Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak Mintxetako igerilekuetan izandako jarrera desegokiak salatu eta gaitzetsi ditu 

“Eskatzen dugu arduraz eta errespetuz jokatzea erabiltzaile guztiek eta zerbitzu publiko hauek guztion artean zaindu eta sustatzea” berretsi du Patronatuak.

Pasa den ekainaren 11n, larunbata, zabaldu zituen Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak Mintxetako igerilekuak eta ur parkea. Patronatuak salatu du “bost egun hauetan haur eta gazteak jarrera eta erabilera desegokia izaten ari dira igerilekuetako aldageletan eta dutxetan: instalakuntzak zikindu eta kaltetzen dituzte paper-bustiz egindako pilotak jaurtiz”.

Udal Kirol Patronatuak azaldu du “Covid-19aren pandemia baino lehen ere jarrera hauek ematen ziren, eta normaltasuna itzultzearekin batera, jarrera desegoki hauek ere bueltan dira”:

Udal Kirol Patronatuak gertakizun hauek gaitzetsi ditu, “denenak diren instalazioetan kalteak sortzen direlako eta ondorioak ekarri ditzaketelako. Horrelako jarrerek igerilekuetan jendearentzat oso eroso eta erabilgarriak diren aldagelen eta dutxen erabilera murriztea lortuko dute”.

“Eskatzen dugu arduraz eta errespetuz jokatzea erabiltzaile guztiek eta zerbitzu publiko hauek guztion artean zaindu eta sustatzea” berretsi dute Elgoibarko Udal Kirol Patronatutik.