Elgoibarko Historia Laburra

 Elgoibarko Historia Laburra

Armarriaren deskribapena:Hiribilduko armarria Errege-erregin Katolikoen garaikoa da. Bertan, gaztelu bat eta Olasotarren armarritik hartutako hiru panela (hostoak) ikus daitezke, azken hauek Ganboatarren sinboloak ziren. Kanpoko dekorazioa eta armarriaren osagarria, alboetan bi lehoiek moldatzen dute eta hauen azpian ahari burua albo banatan kainoi banarekin. Apainketari kasket batez bukaera ematen zaio gainaldean, hau akanto hostoez eta lumez.

Elgoibarko hirigutuna

Elgoibarko Historia Laburra 02
Elgoibarko Historia Laburra 01

Villamayor de Markina sortu baino lehenagoko garaia J. Elorzak “Villamayor de Marquina”, Elgoibar deitua… XIII-XVI. mendeak, idatzitako liburutik hartu dugu informazioa atal hau idazteko.
Elgoibar hiribildua sortu baino lehen mugakide ziren Eibar eta Soraluze/Plazentziako populazioekin batera Markina Goikoa edo “Suso” lurraldera atxikiak zeuden. Aldiz, gaurko Markina (Bizkaia) Markina behekoa edo yusora atxikia zegoen. Beraz, ez da kasualitatea gure herria sortu zenean deitura hori jartzea: Markina, eta gainera, hiribildu nagusia –villamayor- erasten zaio, Elgoibar zelako nagusiena Markina Goikoako hiribilduen artean.

Markina hitzak “marka” edo muga txikia esan nahi du, antzinagotik Durango aldea erdigune zuen eliz-muga batekin, eta Goi Erdi Aroan zituena sustraiak. Iturri erromatarrek aipatu zuten lurralde hau antzinarotik karistiarrek eta barduliarrek okupatu zutela eta Deba ibaia zehaztu zuten bi leinuen muga. Halaber, hemengo euskalkiak mugakidetasun hori adierazten du; horrela, Debabarreneko euskalkia mendebaldeko edo bizkaierazko barietatean murgiltzen da, ekialdera duen gipuzkerarekin euskalki-muga eginez.

Markina bikariotza zen eliz-antolamendu horretan, Tabirako artzapezgo barruan zegoen eta baita Calahorra-La Calzadako elizbarrutian ere. Egitura hau 1862ra arte iraun zuen.

Markina goiko edo suso lurraldeak izan zuen ere bere antolamendu politikoa: 1292an, Joan Lopez Ganboakoa, Olasoko jauna, aipatzen dute Markina entitate honetako alkate zela, eta 1345ean, Ihoan Perez de Balibar, Markina goikoako alkate zela ere dokumentatuta dago. Azken kasu honetan, aipatzen da, alkateaz gain, gure bailarako biztanleek Kontseilu (concilium) edo auzo-batzarra ere izan zutela.

Villamayor de Marquina hiribidu berria 1346ko abenduaren 20an fundatu zuten, eta, azpimarratu behar da Deba barreneko entitate handienetakoa izan arren azkena izan zela hiri-gutuna lortzen, izan ere, Mutriku 1209an eratua baitzegoen, Deba 1294an (gaurko Itziarren) eta 1343an (itsasotik hurbil), Soraluze-Plazentzia 1343an eta Eibar 1346ko otsailaren 5ean, hurrenez hurren.