Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarra elkarteak 2022rako lankidetza hitzarmena sinatu dute

Udalak 1840.000 euroko laguntza emango dio elkarteari euskararen erabilera sustatzeko ekintzak eta haurrentzako aisia hezitzaileko egitasmoa finantzatzeko.

Horrekin batera, hitzarmenaren helburua da  administrazioaren eta herri ekimenaren arteko lankidetza sendotzea eta elkarteak udalerrian egiten duen lana babestu eta bultzatzen jarraitzea.

Ane Beitiak, Elgoibarko alkateak, eta Iñaki Kondek, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea elkarteko presidenteak, bi erakundeen arteko 2022ko lankidetza hitzarmena sinatu dute. Eurekin batera, Maialen Gurrutxaga, Euskara eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen arloetako zinegotzi arduraduna, eta Elgoibarko Izarrako eta Udaleko teknikariak ere izan dira.

Ane Beitiak, Elgoibarko alkateak, adierazi duenez, “Udalak 184.000 euroko dirulaguntza emango dio aurten Elgoibarko Izarra elkarteari, betiere, 2022an zehar euskararen erabilera sustatzeko ekintzak eta haurrentzako aisia hezitzaileko egitasmoa finantzatzeko”.

Aurreko urteetan bezala, dirulaguntza hori bi udal sailetatik bideratuko da. Horrela, Udalaren Euskara sailetik 110.000 euro jasoko ditu Elgoibarko Izarrak eta Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko sailetik, berriz, 74.000 euro.

Covid-19aren pandemia garaia atzean utzi eta berriro ere hitzarmenean jasotako ekintzak berreskuratzeko pausuak emango ditu Udalak. Hori dela eta, 2021eko hitzaremnaren aldean, 24.000 euro gehiago emango dizkio Udalak Elgoibarko Izarra elkarteari.

Hitzarmena sinatu ondoren, euskara elkarteak eskerrak eman dizkio Udalari. Izan ere, Elgoibarko Izarraren ustez, “ezinbestekoa da administrazioaren eta herri ekimenaren arteko elkarlana, haurrentzako aisia hezitzaileko eskaintza osatu, eta euskara eta euskal kultura gure herrian sustatu nahi baditugu”.