Makina-Erremintaren Museoa (IMH)
Elgoibar bere antzinako tradizio industrialarengatik da ezaguna, “Elgoibar de las Ferrerías a la Máquina Herramienta” (1996) liburuak baieztatzen duen bezala, Luis Mari Ecenarro Osoro apaiz elgoibartarrak idatzia. Gaur egun, nazio-mailako makina-erreminta ekoizle nagusia da, mundu osoan aintzat hartua.
Gure historia industriala eta bertako protagonista izan ziren gizon-emakumeak gogora ekartzeko nahiari erantzunez, 1998/12/16an Makina-erremintaren museoa inauguratu zen.
Museo industrialaren kontzeptu berri bat eskaintzen dugu. Museo “bizia” da eta bertan, gure aitzindariek egindako makina-erreminta adierazgarrienak daude, esaterako: tornu paraleloak, fresatzaileak, zulagailuak, arrabotak etab. Horiek guztiak martxan daude, eta XIX.mende erdialdeko gure eskualdeko mekanizazio-tailer bateko giroa zintzoki erreproduzitzen dute.
Museo honek Gipuzkoako egoera industrialaren barruan eredu bakar bat osatzen du, izan ere, eskualdeko sektore industrial adierazgarrienaren hastapenak erakusten ditu, “makina-erreminta”, zeina teknologia berrien eragilea den.

MUSEOAREN HISTORIA
“Makina erreminta museoa” egiteko ideia 1982an sortu zen, azken urteetan elektronikaren eta informatikaren garapenaren ondorioz gertatzen ari zen iraultza industrial berriaz jabetu ginenean. Horrek makineria-parkea berritzera behartzen zuen, izan ere, XIX. mendean eta XX. mendeko zati batean zehar garatutako ereduei erantzuten zien eta laster historia hutsa izatera igaroko ziren.
Gure aitzindariek egindako makina-erreminta adierazgarrienen ereduak berreskuratzearekin, gure herrialdearentzat izango lukeen garrantziaz konturatu ginen. Gure ustez, balio izugarria duen Ondare Industriala ordezkatu dezakete eta agian, museo espezializatu baten oinarria izan litezke. 1994 eta 1998 artean, batzorde tekniko baten laguntzari esker, museoa sortzeko lehenengo urratsak eman ziren eta azkenean, 1998ko abenduaren 16an inauguratu zen.



MUSEOAREN GUNEAK
Mekanizazio-tailerra
Museoak 420 metro karratuko azalera erabilgarria dauka eta hiru nabetan banatuta dago. Nabe nagusian, XIX. mende amaierako mekanizazio-tailer baten erreprodukzioa dago. Eskuinaldeko nabean, Erdi Aroko gela dago eta ezkerreko nabean Patxi Aldabaldetrecu gela.
Nabe nagusiak edo mekanizazio-tailerrak, bi isuriko estalkia dauka, egurrezko bi zinbria deigarrirekin eutsita; horietatik euskarriak eta ardatz eragileak zintzilikatzen dira, euren polea eta uhalekin. Transmisio-sistema hori motor elektriko baten bitartez jartzen da martxan. Aipatu motorra, uhal baten bidez, ardatz zentralera lotuta dago, zeina transmisio-sistema beraren bidez (poleak eta uhalak), bigarren mailako bi ardatzi lotuta dagoen. Transmisio-sistema horren bitartez, gure aitzindariek egindako makina-erreminten modelo adierazgarrienak funtzionamenduan ikus ditzakegu, esaterako, tornuak, zulagailuak, fresatzaileak, eskuilak, zerrak, etab. Transmisio-sistema honi esker, fabrikazio-prozesuak, deskribapen teknikoak eta txirbil-harroketaren bidezko mekanizazioaren adibide praktikoak ikusteko aukera paregabea dugu.
Erdi aroko aretoa
Gela honetan, errementeria bat ikus dezakegu, harri-hormako sutegi eta guzti, ohikoa gure eskualdean, eta instalazio hauetan erabilitako tresna guztiez osatua, besteak beste: ingudeak, kurrikak, mailuak, etab. Hainbat produktu fabrikatzeko erabiltzen zituzten, hala nola, ferrak, burdin-sareak, iltzeak, nekazaritza-tresnak, armak eta sukaldeko eguneroko tresnak. Funts horiek guztiak Elgoibarko Ibarlucea familiaren errementeriatik berreskuratu ziren, 1983. urteko udara arte funtzionatu zuena.
Gure errementerietan egiten ziren “agoa” lagin semi-metaliko bat ikus daiteke.
Patxi Aldabaldetrecu aretoa
Gela honek Elgoibarko Makina-erremintaren Museoko lehenengo presidentearen izena dauka.
Erakusketak gure industria-tradizioaren eta Estarta y Ecenarro enpresaren ibilbide historiko bat egiten du. Gela honetan, enpresa elgoibartarraren hainbat Sigma josteko makina daude erakusgai. Nazio-mailako eta nazioarteko josteko-makinak ere ikus daitezke, esaterako, Alfa, Singer, Titania Kay & Co.