Elgoibarko Udalak Inazio Bereziartua Musika Eskola arautzen duen ordenantzari haserako onarpena eman dio

Urrats honen bidez, udal zerbitzu gisa eratu nahi da, Kultura Sailari atxikita.

Laster, musika eskolan musika eta dantza irakasteko zerbitzua emateko lehiaketa publikoa jarriko du abian Udalak.

Elgoibarko Udalbatzak Inazio Bereziartua Musika Eskolako irakaskuntza zerbitzu publikoa arautzen duen ordenantzari haserako onarpena eman dio.

Urrats honen bidez, udal zerbitzu gisa eratu nahi da, Kultura Sailari atxikita, egungo Herritartasun Arloaren barruan, etorkizunean herrian onarpen sozial handiko eskola bat egongo dela bermatzeko.

Inazio Bereziartua Musika Eskola 1984ko maiatzean sortu zen, 1980ko xedapen baten babesean. Xedapen horren bidez, oinarrizko irakaskuntzako musika-zentroak abian jartzea arautzen zen, ikastetxe ez-ofizial aitortuen izaerarekin. 1990ean, Udalak Elgoibarko Udal Musika Fundazioa sortu zuen. Udalaren titulartasuneko musika-eskola da, eta Udalak diru-laguntza izenduna ematen zion elkarte batek kudeatzen du.

Hala, aurrerantzean, Inazio Bereziartua Musika Eskola Elgoibarko Udaleko gobernu-organoek beren eskumenen esparruan hartzen dituzten erabakien mende egongo da, arlo ekonomiko eta administratiboan.

Horretarako, Inazio Bereziartua Musika Eskola udal irakaskuntzako zerbitzu publikoa arautzen duen Ordenantza idatzi da, haren oinarrizko araubide juridikoa arautzea helburu duena, eta horren kudeaketa zeharka planteatzen da.

Horrekin batera, Inazio Bereziartua Musika Eskolaren barne-araudiari hasierako onarpena eman zaio. Araudi horren helburua musika eskolaren antolaketa eta barne-funtzionamendua arautzea da.

Era berean, Elgoibarko udalerrian musika eta dantza irakasteko zerbitzua emateko kontratuaren esleipena prozedura irekiaren eta izapidetze arruntaren bidez arautuko duten klausula administratibo eta teknikoen agiriak onartu ziren. Udalak datozen asteetan jarriko du abian kontratu hori. Kontratuaren helburua irakaskuntza ez-arautua, espezifikoa eta kalitatezkoa mantentzea da arte eszenikoen arloan, musikaren eta dantzaren bidez. Kontratuaren urteko aurrekontu zenbatetsia 750.000,00 €-koa izango da.