Elgoibarko Udala San Lazaron adinekoentzako etxebizitzak eraikitzeko aurreproiektua idazten hasi da

  • Errezabal egoitza-zentro berriaren obrak 2024. urtearen hasieran hasiko dira, eta San Lazaroko 48 egoiliarrak bertara lekualdatuko dira.
  • Udalak Errotu taldeari esleitu dio aurreproiektua egitea, 13.900 euro + BEZeko inbertsioarekin.
  • Ane Beitia, alkatea: “San Lazaro, Errezabalekin batera, adinekoentzako egoitza-eredu berriaren erreferentzia-gunea izango da; zaintza-zerbitzua eta gizarte-arlo aurreratua eta kalitatezkoa, pertsona bakoitzaren beharretan eta eskarietan oinarritua”.
  • Aldundia Errezabalentzat aurkeztutako enpresa bakarraren proposamena baloratzen ari da.

Elgoibarko Udala San Lazaro eraikinean adinekoentzako etxebizitzak eta hainbat erabilera egokitzeko aurreproiektua prestatzen ari da. Gaur egun, San Lazaro zerbitzu soziosanitarioetako zentro bat da, eta adinekoak artatzeko egoitza bat du. 2024. urtearen hasieran, Errezabal egoitza-zentro berria eraikitzen hastea aurreikusi da. San Lazaroko egoiliarrak zentro horretara lekualdatuko dituzte, eta eraikin horrek ez du erabilera espezifikorik izango.

San Lazaro egoitzak 48 egoitza-plaza ditu gaur egun. Solairu guztiek 2.200 m2 inguruko azalera eraikia dute sestra gainean, eta 600m2 sestra azpian, 5 solairutan banatuta.

Elgoibarko Udalak lehentasuntzat jo du San Lazaro eraikina udalerriko adinekoentzako baliabidea izaten jarraitzea. Hori dela eta, lehen planteamendu bat egin du adinekoentzako aisialdirako/sozializaziorako gune bat eta eraikinean adinekoentzako etxebizitzak egokitu ahal izateko.

“Nabarmendu behar da adinekoentzako ingurune egokiak diseinatzea, haien beharrei eta lehentasunei erantzungo dietenak, gero eta presentzia eta eragin handiagoa duen diziplina dela pertsonarengan oinarritutako arreta-ereduen diseinuan – adierazi du Ane Beitia alkateak –. Arreta-eredu horiek hasiak dira beren planteamenduen barruan onartzen pertsonak bizi diren inguruneen diseinuak eragin sakona duela haien bizi-kalitatean eta gaixotasunaren garapenean, halakorik balego, edo gaixotasunari aurre egiteko moduan. Gure adinekoek komunitatearekin lotura estua izatea nahi dugu, eta San Lazaro kokapen ezin hobea da horretarako”.

“Aldi berean, eta adinekoak gero eta askotarikoagoak direnez eta beren zahartze-prozesurako irtenbide desberdinak eskatzen dituztenez, hausnarketa sakona egiten ari gara dauden bizikidetza-ereduei eta etxebizitza-tipologia desberdinei buruz, errealitate aldakor horretara egokitzeko eta adinekoek planteatzen dituzten premia horiei erantzuteko. San Lazaro, Errezabalekin batera, adinekoentzako egoitza-eredu berriaren erreferentzia-gunea izango da. Elgoibartarrengan eragin zuzena izango du, herritarrei, hurbilen duten eremuan, zaintza-zerbitzu eta gizarte-arlo aurreratu eta kalitatezkoa eskainiz, pertsona bakoitzaren beharretan eta eskarietan oinarrituta”.

Alkateak azaldu du “lehen urratsak ematen ari gara San Lazaro nolakoa izatea nahi dugun diseinatzeko, epe ertain-luzera, gutxi gorabeherako kostuak eta gauzatze-faseak, planteamendu hori errealitate bihurtzeko”.

Udalak dagoeneko lizitatu dio aurreproiektua egitea Errotu taldeari 13.900 euro + BEZeko inbertsioarekin.


Aldundia Errezabalentzat aurkeztutako enpresaren proposamena aztertzen ari da

Errezabal egoitzaren obra eta kudeaketa egiteko lizitazioa 2022ko abenduan hasi zen. Martxoaren 7an amaitu zen eskaintzak aurkezteko epea, eta egoitza berria eraikitzeko eta kudeatzeko enpresa bat aurkeztu da. Une honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariak eskaintza hori baloratzen ari dira. Aurkeztutako proiektuak baldintza guztiak betetzen baditu, apirilaren amaierarako proposamenaren balorazioa amaitu eta udan zehar kontratua sinatzea aurreikusten da. Obraren hasiera 2024rako espero da.