Benidormen gertatutako emakumearen hilketaren aurrean gaitzesteko adierazpena

Elgoibarko Udalak bere gaitzespen irmoena azaldu du Benidormen gertatutako emakumearen hilketaren aurrean, eta elkartasuna adierazten die senideei eta biktimaren hurbilekoei.

Emakumea Soraluzekoa zen, baina urteak zeramatzan kanpoan bizitzen. Elgoibarren eta Zarautzen ere bizi izan zen zenbait urtez.

Gaur egun Benidormen bizi ziren, eta iturri ofizialen arabera, ez zegoen senarraren aurkako tratu txar salaketarik.

Benidormeko Udalak indarkeria matxistaren aurkako protokoloa martxan jarri du, eta elkarretaratze isila deitu du gaurko, hilak 27, eguerdiko 12etarako.

Elgoibarko Udalak gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora, hala erakundeek, nola gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

Elgoibarko Udalak bat egiten du gaitzespena adierazteko herriko mugimendu feministak gaur, asteartea, irailak 27, 19:00etan, Kalegoen plazan deitu duen elkarretaratzearekin.

Elgoibarren, 2022ko irailak 27.