Bizilabe Elgoibar, zientzia-jarduerak martxan urritik aurrera

  • Bizilabe, Elgoibarko Udalak eta Elhuyarrek sustatutako 10-14 urte bitarteko gazteentzako aisialdi-eskaintza da. 
  • Gazteek zientzia- eta teknologia-tailer eta proiektuak egingo dituzte, eta herriko enpresetara irteerak ere bai. 
  • Izena emateko epea oraindik irekita dago https://bizilabe.elhuyar.eus/eu/elgoibar webgunean. 

Elgoibarko Udalak Elhuyarrekin batera sustatutako Bizilabe Elgoibar aisialdi-eskaintzak urriaren 3an hasiko dira. Laugarren urtez, herriko gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa, ekintzailetasuna eta sormena bultzatuko dira ikasturtean zehar. 44 gaztetxoenek hasiko dute ikasturtea, urriaren 3an, 17:00-18:30 ordutegian, Makina-Erremintaren Museoan.

2022ko urritik 2023ko maiatzera, 10-14 urte bitarteko gazteek tailerretan parte hartu eta proiektuak egingo dituzte. Ikasturtean zehar, alor desberdinetako zientzia- eta teknologia-esperimentuak egingo dituzte eta, talde lanean proiektuak garatuko dituzte, ikertzaile profesionalen gidaritzarekin. 

Bizipenak eta komunitatea

Bizilabe Elgoibar egitasmoan, tokian tokiko ikastetxe, herriko eragile, ikerketa-zentro edota enpresekin dihardugu lanean. Izan ere, STEM (Zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak) bultzatzea, eskualdeko apustua da. Horrela, proiektu honetan kolaboratzaile eta babesle dira herriko enpresa hauek: DanobatGroup, Alcorta Forging Group, Etxetar, Berkoa Machine Tools, Meka Lanbide Eskola eta IMH Campus.

Bide horretan, Bizilabe Elgoibarko gazteek eskualdeko ikerketa-zentroak eta enpresak bisitatuko dituzte eta ikertzaileekin harremanetan izango dira. Horrez gain, hainbat zientzia-jarduera antolatuko dira herriko eragileekin elkarlanean. Horren erakusle, maiatzean ospatu zen Zientzia Azoka arrakastatsua.

Izen-emateak zabalik

Bizilaben izena emateko epea oraindik zabalik dago. Hauek ezaugarriak:

Bizilabe Elgoibar 2022-2023 ikasturtea

  • Non: Makina-Erremintaren Museoa (Azkue bailara, 1).
  • Noiz: astelehena edo osteguna
  • Ordutegia:
    • LH 5-6: 17:00-18:30
    • DBH 1-2: 18:30-20:00
  • Prezioa (Udalak Elgoibarko haurrentzat diruz lagundutakoa):

 

  • Kuota arrunta: 18 €, hileko.
  • Familia ugaria, guraso bakarreko familiak eta Langabezian dauden pertsonak: 10 €, hileko.
  • Familia ugariak izan gabe, bigarren seme-alabaren izen ematea: 10 €, hileko.
  • Gizarte izaerako laguntza ekonomikoak jasotzen dituzten familiak: 4 €, hileko.

Izena-emateko formularioa.