Elgoibarko Udalak eta Lilak Elgoibarko LGTB+ diagnostikoa jarri dute abian eta testigantzak jasotzeko parte-hartzaile bila dabiltza

  • Lehen fase honetan, herriko LGTB+ pertsonen bizipenak ezagutzea da jomuga, 8 bat herritarren testigantzak jasoz eta haien zabalkundea eginez. 
  • Izena eman behar da elgoibarlgtbdiagnostikoa@gmail.com helbide elektronikoan urriaren 16a baino lehen. 
  • Diagnostikoak zertan datzan herritarrei aurkezteko saio ireki bat burutuko da urriaren 6an, osteguna, 18:30ean, Lilan. 

Elgoibarko Udalak eta Lilak Elgoibarko LGTB+ diagnostikoa burutuko dute Hiruki Larroxa elkartearekin elkarlanean. Diagnostikoa burutzeko testigantzak jaso nahi dira eta horretarako elkarrizketak egiteko herritarrak bilatzen dabiltza sustatzaileak. 

“Zehazki, gure nahia da, Elgoibarko herria LGTB+ pertsonentzat herri bizigarria izateko helburuarekin, indarkeria matxistaren zein sexu aniztasunaren alorrean, herritarren bizipenei zein gaiaren inguruko ezagutzari eta sentsibilizazioari buruzko diagnostikoa egitea” nabarmendu du Maialen Gurrutxaga Berdintasun zinegotziak.

Hain zuzen ere, lehen fase honetan, herriko LGTB+ pertsonen bizipenak ezagutzea da jomuga, 8 bat herritarren testigantzak jasoz eta haien zabalkundea eginez. Horrela indarkeria matxistarekiko eta sexu aniztasunarekiko Elgoibarko herritarren jarrerak, ezagutzak eta sentsibilizazioa     ezagutzea lortuko da.

Izena eman behar da honako helbide elektronikoan: elgoibarlgtbdiagnostikoa@gmail.com. Udalak eta Lilak zehaztu dute urriaren 16a baino lehen burutu behar dela izen-ematea. 

Diagnostikoak zertan datzan herritarrei aurkezteko saio ireki bat burutuko da urriaren 6an, osteguna, 18:30ean, Lilan. 

Lehen fase honek ahalbidetuko du herritarrei indarkeria matxistari zein LGTB+fobiari aurre egiteko tresnak eskaintzen hastea; horretarako, lehen fasean, ikastetxeetako irakasleei formakuntza eskaini nahi zaie. 

Zeharka LGTB+ mugimendurako aberasgarriak izan daitezkeen pertsona eta kolektiboen artikulazioan bultzada ematea lortu nahi da ere.

Elgoibarko Udalak eta Lilak herritarrak animatu dituzte proiektuan parte-hartzera.