Hiri gutunaren testua

HIRI-GUTUNAREN TESTUA
Gutun hau ikusten duten guztiek jakin bezate, nik, Don Alonsok, Jainkoaren graziaz, Gaztelako, Toledoko, Leongo, Galiziako, Cordobako, Murtziako, Jaengo, Algarbeko erregek eta Molinako jaunak. Markinako eta Mendaroko altonen-seme
gizon onek eta nekazariek jakinarazi zidaten, eurak mendietan eta lugorrietan barreiaturik daudenez gizon batzuek kalte eta min handiak egiten zizkietela, eta, lurralde horretako aitonen-seme eta gainontzeko gizonak babestuak izan zitezen, nire Olaso monastegikoa den Elgoibar deituriko eremuan herri bat egin eta jendeztatu eta inguratu nahi zutela nire zerbitzuan bizi izateko, aipatutako monastegiari kalterik egin gabe, aitzitik, eskubide eta jabetza guztiak ordainduko dizkiote monastegian. Herria egin nahi duteneko eremuak hemen aipatutako mugak ditu:
Basarte errekastotik gora, Uarroa errekastoraino eta Uarroa errekastotik, Lafarmendi errege-bideraino, eta behetik Basarte errekastoraino, nire monastegiari dagozkion muga hauen baitan hutsik dagoen guztia barne dela.
Eta nik, nire zeregina denez, eurei on eta mesede egitearren, eta, lurralde horretan bizi direnak babestuak izan daitezen, ontzat hartzen dut eremu hori ematea, mugatu denaren arabera, aipatutako herria egin dezaten. Eta gure zerbitzurako egokien irizten dioten moduan hesiz eta dorrez ingura dezatela, eta Villa Maior de Marquina delako izena izan dezala. Gainera ontzat hartzen dut, Mondragoekoek bezala, Logroñoko forua izan dezatela, eta bertako auzokideek eta biztanleek urtero alkateak eta ofizialak izenda ditzatela, eta beste gauza guztietarako foru hori erabil dezatela.
Halaber eurak eta euren lurretan dagoen guztia herri horretako alkateek epai dezatela. Eta herri hori jendeztatu nahi duten aitonen-semeen eta bestelakoen mendiak mugapeak eta larreak ematen dizkiet herria egin dezaten: Lasaldeko uretatik gora Pagaolazaraino, eta, Pagaolazatik Larraskandako arkaitzeraino, eta hemendik gora Orendaingo sororaino, eta hemendik Usalbakeraino, eta Usalbaketik Madariagako Madariaga Suerteraino, eta hemendik Luberiagaraino, eta Luberiagatik Sarrugarateko arkaitzeraino, eta Sarrugaratetik Nazalaineraino eta hemendik Mabalzagaraino, eta Mabatzagatik Saturioraino, eta hemendik Almaraineraino, eta Almaraindik Mintegietako lurretaraino, eta Garaiguren errekastotik gora Subidineraino, eta Subidinetik Urkaraineraino, eta Urkaraindik Lugarineraino, eta hemendik Arranoateraino, eta Arrano atetik Sarasuaraino, eta hemendik Lizaranzuraino. Eta niretzat izan daitezela bertako urre eta zilar mehatzeak, eta, bertan egiten diren burdinolak. Horrela bada, ez diezaiotela herrikoen burdinola eta soroei kalterik egin, ezta, orain arte irabazitakoa kontuan izanik, inguruko burdinolei ere, eta, jendeztatzeko agindua ematen diegun herriei eta Gipuzkoan jendeztatzen diren herriei ere ez. Eta niretzat eta nire Olaso demonastegiarentzat hamarrenak, lurperaketengatik ordaindu beharreko zergak, opalkuntzak, hasikinak, eta gure monastegiarenak diren etxeak eta errotak, eraitsitakoak edo zutik dirautenak, finka ditzatela, eta aipatutako monastegiak erdi bana edo beste edozein eratan-mugatuta dagoenaren arabera- jendeztatu beharreko zelalaikoen oinordeko direnekin edo izango direnekin batera dituzten sagastiak. Eta nire gutun honen bidez defendatu egiten du inork ez diezaiola nire agindupeko mendi, mugape eta landetan herri hau eraikitzeari aurre egin edo oztoporik jami, bestela herri hau egitea ontzat eman dugun bakoitzari txanpon berriko mila maraiko zigor ordain diezaiola agintzen dut. Eta ontzat ematen dut herri hori egin eta jendeztatu dadila, hesiz eta dorrea ingura dadila, Logroñoko forua izan dezala eta, aipatutako mendiak, mugapeak eta landak izan ditzala.
Horrela bada, nire berunezko zigilua ezarri diot gutun honi, eta, gutun hau irakrri ondoren, gutun hau ematen dut, Errege-Hirian milla hirurehun eta laurogeita lauko urteko aroareren abenduaren hogeisn.
Nik, Sancho Mudarrak idatzi dut gutun hau Juan Estebanes erregeren aginduz.

 

 ZER DEN HIRI-GUTUNA

Hiri-gutun bat –latinetik, chartae populationis- Erdi Aroan agintari batek (errege, elizgizon edo jaun batek) lurralde bateko biztanleei hiri-kokalekua eraikitzeko emandako agiri berezia da. 

Gure eskualdeko herri-gune berri hauetan finkatu ziren pertsonen jatorria, nagusiki, ingurune hurbileko baserrietan bizi ziren giza soberakinak izan ziren. Baina batzuetan baita beste toki batzuetatik ere etorritakoak atxiki ziren herri berrira.

Hiri-gutunean, agiri juridiko eta administratibo den aldetik, jasotzen dira arau orokorrak, biztanle berriek edo geroago bizi izatera joango direnek konplitu behar dituztenak: betebeharrak, zerga-salbuespenak, pribilegioak, foruak, eta abar.

Biztanleriaren gutunek arau horiek batzen dituzte azaletik eta, gehienetan, foru zabalago batera zuzentzen dute, non arazo juridiko guztiak gehitzen diren

 

ELGOIBARKO HIRI-GUTUNAREN BEREZITASUNAK:

  1. Sakabanatuta (mendi eta lur lauan) bizi ziren biztanleek eskatu ohi zuten, jende boteretsuak ematen zien kalteengatik.
  2. Hauengandik babesteko harresiz inguratu edo hesitutako hiribildu bat eraikitzea erabaki zuten.
  3. Erregeak haien eskabideak onartu egin zituen, Logroñoko forua emanaz horretarako “según que lo han los de Mondragón” hau da, Arrasate Deba harroko hiribildu zaharrena zenez.
  4. Eskubideen gutun honen bidez hiribildua gobernatuko duten alkate eta ofizialak urtero izendatzeko pribilegioa emango zaie “y que sean juzgados y oidos por ellos”.
  5. Herri berria eraiki behar den tokia esleituko zaie “campo de Elgoibar” Elgoibar lursail edo soro izenekoa, alegia, luzera Ugarroa eta Basarte erreken artean mugatuta, eta goialdetik eta behealdetik Nafarmendi baserrira iristen zen errege-bidea eta Deba ibaiaren ibilgua izango dira mugak, hurrenez hurren.
  6. Halaber, hiribildu berriari atxikitako udal-barruti zabala esleituko zaie, bailaren hondotik Madaltzaga eta Mendaro artean luzatzen zena, eta goialdetik, alde batetik, Muskiritzu mendilerroa eta Azkoitiarekiko mugakide diren beste tontorrak eta, beste aldetik, Maiza mendilerroa –egungo Kalamua- Markinarekin mugakide diren gailurretako kortetatik Arranoate aldera iristeko, lurralde mutrikuarra ukituz.
  7. Herri berriko eliztarren parrokia Olasoko San Bartolome eliza edo monasterioa jarri zen, eta bertara joan beharko zuten eta derrigorrezko hamarrenak, hasikinak, ofrendak, hiletak eta abar ordaindu beharko zituzten.
  8. Hiri-gutuna Alfontso XI Gaztelako erregeak eman zuen, Gortea Villa Real-en zela –egungo Ciudad Real- aroko 1384ko abenduaren 20an, egungo aro kristauko 1346. urteari dagokiona.

(J. Elorzak eta P. Arrietak idatzitako testua. Villamayor de Marquina sortu zeneko 675. urteurrenaren karietara argitaratutako triptikoa)