Elgoibarko jatorri askotariko herritarren bizipen linguistikoak eta euskararekiko dituzten pertzepzioak jasoko ditu Gotzon Garate bekaren IV. edizioak

Elgoibarren bizi diren jatorri atzerritarreko pertsonek euskararekiko dituzten pertzepzioak aztertu eta hizkuntz integrazioan laguntzeko alorrak identifikatzea izango da jomuga.

Bekaren esleipendunak Saioa Iraola Urkiola eta Ekhine Eizagirre Zubiaurre izan dira, 10.000 euroko dirulaguntza izango dute eta 8 hilabete izango dituzte lana bukatzeko.

Elgoibarko Udalak esleitu berri du Gotzon Garate izeneko beka. Aurtengoa laugarren deialdia izan da, eta beka hori Elgoibarko Udalak sortu zuen 2009. urtean, euskara arloko ikerketa sustatu, eta aldi berean, idazle eta euskaralari elgoibartarra omentzeko xedez.

Beka horren lehenengo deialdian, 2009an, ikerketa gaia Elgoibarko Toponimia izan zen. Bigarren deialdian, 2014an, bekaren helburua Elgoibarko euskarazko ondarea gizarteratzeko egitasmoak edota euskarriak proposatzea izan zen, eta horren emaitza izan zen www.elgoibarreraz.eus ataria. Azkenik, hirugarren deialdiko gaia, Gotzon Garateren oroimenez, Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak, 2009an hasita, elkarlanean antolaturiko “Euskara ala Ezkara” zikloek emandakoa jaso, aztertu eta gizarteratzeko lan-plana izan zen, eta horren emaitza izan zen www.euskaraalaezkara.eus ataria.

Aurtengo beka deialdiari loturiko ikerketa gaia, bestalde, “Hizkuntza aniztasuna Elgoibarren: jatorri atzerritarreko bizilagunak eta euskara” izan da, eta bekaren helburua, berriz, Elgoibarren bizi diren jatorri atzerritarreko pertsonek euskararekiko eta euskal kulturarekiko dituzten pertzepzioak aztertzea eta hizkuntz integrazioan laguntzeko, etorkizunean egin litekeen esku-hartzean kontuan hartu beharreko gakoak identifikatzea.

Ikerketa proiektuaren izenburua da “Elgoibarko jatorri askotariko herritarren bizipen linguistikoak eta euskararekiko dituzten pertzepzioak”, eta bekaren esleipendunak Saioa Iraola Urkiola eta Ekhine Eizagirre Zubiaurre izan dira.

Beka honek 10.000 euroko dirulaguntza izango du eta bekadunek 8 hilabete izango dute lana bukatzeko.

« »