Elgoibarklikek herriko saltokietako elikagaien salmenta bultzatuko du Whatsapp bidez, janarien xahutzea ekidinez

  • Ekimen berria urrian jarriko da abian, elikagai-denda gutxi batzuekin, proba formatuan. Izena emateko epea irailaren 26ra arte egongo da zabalik: info@elgoibarklik.eus edo 688 823 944.
  • Ane Beitia, Elgoibarko alkatea: “helburua elikadura alferrik galtzea saihestea eta merkataritza iraunkorragoa bultzatzea da, aldi berean, saltokiei zein bezeroei komunikazio eta negozio bide berriak ematea”.

Elgoibarko Udalak, Elgoibarklik plataformaren bidez, eta Dendartean elkartearekin lankidetzan, bultzada berri bat emango dio tokiko saltokiaren salmenta digitalari, Whatsapp kanala abian jarriz, elikagaiak online saltzeko. Era berean, elikadura alferrik ez galtzeko neurriak hartuko dira, Too Good To Go mugimendura atxikiz, munduan elikagaiak alferrik galtzearen aurka borrokatzen duen app handiena.

Ekimen berria urrian jarriko da abian Elgoibarko elikadura denda txiki batzuekin, proba formatuan. 10 saltokik parte hartu ahal izango dute fase pilotu honetan, Elgoibarklikera atxikitako saltokiek zein parte-hartzaile berriek. Izena emateko epea irailaren 26ra arte egongo da zabalik (26a barne), eta info@elgoibarklik.eus helbidean edo 688 823 944 telefonora deituta egin ahal izango da.

Elgoibarkliketik prestakuntza espezifikoa eskainiko zaie saltokiei Whatsapp Business eta Too Good To Go aplikazioei buruz, eta laguntza zerbitzua ezartzeko eta martxan jartzeko prozesu osoan. Gainera, Elgoibarklik plataformako saltokien negozio-bide berria sustatzeko marketin-kanpaina bat garatuko da.

Ane Beitia Elgoibarko alkateak zehaztu duenez, “helburua elikagaiak alferrik galtzea saihestea eta merkataritza iraunkorragoa bultzatzea da, era berean, saltokiei zein bezeroei komunikazio- eta negozio-bide berriak ematea. Ekimen berritzailea da, eta, gainera, etorkizunean izango den Elikagaien Galeren eta Xahutzearen Prebentzioari buruzko Legeari aurrea hartzen dio. Lege horrek aldaketak arautuko ditu arlo horretan.