Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarrak herritarren laguntza eskatu dute Elgoibarren euskararen historia soziala berreskuratzeko

  • Gerra Zibilaren ondoren euskararen alde egin zen kultur jardueraren memoria batu eta zabaldu nahi da, hau da, euskararen historia soziala herritarrei helarazi.
  • Mota honetako materiala duten herritarrei lagatzeko deia egiten diete, gerra amaitu zenetik 1990era arte erabilitako materiala oso garrantzitsua baita proiektu honetarako: 943741626 edo elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus.

2022ko  udaberrian abiatu zuen Elgoibarko Udalak Euskararen Historia Soziala jasotzeko proiektua, ondarea jaso eta biltzeari dagokiona. Proiektu honen xedea da gerraosteko euskalgintzaren memoria jaso eta zabaltzea, hau da, herritarrei Elgoibarko euskararen historia sozialaren berri ematea. Horretarako, lanaren lehenengo zatian, gerraostetik 80. hamarkadara bitarte, Elgoibarren euskalgintzan egindako lanaren testigantza jaso da. 

Zeregin horretan, Udalak bidelagun izan du Badihardugu elkartea, baita Elgoibarko Izarra ere. Badihardugu elkartearen lana izan da protagonisten lekukotasuna elkarrizketen bidez jasotzea, hau da, garai horretan euskara arloan gertatutakoa protagonisten ahotik jasotzea, horrek aberasten baitu historia.

Dagoeneko, 21 herritarren testigantzak jaso ditu elkarteak. Euskalgintzako hainbat alorretan euskara sustatzeko egin duten lana da elkarrizketetan ageri dena: hezkuntzan, euskalduntze-alfabetatzean, kultur arloan –antzerkia, bertsolaritza, kantagintza, dantza– eta abar. Elkarrizketa horiek pasartez pasarte entzun eta landuko ditu Badiharduguk, eta herritarren esku jarri ahotsak.eus webgunean.

 

Ahotsaz gain, materiala

Elkarrizketak egiteaz gain, Udalak eta Elgoibarko Izarrak garai hartako materiala ere eskuratzeak proiektu honetarako duen garrantzia azpimarratu nahi dute. Horrexegatik, sasoi hartan, euskararen arloan sortu eta erabiltzen zen materiala (kartelak, esku-orriak, argazkiak, diskoak, liburuak, komikiak, ipuinak…) ere jaso nahi dituzte, horiek guztiak modu digitalean gordetzeko. Horretarako, lagatako materialen kopia digitalizatuak egingo dira, eta ondoren originalak jabeei itzuliko zaizkie.

Hori dela eta, Udalak eta Elgoibarko Izarrak herritarrei dei egiten die proiektu honetarako hain garrantzitsuak diren materialak, gerra ostetik 1990era artekoak, izanez gero, lagatzeko. Materiala jasotzearen ardura Elgoibarko Izarrak izango du, eta materiala digitalizatzearena Udalak. Hortaz,  garai horretako materialik izanez gero, Elgoibarko Izarrarekin harremanetan jartzeko deia egiten zaie herritarrei. Materiala lagatzeko elkarteak Aita Agirre kulturgunean, 3. solairuan duen bulegora hurbildu, 943741626 zenbakira telefonoz deitu, edo elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus helbidera e-maila bidali beharko da.

Bai Udalak, bai Elgoibarko Izarrak aldez aurretik eskerrak ematen dizkie materiala utzi nahi duten herritar guztiei.