Elgoibarko Eskola Agenda 21 2023ko Osoko Bilkura txikian ikasturtean zehar energiaren inguruan egindako lanketa eta proposamenak plazaratu dituzte ikasleek

  • Udalak ikastetxeen proposamen guztiak aztertu eta lankidetzan jarduteko konpromisoa hartu du. 

Elgoibar Ikastolako, Herri Eskolako, Arreiturre Institutuko, Mekako eta IMHko ikasleak izan dira Eskola Agenda 21eko 2023ko Osoko Bilkura Txikiko protagonistak ostegun honetan, maiatzak 18.

Ikasturtean zehar ikasleek hainbat lan egin dituzte aurtengo programaren gai nagusiarekin lotuta, energiarekin, alegia. Udalak eta ikastetxeek lankidetzan jardun dute programa honen garapenean eta urteko lanaren emaitza plazaratu dute Udalbatza aretoan ikasleek. 

Ikasleekin batera, Ane Beitia alkateak eta Iosu Arraiz Hirigintza zinegotziak parte hartu dute.

 

Elgoibar BHI 2. DBH mailako ikasleek honako ekintzak burutu dituzte: TERRACYCLE programari jarraipena eman diote hondakinak (boligrafoak, typex…) jasoz; urmaelaren eraiketan parte hartu dute; Baratza proiektuarekin jarraitu dute berritze lanak eginez: sendabelarren txokoa, mahaiak…; ikastetxean energiari buruzko sentsibilizazio plana jarri dute abian; eta Zaporeak proiektuarentzat janari bilketarekin bat egin zuten. 

Proposatu dute kanpaina bat abian jartzea komunitate energetikoak sustatzeko; errekan poleak jartzea elektrizitatea sortzeko; eta kaleko faroletan led argiak jartzea sentsoreekin, eta beharrezkoak ez direnak kentzea. 

Elgoibarko Herri Eskolako 5. Mailako ikasleek honako ekintzak burutu dituzte: eko-ordezkariekin bilerak egin dituzte, ekintzak proposatu eta bozkatuz eta informazioa eskolan zabalduz; energiaren inguruko kartelak jarri dituzte, txoko berdea antolatu dute, energiaren inguruko asmakizunak egin dituzte, argiteriaren diagnostikoa egin dute, energiaren proiektua garatu dute eta eskolako energia kontsumoaren inguruko diagnostikoa ere garatu dute. 

Proposatu dute Udalak herriko saltokiei, herritarrei eta enpresei laguntzak eskaintzea energia berriztagarriak jartzeko, argiteriaren mantentze lanak ugariago egitea, eta animali gautarrak babesteko jende gutxi dabilen lekuetan argiteria sentsoreekin jartzea. 

Elgoibarko Ikastolako DBH 1 mailako ikasleek, berriz, Irakurzazu egunean, hilabeteko azkenengo ostiralean, energiari lotutako irakurgaiak irakurri dituzte; eta energia tailerretan parte hartu dute energia iturri berriztagarriak ezagutuz eta horiek erabiliz eurek egindako maketetan. 

Proposatu dute Udalak ahal den tokietan eguzki plakak jartzea, kotxe elektrikoen postuetan kargadore gehiago jartzea, argiterian eguzki plakak jartzea. 

Ikastetxe guztiek elkarlanean proposatu dute kalean bizikletak alokairuan jarri eta propaganda egiteko kartelak sortzea ikastetxeekin elkarlanean. 

Udalak ikastetxeen proposamen guztiak aztertu eta lankidetzan jarduteko konpromisoa hartu du. 

Aurreko urtean Elgoibarko ikasleek egindako ekarpenen inguruan jardun du ere Udalak, adieraziz hainbat jada abian edo gauzatuta zeudela, hala nola: Urazandi eta herriko basoetan landare eta animalien izenak ezagutzeko kartelak jartzea, gure berde gehiago bultzatzea herrian araudi eta zakarrontzi egokiekin, baso bideak zaintzea eta jokabide egokiak bultzatzea, Zuhaitz Egunean parte hartzea edota baratze guneak eskaintzea (ekainean Karkizanoko parke berrian).