkartasunik zintzoena helarazi nahi die biktima guztiei eta haien familiei, eta haien eskura jartzen ditu arretarako eta laguntzarako udal-zerbitzuak, baita behar duten laguntza ere.

2.- Haurrek pairatzen duten indarkeria sexuala egitura matxistaren emaitza bat da, horregatik, horrelako indarkeriari erantzuteko ezinbestekoa da erro hori kontuan dituzten politika publikoak garatzea eta gizartea isilik ez geratzea. Zentzu horretan, Elgoibarko Udala beti agertuko da biktimen alde, eta, horrexegatik, indarkeria matxista mota guztiak desagerrarazteko konpromisoa berresten du.

3.- Eraso hauek ezin dira erantzunik gabe geratu, eta herritarrei dei egiten diegu gertakari hauei aurre egiteko. Ezin da tolerantziarik izan. Biktimak erdigunean jarri behar ditugu.

4.- Haurtzaroan pairatzen den sexu indarkeria kasuen aurreran erasotzaileek aurrez aurre izango gaituzte, eta gure herrian ez dute tokirik izango. Elgoibarrek ez du horrelako eraso matxistarik onartzen.

5.- Gainontzeko instituzioei baita ere eskatzen diegu hartu beharreko neurriak hartu ditzatela. Bidelagun izango gaituzte gertakari hauei argi egiteko orduan. Justizia, prebentzioa eta erreparazioa beharrezkoak dira horrelako gertakari larriak berriro gertatu ez daitezen.