Elgoibarko Herri Eskolako kanpo espazioaren transformatze bidean, haur parke berri bat eraiki da patioan

  • Lehen Hezkuntzako jolastokian natur-parke berri bat sortu da. Udalak finantzatu du lana eta aurrekontua 15.876,1 eurokoa izan da, BEZ barne. 
  • Elgoibarko Kalamua Guraso Elkarteak bultzatzen duen kanpo espazioaren transformazio prozesuaren baitan kokatzen da aktuazioa. 

Gizarte aurrerakoi eta iraunkor bat lortzeko asmoz, Elgoibarko Kalamua Guraso Elkartea lanean dihardu auzolanean; seme-alaben ongizatea, kalitatezko hezkuntza, hezkidetza, inklusioa eta gizarte kohesioa sustatzeko. Elgoibarko Udala bidelagun du prozesu horretan.

Guraso elkartetik nabarmendu dutenez, “haurrentzat jolasa ezinbesteko beharra da eta gizakiaren garapenerako motorra. Jolasak gorputza eta zentzumenak garatzen ditu, adimenaren garapena suspertzen du, komunikazioa eta sozializazio prozesuak indartzen ditu eta garapen emozionala baimentzen du. Hau da, umeak bere garapen integrala jolasaren bitartez egingo du. Hori dela eta, komunitate osoarentzat, jolasaren garapena bultzatzen duen gune aproposa garatu nahi izan dugu”.

Bide horretan, Herri Eskolako kanpo espazioa transformatu da, helburu izanik espazio anitza bilatzea, espazioan erabilera ekitatiboa bermatzea, bizikidetza, inklusioa eta errespetua sustatzen duen gunea diseinatzea eta sortzea, natura lehenestea, eta umeen jolasa, eta ondorioz, haien osasun fisikoa, psikikoa eta soziala babestea. Prozesua elkarlanean garatu dute Hezkuntza komunitate osoak eta Elgoibarko Udalak. 

Prozesua 2019an abiatu zen. Proiektuak gune ezberdinak ditu aipatutako helburuak lortze aldera: Haur Hezkuntzako jolastokian, jada burutu zen hiru gune berriren sorrera:  gune artistikoa, natur  gunea eta mugimendu gunea. Lehen Hezkuntzako jolastokian, berriz, 4 gune planteatu dira: gune artistikoa, gune sinbolikoa, natur  gunea (jada egina) eta mugimendu gunea. 

Hain zuzen, Lehen Hezkuntzako jolastokian garatu da azken aktuazioa uda honetan, natur-parke berri bat sortuz, haurrak oporretan zirela aprobetxatuz: eremua txukundu da, hormak egokituz eta zoru berria ezarriz. Egurrezko trabesez osatutako eskailera eta zintarriak ezarri dira, egurrezko egitura duen graderioa, eserleku berriak eta soka egitura ugari. Udalak finantzatu du lana eta aurrekontua 15.876,1 eurokoa izan da, BEZ barne.