Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak ekintza bandalikoak salatu ditu berriz ere Mintxetako igerilekuetan

Azken aste honetan, paper bustiarekin sortutako zikinkeria handitzeaz gain, Mintxetako bainugelak eta aldagelak pintadekin agertu dira.

Kiroletako Udal Patronatuak instalazioen zaintza handitu du eta erabiltzaile bati denboraldiko abonua kendu dio astebeterako.

“Erabiltzaile guztien erantzukizuna eta errespetua eta zerbitzu publiko horiek zaintzen eta sustatzen elkarrekin lan egiteko eskatzen dugu” nabarmendu du Udal Patronatuak.

Joan den larunbatean, ekainaren 11n, Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak Mintxetako igerilekuak eta ur-parkea ireki zituen. Patronatuak bost egun geroago, ekainaren 16an, salatu zuen haurrak eta gazteak jarrera desegokia izaten eta igerilekuetako aldagelak eta dutxak modu desegokian erabiltzen ari zirela: “zikindu eta kaltetu egiten dituzte instalazioak, paper bustiko pilotak jaurtiz”.

Egoerak okerrera egin du. Azken aste honetan, paper bustiarekin sortutako zikinkeria handitzeaz gain, Mintxetako bainugelak eta aldagelak pintadekin agertu dira. Instalazioak etengabe garbitzen dira, eta portaera horiek egunero errepikatzen dira.

Kiroletako Udal Patronatuak instalazioen zaintza areagotu du, eta dagoeneko astebeterako kendu dio denboraldiko abonua erabiltzaile bati, ekintza horietan parte hartzeagatik.

Kiroletako Udal Patronatuak gaitzetsi egin ditu gertakari horiek, “erantzukizuna eta errespetua eskatzen diegu erabiltzaile guztiei eta elkarrekin lan egin dezagula zerbitzu publiko horiek zaintzen eta sustatzen”.