AISA euskara ikastaroak abian Elgoibarren iritsi berrientzako

  • Helburua herrira iritsi berriei euskara ikasteko aukera eskaintzea da.
  • Ikastaroak 60 orduko iraupena izango du, eta Elgoibarko Udal Euskaltegian egingo da, astearte eta ostegun goizetan (9: 30-11: 30), urriaren 4tik otsailaren 9ra.
  • Izen-ematea Elgoibarko Udal Euskaltegian egin ahal izango da irailaren 28ra arte.

Elgoibarko Udalak eta Udal Euskaltegiak, “Euskarara Hurbiltzen” egitasmoaren baitan, euskara ikasteko eta euskal kulturarekin harremanetan jartzeko aukera eman nahi diete gure herrira bizitzera etorri diren pertsonei. Horretarako, joan den ikasturtean eskaini zuen ikastaroaren ildotik, oraingoan ere AISA I euskara ikastaro berezia eskainiko du kanpotik etorri berrientzat, euskara ikasteko interesa izanez gero, hizkuntza honetara hurbiltzeko aukera izan dezaten. Ikastaro berezi hau 60 ordukoa da, eta berariaz prestatutako ikasmateriala erabiliko da bertan.

Ikastaroaren xehetasunak

Ikastaroa 60 ordukoa izango da, eta Elgoibarko Udal Euskaltegian emango da astearte eta ostegun goizetan (9:30-11:30), urriaren 4tik otsailaren 9ra bitarte. Ikastaroan parte hartu ahal izateko 16 urte beteta izan eta 25 € ordaindu beharko dira. 

Aisa I oinarrizko euskara ikastaroa, 60 ordukoa, gure gizartea ezagutzen laguntzeko

Ikastaro honetan gure gizartea hobeto ezagutzeko gai motibagarri eta lagungarriak landuko dira: agurrak zenbakiak, familia, eskola, garraioa, osasuna, kirola, merkatua… Gai horietan, arreta berezia jarriko zaio hiztegiari eta hizkuntzaren oinarrizko ulermenari (kaleko errotuluak, kartelak…).

Izen-ematea

Izen-ematea irailaren 28ra arte egongo da zabalik Elgoibarko Udal Euskaltegian (Aita Agirre kulturgunea, Aita Agirre plaza, 3. solairua; udaleuskaltegia.elgoibar@debabe.eus; 943742731).