Bikustik taldeak kontzertu akustikoa eskainiko du Herriko Antzokian ostiral honetan, urriak 28

  • Kontzertua 19:00etan  hasiko da, eta aurrez sarrera erosi behar da www.herrikoantzokia.eus webgunean edo Herriko Antzokiko leihatilan.
  • Zinemari erreparatuz, ‘Cinco lobitos’ eta ‘Tadeo Jones 3: la tabla esmeralda’ pelikulak eskainiko dira, eta Ongarri Zine Klubean ‘Delante de ti’ filma eskainiko da.

Bikustik talde elgoibartarrak kontzertu akustikoa eskainiko du Herriko Antzokian ostiral honetan, urriak 28. Kontzertua 19:00ean hasiko da, eta ezinbestekoa izango da aurrez sarrera erostea: https://herrikoantzokia.eus/ webgunean zein Herriko Antzokiko leihatilan erosi ahalko dira.

Bikustik taldea Ion Gurrutxaga (ahots nagusia eta gitarra laguntzailea) eta Patxi Zabaleta (gitarra eta koroak) musikariek osatzen dute. Aspaldiko lagunak baziren ere, bi musikarien ibilbideek Arima Beltzaren azken garaian egin zuten topo. Talde elgoibartarraren Mundurako ateak izeneko azken lana elkarrekin hezurmamitu zuten eta baita bira burutu ere blues&rock banda gipuzkoarra 2006ko Gabonetan desegin zen arte. Bikustiken emanaldietan Beatles, Led Zeppelin nahiz Creedence Clearwater Revival bezalako taldeen kantuak entzun daitezke. Guztiak bikote elgoibartarraren moldaketa akustikoaren ikuspegitik egin dira.

Aurretik, asteazken honetan, hilak 26, Norma Vazquez psikologo feministak ‘Urrutiko amatasuna’ hitzaldia eskainiko du. Lilan eskainiko da, gazteleraz, 18:30etatik aurrera.

Ostiralean, urriaren 28an, Gaba Beltza antolatu du Atxutxiamaikak. 18:00etan atontze tailerra egingo da Kalegoen plazan, eta 19:30ean ibilaldi girotua egingo da Kalegoen plazatik Maalako parkera. Egunaren azken orduetan amaiera ekitaldia egingo da.

Larunbat honetan, hilaren 29an, hil bukaerako feria egingo da. 09:00etatik 14:00etara Baserriko produktuen salmenta egingo da Kalebarren plazan. 11:00etatik aurrera, aldiz, Elgoibarko Club Deportivo Elgoibar elkarteak pintxoak prestatuko ditu Kalebarren plazan Elgoibarko baserri eta harategietako produktuekin. 12:00etatik 14:00etara, gainera, umeentzako tailerra antolatu da. Tailer hauen helburua da, besteak beste, Elgoibarko txikienek garaiko produktuak, bertako animaliak eta baserrietako kultura ezagutzea. Eguerditik arratsaldera ganadu erakusketa egingo da Kalebarren plazan. Arratsaldean, 18:00etan, futbolin txapelketa egingo da Kultur Kafean.

Zinema

Aste honetan, bi pelikula eskainiko dira:

 

  • CINCO LOBITOS: larunbata 29 (19:00 eta 22:15), igandea 30 (19:00) eta astelehena 31 (21:00).
  • TADEO JONES 3: LA TABLA ESMERALDA: igandea 30 (16:30).

Ongarri Zine Klubari dagokionez, pelikula bat eskainiko da:

  • DELANTE DE TI: asteazkena 26 (21:00).

Sarrera arrunta 6 €. Gazte-txartelarekin: 3 €. Astelehena ikuslearen eguna: sarrera 4 €. Ez dira bonuak zigilatuko. Haurrentzako emanaldia: Haurrak 3,5 € / Nagusiak 5 €.