Elgoibarko Udal Gobernuak 2023rako proposatu du 19.270.000 euroko aurrekontua herritarren babesa, King Kong zubia, Urazandiko biala eta trantsizio energetikoa izanik ardatz

  • 2022koarekin alderatuta %8,85eko igoera izango du, milioi eta erdi gehiago. Inbertsioetan, King Kong zubiaren eraberritzearekin eta Urazandiko bialarekin  batera, nabarmentzen dira Arriaga poligonoaren berroneratzeko azken fasea edota Usetxe kaleko eskolen eraisketa.

Elgoibarko Udal Gobernuak 2023ko aurrekontu proposamena aurkeztu du: 19.269.123,90 eurokoa izango da. 2022koarekin alderatuta %8,85eko igoera izango du. Elgoibarko Udalaren helburu nagusiak bi dira: herritarren ongizatea bermatu eta bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko pausuak ematea, eta bestetik, herri aurreratua eraikitzen jarraitzea, bai alor sozialean, ekonomikoan zein jasangarrian, zerbitzu oro mantendu eta hobetuz.

Gehikuntza, bereziki, diru-sarreretan (diru-laguntzak zein Foru Funtsaren ekarpena) eta inbertsioen atalean ematen da. Gastuak aldiz gora egingo dute, bereziki pertsonal gastuei, hornidura gastuei eta zerbitzuen eta kontratuen kostuei dagokienean.  Honela banatzen da:

  • Pertsonal edo langileen gastua: 5.196.384,62€ (%26,958)
  • Gastu arruntak: 8.196.384,62€ (%43,658)
  • Interesak: 7.000€  (%0,0363)
  • Transferentziak (dirulaguntzak): 2.911.921,42€ (%15,112)
  • Inbertsioak: 2.690.297,90€ (%13,962)
  • Finantza aktiboak: 51.000€ (%0,264)          

Ane Beitia alkateak, Atsegin Uzuriaga Ogasun zinegotziak eta Ariana Nogales Pertsonaleko zinegotziak aurkeztu dute 2023ko aurrekontu-proiektuaren proposamena: “herritarrak babestu eta Elgoibarren garapen integrala dute helburu, ausartak dira, baina ziurgabetasun handiko une bati erantzuteko landu ditugu zuhurtzia osoz. Pandemia, Errusiak bultzatutako Ukrainaren inbasioa, inflazioa… herri bezala zuzenki eragiten digute, eta aurrekontu honek egoera horien aurrean babesteko neurriak jasotzen ditu: elgoibartarrak dira erdigune eta beren onura eta ongizatea du helburu nagusi”.

Beitiak azaldu zu ziklo bat borobiltzen duten aurrekontuak direla: “ziklo bat itxi eta aro berri bat zabaltzen dute. Gizarte zerbitzuak eta sustapen ekonomikoa bultzatzeko ekimen eta proiektuak indartu dira, eta proiektu estrategikoei bidea eman: hala nola, Arriaga industriagunearen birmoldaketa amaitzen dugu, King Kong zubiaren eraberritzea hartzen du bere baitan, trantsizio energetikoan LED sistemadun luminarien ezarpenarekin egiten du nabarmen aurrera edota plaka fotovoltaikoen sustapena, kirol azpiegitura eraiki berrien martxa bermatzen du, kulturaren aldeko apustua, Errotaberri edo Urazandiko igogailu sistemak, gizarte zerbitzuei eman diegun bultzadarekin jarraitzen du Eguneko Zentroaren eskaintza-zabalpenarekin… asko dira eredu. Ziklo oso aberasgarria proiektuei erreparatuz, zaila ere kontestuagatik, baina Elgoibar hobe bat egin dugu, eta jarraituko dugu egiten. Proiektu ugariren idazketari egiten die bide aurrekontu honek, Eskola zaharren eraisketak esaterako, edota Errezabal zaharren egoitza berria edo anbulatorio berria. Ziklo bat borobildu du, baina 2023ko aurrekontuak Elgoibar berri bati emango dio bidea, bereziki gizarte ongizatearen alorrean edota irisgarritasun eta herriko gune ugariren berroneratzean”.

Udalaren estrukturari erreparatuz, honela banatzen da aurrekontua:

  • 6.350.136,87€ (32,95) Herritartasuna atalera: sustapen ekonomikoa, bizikidetza, parte-hartzea, Lagunkoia eta obra ugari.
  • 7.762.570,15€ (40,29) Lurralde atalera: Hirigintza eta lan guztiak herritartasuneko obrak kenduta.
  • 5.156.416,88€ (%26,76) Antolakuntza: udal sailak.

2023an Udalak ez du tasa eta zergarik igo: “Udalaren finantza egoera onak Covid-19aren pandemian babes neurri garrantzitsuak abian jartzea ahalbidetu zigun; 2023an, herritar zaurgarrienei prezioen gorakadari aurre egiteko laguntzak indartu ditugu. Diru publikoaren kudeaketa zuhurra baina ausarta gauzatzen ari gara”.

 

Inbertsioetara ia 2.691.000 euro bideratuko dira, herri atseginagoa eta irisgarriagoa eskaintzeko

Inbertsio estrategikoak garatuko ditu aurten ere Elgoibarko Udalak, herri irisgarri eta azpiegitura eta zerbitzu egokiak eskaintzeko elgoibartarrei. 2.690.297 euro guztira. Honakoak dira inbertsio nagusiak:

  • King-Kong zubiko lehen fasea – 870.000€ 
  • Urazandiko biala – 350.000€ 
  • Usetxe kaleko eskolen erainsketa – 350.000€ 
  • Arriaga poligonoaren 3. Fasea – 350.000€ 
  • EKIOLA (Trantsizio energetikorako eguzki kooperatiba) – 40.000€ eta 60.000€ Olaizagan plaka fotoboltaikoak jartzeko
  • Kaleen konponketa eta urbanizazioa – 200.000€, kaleen asfaltatu eta espaloien berrikuntzarekin jarraitzeko
  • Landa gunean egiteko inbertsioak – 180.0000€
  • Igogailu eta eskailera mekanikoetan hobekuntzak – 85.000€
  • Hiri altzariak erosi eta berriztea – 75.000€
  • Jolas parketan inbertsioak – 20.000€
  • Teknologia berriak – 39.200€

 

 

Gizarte ongizatea, %7,6 gora

Gizarte Ongizatea bermatzera bideratuko da aurrekontuaren %7,6 egingo du gora, 1.788.804,23€. Bereziki abian jarri berri den Eguneko Zentroaren (442.404,80€) asteburuetako zerbitzua eta  mendekotasuna duten edo arriskuan dauden adinekoentzat Autonomia Sustatzeko Zentro berria dira berritasunak aurrekontuan. Mantentze dira elkarteei bideratutako diru-laguntzak, etxez-etxeko laguntza zerbitzua (340.679€), gizarte larrialdietarako laguntzak (200.000€), pertsona nagusiei loturiko programak, bazterkeria egoerei loturiko aktuazioak edota osasun programak.

Alkateak azaldu eran, “gizarte kohesioa bermatzea dugu jomuga, laguntza eta programa sozial oro mantenduz eta beharra izanez gero, horiek handitzeko konpromisoarekin”.

 

Sustapen ekonomikoa ere giltzarri

Sustapen ekonomikoko sailak ia %20ko igoera izango du 2023an, guztira 330.399,93 euro. Nabarmentzekoak bertan AIZU ostalari elkartearekin sinatuko den hitzarmena, 20.000 euroko laguntzarekin (iaz lehen hitzarmena sinatu zen 5.000 euroko partidarekin).

Bestalde, merkataritzak ere pisu garrantzitsua izango du eta %59 haziko da aurrekontua, 50.000 eurotara igoz. 

 

Elgoibar berdeagoa egiteko bidea lantzen

Udalak hainbat eta hainbat ekimen bultzatzen dihardu Elgoibarren trantsizio energetikoa bultzatzeko: “argiteria publikoa LED sistemaduna bihurtzeko lanak (230.000€. 2023an), eraikin publikoak jasangarriago egiteko pausu berriak (plaka fotovoltaikoen ezarpena udal eraikinetan 60.000€), energia berriztagarrien aldeko hobariak, EKIOLA energia kooperatiba abian jartzeko pausuak emango dira (40.000€ 2023an), eta jarraitzen dugu tinko bide horretan, baliabideen kontsumo arduratsua bultzatzeko, gure herria eta lurra jasangarriago bilakatuz. Horretaz gain, 2023rako bukatuta egongo dira Urruzunoko parke berdearen obrak, herritarren eskura beste parke berde zabal bat eta ortuak eskura jarriz.

 

Kulturaz eta kirolez blai

Kulturak garai zailak bizi izan ditu azken bi urteetan Covid-19aren ondorioz, baina Udalak apustu berezia egingo du, kultura suspertu eta kaleak berriz ere kolorez eta doinuz betetzeko. Sailaren aurrekontuak %15,15 egingo du gora, guztira 1.082.251,54€. Nabarmentzekoa auzoetako jaien partida. Iaz hirukoiztu egin zen eta aurten ere mantendu egiten da auzoetako jaiak sustatzeko.

Elgoibarko Udal kirol Patronatuari egiten zaion ekarpenak ere gorakada nabarmena izango du datorren urtean: %26,26 gehiago, 1.144.800 euro.

2021eko irailean Olaizagako Kiroldegiaren zabalpena bukatu zen. Bertako berrikuntza handiena 8 kaleko pistina berria izan da, baita aldagelak ere. Handitze honek mantenimendu gastuak igo ditu, gastuen aurtengo igoeraz gain. Hori, tasa eta zergen izoztearekin bat, da aurrekontu igoeraren arrazoia. 

 

Herria, herritarrekin bat

Udalak herriko elkarte, eragile eta erakunde ezberdinei ematen zaizkien diru-laguntza guztiak areagotu ditu: Gizarte zerbitzuak, Kultur laguntzak, Euskara alorreko eragileak, herri hedabideak, berdintasuna edota hezkuntza, esaterako.

Gazteei begira ere etxebizitzaren inguruan Udala lantzen ari den diagnostikotik eratorritako neurriak abian jartzeko diru-poltsa mantendu du. 2022an amaituko den 2023-27 Emantzipazio Planak gidatuko ditu hurrengo pausuak.

Gazteek etxebizitzen alokairurako gastuak ordaintzen laguntzeko dirulaguntzak (30.000€) mantenduko dira eta etxebizitzen hobekuntzak (igogailu, fatxada…) egiteko 120.000€ egongo dira.

Horrez gain, merkataritza eta ostalaritza bultzatzen jarraitzeko helburuz, sustapen kanpainak mantenduko dira, eta negozio berriak zabaltzeko diru-laguntza lerro berri bat jarriko da abian.

 

Udalean ordezkaritza duten alderdiekin proposamena lantzeko tartea

Udal Gobernuak aurrekontu-proposamena udalean ordezkaritza duten alderdi guztiei helarazi zien azaroaren 4an eta Antolakuntza Batzordean garatuko da behin-betiko proposamena hainbat bileretan. Udalaren helburua azaroaren 30eko Osoko Bilkuran 2023ko aurrekontua onartzea da.