Elgoibarko Udalak 13.000 euro baino gehiago bideratu ditu gazteentzako alokairurako laguntzetan 2022an

  • 5 eskabide onartu dira aurkeztutako 9 eskaeretatik. Laguntzak 1.750 € eta 3.000 €-koak dira eskatzaileko.
  • Laguntza hori jasotzeko baldintza nagusiak 18 eta 35 urte bitartean izatea, azken bi urteetan gutxienez Elgoibarren erroldatuta egotea eta inolako etxebizitzarik jabetzan ez izatea dira.
  • 2021ean 9 elgoibartar gaztek alokairurako laguntzak jaso zituzten Udalaren eskutik. Bost urtean 89 pertsonak.

Gazteek emantzipatzeko zailtasunak dituzte, hainbat arrazoirengatik, hala nola krisi ekonomikoagatik, langabezia-tasa altuagatik, lan-prekarietateagatik, etxebizitzen eta alokairuaren prezio altuagatik.

Egoera horren aurrean, eta Elgoibarko gazteen emantzipazioa sustatzeko eta independizatzeko aukera gehiago eskaintzeko, Udalak alokairurako laguntza-lerro bat jarri zuen abian 2017an, kolektibo horrentzat, etxebizitza bat alokatzeko erraztasunak emateko. Hau da dirulaguntza hau bultzatzen duen ondoz ondoko 6. urtea.

2022an 9 eskaera egin eta 5 onartu dira. Guztira 13.000 euro baino gehiago bideratu dira laguntzetara: 1.750 € eta 3.000 € eskatzaile bakoitzeko. Ordainketa hiru alditan egin da, dagozkion hilekoen ordainketak justifikatuz.

Alokairuaren hileko kuotaren zati bat diruz laguntzen da, kasu honetan, 2022ko kuotak. Hala ere, laguntza hori lortzeko, etxebizitzaren alokairuaren prezioa ezin da 600 eurotik gorakoa izan, eta hortik kanpo geratzen dira babes ofizialeko etxebizitzak, azpiauzuneak, logelen errentamenduak eta etxebizitza gisa erabilitako lokalak.

Horrela, jasotako laguntza aldatu egiten da onuradun bakoitzaren diru-sarreren arabera:

  • Diru-sarreren batura 40.000 €-tik beherakoa denean, hileko alokairu-prezioaren % 50eko dirulaguntza emango da, hilean 250 €-ko gehieneko balioarekin.
  • Diru-sarreren batura 40.000 eurotik gorakoa eta 58.000 eurotik beherakoa denean, dirulaguntza hileko alokairuaren prezioaren % 30ekoa izango da, hilean 150 €-ko gehieneko balioarekin.
    2021ean 9 elgoibartar gaztek alokairurako laguntzak jaso zituzten Udalaren eskutik; 5 urtetan, 89.

Ane Beitia alkateak Elgoibarko etorkizunerako laguntza honek duen garrantzia azpimarratu du. “Gure gazteek Elgoibarren bizitzeko eta lan egiteko aukera izatea behar eta nahi dugu. Udalak egin duen Gazteen Behar eta Emantzipazio Plana funtsezkoa izango da gure gazteekiko udal-politika ezartzeko. Pandemiak eta inflazioak are gehiago zaildu dute laneratzea eta, beraz, emantzipatzeko aukerak. Horregatik, orain inoiz baino gehiago, funtsezkoa da horrelako laguntzak bultzatzea”.