Drogen, alkohola eta botiltzarraren inguruko Prebentzio Guneak zabalduko ditu Udalak San Bartolome jaietan

Drogen inguruko informazioa eta testing programa abuztuaren 23 eta 26an, Alkoholimetroa gunea abuztuaren 27an, eta Botiltzarra Programa abuztuaren 23an eta 26an.

Zerbitzu hau alkoholemiari buruzko prebentzio eta bestelako drogen inguruko informazio eta testak egiteko programaz osaturik dago eta sustantzia hauen gehiegizko kontsumoa prebenitzea du helburu.

Elgoibarko Udalak, Gizarte Ongizate Sailaren bitartez, eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, San Bartolome Jaietako “Prebentzio gunea” aktibatuko du beste urte batez. Zerbitzu hau alkoholemiari buruzko prebentzio eta bestelako drogen inguruko informazio eta testak egiteko programaz osaturik dago eta sustantzia hauen gehiegizko kontsumoa prebenitzea du helburu, egiazko informazio objektiboa eskainiz eta kontsumo honek dituen arriskuez ohartaraziz.

Testing programa bi egunetan zehar gauzatuko da, konkretuki, abuztuaren 23 eta 26an, San Bartolome bezperan eta Nerabeen eta Gazteen Egunean, hurrenez hurren. Horretarako bi egun horietan Ai Laket!! karpa instalatuko da Maalako errotondan 00:00ak eta 3:00ak bitartean.

Testing programa dibertsio guneetako droga ilegalen kontsumoarekin lotutako arriskuen murrizketarako programa da. Bere oinarriak substantzia ilegalen testa eta analisia, hala nola informazio orokor zein pertsonalizatua dira, balizko kontsumitzaileei eta drogen erabilerarekin lotutako edozein arlotan interesa duen edozein pertsonari zuzenduta dago.

2019an 208 pertsona gerturatu ziren drogen gunera, 168 gizon eta 39 emakume eta guztira erabiltzaileek zeramaten substantziak aztertzeko 38 test egin ziren.

Alkoholimetroa gunea, abuztuaren 27an

Alkoholaren gehiegizko kontsumoari buruz sentsibilizatzeko helburuarekin, Elgoibarko Udalak, abuztuaren 27an, 23:00ak eta 2:00ak bitartean, alkoholimetroa standa instalatuko du. Bertara, interesa duten pertsona guztiak, duten adina dutela, joan daitezke, betiere beren borondatez badoaz.

Lehenengo eta behin adinari, sexuari, erretzaileak diren edo ez eta egindako alkohol kontsumoari buruzko galdera sorta bat egingo zaie, baita lekualdaketaren bat eginez gero hori nola egingo duten (autobusa, trena, norbere kotxea, taxia…). Ondoren, alkohol mailaren froga egingo zaie hala nahi dutenei. Bukatzeko, informazio txartel batzuk emango zaizkie, eta eskuratutako kontsumoari buruzko norberari egokitutako azalpenak ere; halaber, behar izan ezkero, itxaron beharreko denbora-tartea zein den esango zaie.

2019an, guztira, 263 pertsona gerturatu ziren informazio stand-era, 172 gizon eta 91 emakume. Jasotako positiboak 148 izan ziren eta gehien errepikatu zen adin tartea, 18-20 bitartekoena izan zen.

Botiltzarra Programa, abuztuaren 23an eta 26an

Halaber, abuztuak 23 eta 26an, nerabe, gazte eta botiltzarra egiteko asmoa duen guztiari zuzendutako Botiltzarra programa gauzatuko da. Ekimenak, zehazki, honako 5 helburuak ditu:

  • Prebentzioa. Alkoholaren erabileraren arriskuak gutxitzea.
  • Kontzientziatzea. Alkoholaren erabileraren inguruko hausnarketa bultzatzea.
  • Zabalkundea. Arriskuak murrizteko gazteei neurriak azaltzea
  • Bizikidetza. ‘Botiltzarrak’ eragindako kalteak gutxitzea
  • Alternatibak. Alkoholaz gain, alternatibak badirela sustatzea

Horrez gain, Txiki egunean “ardo zipristinik gabeko guneak” errespetatzeko deialdia egiten da programazioan.