Bizikidetza

Ba(na)tzen gaituena

Gizarte polarizatu batean bizikidetza baketsu bat eraikitzeko, batzen gaituen horretan arreta jartzea gomendatu ohi dugu gai hauetan lanean gabiltzanok. Izan ere, lubakietatik jardunez ezinezkoa da komunitate bateko harremanak berreraikitzea. Ariketa honetan murgiltzen garenean konturatzen gara zenbat gauza partekatzen ditugun etsaitzat hartzen genituen horiekin. Hala, bestearen duintasuna onartuz, enpatia aktibatzen da eta harremana sendatzeko bideak irekitzen dira.

Horrek ez du esan nahi banatzen gaituzten gauzak desagertzen direnik. Ezberdintasunek hor jarraituko dute: ideologia, klase, gustu edo jatorri ezberdinetakoak izaten jarraituko dugu, eta talkak eta tentsioak sortuko dira ondorioz. Azken finean, gatazka gizaki izatearen parte da. Baina polarizazio sakon edo indarkeria egoeretan ez bezala, beste dimentsio bat hartzen dute ezberdintasunek gizarte baketsuagoetan: ez dira besteari duintasunez bizitzea ukatzeko arrazoi.

Banatzen gaituzten aspektuak onartzea da batzen gaituen hori deskubritzearen albo-emaitza paradoxikoa. Giza duintasunak, gizaki guztiok esentzia partekatua, berdindu egiten gaitu, baina baita banatu ere ezberdintasunak naturaltasunez kokatzen dituen heinean. Ongi etorria banaketa, beraz, batuketa baten emaitza denean!

 

Nora garamatzate?

Gizakiok jendetzari jarraitzeko joera dugu, gauza jakin baten merezimenduak aztertu gabe. Bandwagon efektua edo arraste-efektua izenez ezagutzen da joera hori. Zenbat eta jende gehiagok sinetsi zerbaitetan, orduan eta jende gehiago batuko da ebidentzia kontuan hartu gabe. Efektu honengatik babestu ohi ditugu irabazletzat jotzen ditugun kausak.

Kausa justuen alde gertatzen denean arraste hori, adibidez giza eskubideen edo genero berdintasunaren defentsan, agian ez zaigu hainbeste axola jendeak batzeko izan dituen arrazoiak. Baina ez dezagun ahaztu isuri kognitibo bat dela: kontzientzia edo azterketa kritikorik gabeko jarrera bat, oharkabean egiten duguna.

Gure gizartean pairatutako indarkeriak berriro ez errepikatzeko borondatea oso zabalduta dago, zorionez. Baina zein neurritan geureganatu dugu borondate hori modu sakon eta kritikoan? Zertara konprometitzen gaitu? Zergatik batu gara korronte horretara?

Geure arraste propioak identifikatu eta auzitan jarriz, oinarri sendoagoak izango dituzte geure kausa justu horiek.

 

Apurtutakoa konponduz (1/5)

Euskal gizarteak nabarmen egin du aurrera bizikidetza baketsuago baterako bidean, zauri asko utzi dituzten hamarkada askotako indarkeriaren eta zatiketaren ondoren. Heriotzak eta dolu zailak bizi izan ditugu, zauri fisiko eta emozionalak, baita moralak ere. Eta hautsi dira harremanak, taldeak, komunitateak eta, batez ere, konfiantza urratu da.

Egoera horren aurrean, hamarkadak dira gizartearen ehuna sendatzen eta berreraikitzen saiatzeko ekimenak egiten ari direla. Ekimen horietako batzuk mugarri izan ziren, ausardiagatik eta aurrekaririk gabeko bizikidetzari egindako ekarpenagatik: hainbat jatorritako indarkerien biktimen arteko topaketak, biktima eta biktimarioen artekoak, sentsibilitate desberdinetako pertsonen artekoak zenbait herritan, edo, besterik gabe, egunero espazio berberak partekatzen ez zituzten pertsonen artekoak. Ekimen asko izan dira, eta berri ere ez dira gaur egun. Esan nahi al du horrek, ordea, normaltasunera iritsi garela? Iritsi gara gure helmugara?

Bakea eraikitzeko bideak ez du amaierarik. Eraikitzeaz ari gara, ibiltzeaz, eta ez leku jakin batera iriste hutsaz. Izan ere, lortutako mugarri edo helburu bakoitzak bide berriak irekitzen ditu. Hori bera gertatzen da topagune hauekin: gizartearen ehuna oraindik urratua dagoela berresten dute, eta ohartzen gara horrek pertsona askoren eguneroko bizitzan duela eragina, eta sare soziala berreraikitzeko eta sendatzeko guneak behar direla. Hainbat artikulutan saiatuko gara argitzen zergatik eta nola.

Zergatik behar dira gune errestauratiboak? (2/5)

Une honetan, hiru baldintza betetzen dira, hiru baldintza sinple:

1. Pertsona batzuek pentsatzen edo sentitzen dutena adierazteko premia eta desioa dute.

2. Pertsona batzuk prest daude entzuteko.

3. Aurreko guztia errazagoa egiten duten distentsio egoera dugu.

Begien bistakoa eta erraza ematen duen hori ez da gertatu uste genezakeen bezain maiz. Nork bere buruari ezarritako isiltasunak, elkarrekiko konfiantza faltak, beldurrak, aurreiritziek edo beste errealitate batzuk ez ezagutze hutsak zailtasunak sortu dituzte: batetik, beren barrena husteko premia zuten pertsona batzuek trabak izan dituzte horretarako espazio seguru bat lortzeko, eta, bestetik, enpatiaz entzuteko prest zeuden pertsonek trabak izan dituzte juzgatuak izan gabe jokatzeko, maiz ekidistantzia leporatzen baitzitzaien, edo traizioa.

Baina topaketa horiek posible ez ezik onak eta beharrezkoak ere badira hiru konpromiso hauek garatzeko: iraganari begira, haren azterketa kritikoa egitekoa; orainari dagokionez, erreparazioa ematekoa; eta, etorkizunari gagozkiola, prebentzioa bultzatzekoa.

Iragana eta azterketa kritikoa
Askotariko istorioak zuzenean entzuteak enpatia sortzen du, eta horrek informazio lerratu edo sinesmen dogmatiko gisa errotuak ditugun ziurtasunak zalantzan jartzea eragin dezake. Kontatzen dituenarentzat, zentzua sortzeko ariketa denez, iraganeko esperientziak ordenatzeko saiakera da, eta horrek esanahi berriak sor ditzake. Hau da, ezinbestean, bizi ditugunez bestelako errealitateak ezagutzeak aurrez aurre jartzen gaitu jarduteko eta sentitzeko erabiltzen genituen “egiekin”, eta emaitza gehiago ere ematen ditu, eta ez zaigu hain zaila izango geurea zalantzan jartzea besteen esperientziari eta sentimenduari leku egiteko.

Oraina eta erreparazioa
Elkarri aditzeak giza duintasuna aitortzea du oinarria (norberarena eta besteena): bestearengan nork bere burua ikustea, eta aspektu oinarrizkoenetan onartua sentitzea (gizakiak garela eta hori aski dela errespetua merezi izateko) beharrezkoa da edozein elkarrizketa zintzotan. Errekonozimendu hori berez da erreparatzailea, sendagarria, iraganeko indarkeriak premisa bati eusten baitzion, alegia: bazeuden gauza garrantzitsuagoak pertsona guzti-guztien giza duintasunaren errespetua baino.

Etorkizuna eta prebentzioa
Esperientzia hauek argi erakusten digute zein mekanismotatik eraikitzen dugun “bestea”, nola bihurtzen dugun etsai eta nola polarizatzen ditugun harremanak. Giza duintasuna eta “bestearen” errekonozimendua elkarbizitza osasuntsu baterako beharrezkoa den zentraltasunean jarriz egin behar dugun etengabeko prebentzio-lanari buruzko kontzientzia dakarkigute gune horiek. Gainera, espazio horietan parte hartzen duten pertsonek bizi dituzten loturak berreraikitzeko esperientziek ondorioak dituzte haietatik haratago; haien eragina biderkatzailea izan daiteke, litekeena baita haien inguruan harreman-modu berriak sortzea eta transmititzea, baina indarkeriazko egoerak sor litzaketen baldintzen aurrean hobeki blindatuta.

 

Zer dira gune errestauratiboak? (3/5)

Partaidetza-gune beharrezkoak dira gure ustez. Gune horiek, gutxi-asko antolatuak, prozesu zabalagoen parte dira: haietan bereganatzen dute zentzu handiagoa, eta, aldi berean, testuingurua elikatu eta aberasten dute.

Gureak bezalako gizarte konplexu, askotariko eta desberdinetan pixkanaka bidea urratzen ari diren praktika errestauratiboetan dute iturburu, baina antzinako kulturetan errotutako jardunbideak dira, komunitate zentzu handia duten mundu osoko antzinako eta indigenen jardunbideak.

Errekontziliazio hitzaren esanahi etimologikoari erreparatuz gero, ikusiko dugu latinetik datorrela: re- aurrizkia du eta conciliare aditza du oinarrian. “Concilium” izenari lotua dago (batzarra, bilera, batasuna). Beraz, errekontziliazioaren kontzeptuan, adiskidetzearenean, jatorrian, norbait taldean berriz onartzea da, adostasuna lortzea, batzarrera itzularaztea.

Horrela, bada, adiskidetzea eta harremanak berregitea bide ezin egokiagoak dira zauriak erantzukizunez eta modu konpartituan sendatzen saiatzeko, “lagun hurkoarengan” geure burua ikusiz, duintasuna muinean jarriz, lan eginez halakorik “beste inoiz ez” gertatzeko eta jendearen eta gizartearen premia berriak agerrarazteko.

Jarduera horiek komunitatearen garapena bilatzen dute, bai eta gatazka eta tentsioak lantzeko eta kudeatzeko eta aldi berean kaltearen erreparazioa egiteko gaitasuna ere, harremanak hobetzen baitira eta lotura emozionalak sustatzen. Lagungarriak dira komunikazio afektiboa bultzatzeko (pertsonen sentimenduak dira komunikazioaren muina), bai eta batzuen jokabideak besteei nola eragiten dien hausnartzeko ere. Kontzientzia, enpatia eta erantzukizuna sustatzen dute.

Topaketa horietan, edozeinek har dezake parte: indarkeria modu zuzenean jasan dutenek, indarkeria erabili edo babestu dutenek, bai eta lekuko izan direnek edo gaitik urrun egon direnek ere. Nolanahi ere, gune horiek ez dute bilatzen bizipenak, giza eskubideen urraketa desberdinak eta erantzukizunak parekatzea. Kontua ardura hartzea da: alde batetik, norberak, eta, bestetik, komunitate osoak. Erantzunkidetasun ariketa bat da.

 

Nolakoak izan behar dute gune errestauratiboek? (4/5)

Elkarguneak sortzeko aukerak eta baldintzak sortzea da kontua. Elkargune horiek partaideen borondatean oinarritu behar dira, gune seguruak izan behar dute, foku mediatikotik eta prozesuen liskar alderdikoietatik kanpo (testuinguru baten barrenean), gure iragan bortitzen eragina jasan duten pertsonen parte-hartze aktiboa izan behar dute, eta sare soziala eta pertsonen arteko harremanak berregitera bideratutako espazioak izan behar dute. Zaintza-gune bat, indarkeria-egoerak saihestu eta betikotzen ez dituena, arazoa konpontzea bilatzen duena, eragindako kalteak konpondu eta eragindako harremanak berregiten dituena, horrela komunitatearen gatazken eraldaketa bermatuko duten harremanen sarea sendotuz.

Topaguneetarako prestatze-lanak zubi eta sareak sortzen ditu. Parte hartzeko prest dauden pertsonak aurkitzeko jardunbidea da, pluraltasuna bilatzen da, eta topaguneetan ahalik eta sentsibilitate eta bizipen gehien aurkituko ditugu. Armiarma-sareen modura, ordura arte gertagaitza zen sare bat ehuntzen da.

Herrietako topaguneek balio indartsua eta garrantzitsua dute. Goi mailako politikatik haratago, herrian edo hirian gertatzen dira gure eguneroko harreman gehienak, adostasun eta desadostasunak. Gure arteko konfiantza berreskuratu behar dugu, baita besteekin elkartzeko gaitasuna ere, desadostasunari ere beldurra galtzeko. Desadostasuna, giza duintasunaren iparrorratza galtzen ez dugunean, aukera berrietarako eta hobetzeko bidea da.

 

Orain erabaki dezakeguna (5/5)

Carlos Martin Beristainek, “El tiempo de las 7” artikuluan, antzinako herriekin lan egiten duen pertsona batek dioena kontatzen du: “Ipar Amerikako indigenek, erabaki garrantzitsu bat hartu aurretik, hurrengo zazpi belaunaldiak izaten dituzte gogoan”. Jarraian, hausnarketa hau egiten du Beristainek:

Zenbaki zehatza edo mitikoa dirudi, baina, etorkizunaz ez ezik, gu hilik egoten garenean hemen egongo den jende zehatzaz hitz egiten digu. Denboraren jabe direla uste duten politikariak ditut buruan, denbora administratzeko eta definitzeko modu bakarra balitz bezala jokatzen baitute: beren modua. Egiaren Batzordeari bi urte eta hilabete bat eskaseko lana gelditzen zaio. Baina indigenek erakusten digute zertarako egiten dugun lan: hurrengo zazpi belaunaldientzat.

Epe luzeko ikuspegi hori garrantzitsua da proposatzen dugun lanean. Orain hartzen ditugun erabakiek, egiten dugun edo egiten ez dugun guztiak, datozen belaunaldiei eragingo die. Orain aukera dezakegu zer ikusiko duten etorkizun horretatik begiratzean. Arte japoniar honetan akaso inspirazioa topatuko dugu erabakia hartzeko:

Kintsugi (金継ぎ?) (japonieraz: urrearekin egiten den zurgin-lana) edo Kintsukuroi (金繕い?) (gauzen konponketa urrearekin) Japoniako teknika bat da, zeramikazko ontzien arrakalak konpontzeko erabiltzen dena. Urre, zilar edo platino hautsa nahasi zaion erretxinazko berniza erabiltzen da. Filosofia baten parte da: hausturak eta konponketak gauza baten historiaren parte dira, eta, ezkutatu beharrean, erakutsi egin behar dira, argitara atera, agerian utzi, objektua ederragoa izateko eta haren antzaldaketaren eta historiaren berri emateko.

 

Gatazka baten aurrean orientatzeko gakoak I

Zer da gatazka?
Bi alderen edo gehiagoren artean premia, helburu, interes edo ikuspegi kontrajarriak izatean ematen da gatazka. Kudeaketaren arabera, emaitza eraikitzailea edo suntsitzailea izango da.

Bizitzaren funtsezko osagaia da gatazka. Izaki sozialak garen heinean hertsiki lotua dago gure bizitzari eta geure harremanei. Gatazka hitzak konnotazio negatiboak izaten ditu gehienetan baina berez ez du zertan horrela izan behar, betiere ikaskuntza prozesu moduan ulertzen badugu. Gatazka egoerekin egiten dugu aurrera edo atzera, krisialdi uneak dira, aldaketa eta garapena sustatzen duten abaguneak alegia. Horrek ez du esan nahi zailtasunez beteriko bidea ez denik, baina ikuspuntu eraikitzaile batetik jardunez gero, sortzen diren aukerak interesgarriak izan litezke pertsona edo talde moduan garatu eta indartzeko.

Gatazka baten aurrean ez dakigu ondo zein den jarraitu beharreko bidea eta garbi izan behar dugu ordurarte erabiltzen genituen estrategiak askotan ez dutela balio izango. Gainera gatazka egoera bakoitza desberdina izango da eta hortaz konponbidera iritsi arteko prozesuan baliatu beharreko erremintak eta aurrera egiteko hartu behar diren erabakiak ere anitzak izango dira.

Gatazkak emozioz beteriko esperientziak izaten dira, baina batez ere Ikaskuntza eta informazioz beterikoak. Ezagutzen ez genituen baliabideak eta jarrerak aurkitzera eta gaitasun berriak ikastera behartzen gaituzte eta geure mugak gainditzen laguntzen digute.

Honengatik guztiarengatik, garrantzitsua da komunikazioarekin esku-hartzearekin hasi aurretik geure burua aztertzea, eta gatazka egoera baten aurrean nola jokatzen dugun kontziente izatea; gatazka bat kudeatzerakoan zeintzuk diren gure indarguneak eta zer hobetu dezakegun ezagutzea alegia.

Gatazka baten aurrean orientatzeko gakoak II

Nire burua ulertzea
Aurrena, beharrezkoa da geure buruak ulertzea. Elkarrizketaren aurretiazko baldintza da norberarekiko zintzotasuna, arbitrarioa ez den elkarrizketan laguntzeko.

Kontuan izan ezinezkoa dela ez komunikatzea. Izan ere, hitzek eragin oso txikia dute (% 7) hitzik gabeko komunikazioarekin alderatuta (% 55). Horregatik, gure mezua hitzez adierazten jakin baino lehen, oso garrantzitsua da gure gorputzarekin zer komunikatzen ari garen jakitea, keinuak, jantziak, ahots-tonua… Izan ere, baliteke baldintzatzaile batzuek (adibidez, gaizki lo egin izana) besteekiko komunikazioan eragina izatea. Baliteke, gure izaeragatik, besteengandik urruntzen gaituzten keinuekin (autoritate-keinu batzuk eskuekin, adibidez) adierazteko joera izatea, ohartu gabe.

Horrez gain, inoiz sakondu ez ditugun eta elkar ulertzea mugatu dezaketen jarrera eta sinesmenekin jarduten dugu batzuetan.

Barne-informazioa infinitua eta dinamikoa da. Gu mugatuak gara. Ez dugu jakingo dena geure buruaz, baina, adi egon gaitezke geure barrua entzun eta ulertzeko; barne-irratiaren diala piztuta edukiz.

Auto-ulermen horretan sakontzeko oinarrizko bi irizpide baliozkotzea eta zintzotasuna dira:

•Baliozkotu. Geure buruarekin atseginak eta permisiboak izatea. Sentitzen eta pentsatzen dugun guztia ondo dago. Oraingoz ulertzen ez dugunak edo desatsegina iruditzen zaigunak ere badu bere izateko arrazoia, bere funtzioa.

•Zintzotasuna. Baliozkotzeak bidea ematen digu sakontzen joateko, zergatiak galdetuz eta zintzotasunez erantzunez, ez baitugu gezurrik esateko beharrik.

 

Gatazka baten aurrean orientatzeko gakoak III

Komunikazio eraginkorraren garrantzia
Gatazka egoera batean komunikazio egokia gauzatzeak konponbidea lortzeko bidea erabat errazten du. Aldeek zer esaten duten (ideiak, pentsamenduak emozioak…), nola esaten duten (lengoaia, fisionomia, ahotsaren tonua..) eta zertarako esaten duten (helburuak, espektatibak, nahiak…) identifikatzea eta aztertzea garrantzitsua da egoera modu eraginkor batean bideratu ahal izateko.

Komunikazioa ikuspuntu sistemiko batetik ulertu behar dugu, guk geuk egiten edo esaten dugun horrek, norberarengan, besteengan edo testuinguruan eragiten duelako. Nahiz eta gatazka egoera batean, komunikazio prozesua, ehuneko ehunean gure esku ez dagoen, gugan aldaketa positiboa ahalbidetzeko erantzukizun pertsonalean jarri behar dugu fokua. Besteek, gatazka egoera bati nola egiten dioten aurre gure kontrolpetik kanpo dago, baina, zer egin dezakegu guk gatazka egoera baten aurrean? Nola ahalbidetu ditzakegu konponbiderako aukerak?

Hona hemen oinarrizko lau irizpide komunikazio eraginkorrerako:

Hitz egiterakoan, nire ideiak, sentimendua, iritziak, balioak eta abar adierazten ditut.

Adierazi edo esan dudan hori ulertua izan dela baieztatzen dut.

Beste pertsonak esateko edo adierazteko duena modu aktiboan entzuten dut.

Ulertu dudala baieztatzen diot.

 

Gatazka baten aurrean orientatzeko gakoak IV

Zailtasunak. Ohiko hamabi oztopo gatazketan

a) Etiketaren paradigmaren berezko oztopoak

1. Etiketak jartzea eta aldez aurretik epaiak egitea. Etiketa erosoa da, Desadostasuna interpretatzea ahalbidetzen digu errua beste norbaiti botata.

2. Iraganetik hastea. Etiketatik jokatuz arazoak zailenetik konpontzeko joera izaten dugu; iraganetik.

3. Jarrerak soilik kontutan hartzea. Agerian dagoena eta jarrera horren atzean dauen arrazoiak begiratzera eramaten gaitu etiketak.

4. Ekintza eta pertsona ez bereiztea.

5. Erruduna(k) bilatzea eta ez konponbideak;

6. Zailtasunei eta zatitzen gaituen horri erreparatzea.

b) «Arrazoi osoa daukat» paradigmaren berezko oztopoak (dogmatismoa)

7. Besteak esateko duena entzun gabe pentsatzea, hitz egitea eta jokatzea. Ez dut behar entzutea arrazoi osoa dudala sentitzen dudalako.

8. Guztia edo ezereza bilatzea. Arrazoi dudanaren usteak ez du erdibidekorik ahalbidetzen eta jarrera honek adostasun batera iristeko oztopo larriak sortzen ditu.

9. Dogmatismoa biktimismoarekin justifikatzea. Besteek egin diguten minari erreparatzea soilik eta ez guk eragindakoari.

10. Etsaiaren irudia eraikitzea. Dogmatismoak gizatasuna kentzen digu eta bestea ez dugu pertsona bezala ikusten.

11. Norberaren jarrera gogortu eta “absolutizatzea”. Hau da ez duen zerbaiti erabateko garrantzia ematea eta zerbait absolutua bihurtzea.

12. Helburuak bitartekoak justifikatzen dituela sinestea, giza duintasuna kontutan ez izatea alegia.

 

Gatazka baten aurrean orientatzeko gakoak V

Lau argibide

1. Elkarrizketaren plusa
Elkarrizketak norberaren egia zabaltzea du xede.
Entzumen aktiboa sustatzen du; Besteen alde onak aitortzeko gaitasuna eta sentsibilitatea garatzea eskatzen du.
Norberaren buruarekin zintzo jokatzea eskatzen du.
Besteengan konfiantza izatea eskatzen du.

2. Enpatiaren plusa
Gizakiak berez duen gaitasuna da
Bestearen azalean jartzeak gure jarrera zurrunak alde batera uztea eskatzen du.
Zintzotasuna eta barne-elkarrizketa (bakarrizketa) sustatzen ditu.
Afektibotasuna garatzen du.
Besteekiko atxikimendua ahalbidetzen du.

3. Pazientziaren plusa
Desafio, zailtasun eta sufrimendu ez-patologikoei “konstruktiboki” aurre egiteko baliabide baliagarria da.
Prozesu bakoitzak bere denbora behar du eta gatazkak konpontzeko edo zailtasun bat gainditzeko une egokia aurkitzen ikastea bertute bat da.
Bizitzako edozein esparrutan egin dezakegu porrot pazientzia baliatzen ez badugu.

4. Elkarrizketaren urrezko arauak
Geure azalpenak epaitu gabe ematea eta entzutea.
Lehen pertsonan hitz egin
Erantzun, eztabaidatu edo aurka egin gabe entzutea.
Besteak ulertu ahal izateko galdetzea, aurka egin erantzun edo eztabaidatu aurretik.
Alde positiboak azpimarratzea.
Onena onenarekin lotzea.
Gatazkaren parte diren guztiek euren emozio, uste eta iritziak azaltzeko aukera izatea.