Abian dira 2023ko San Bartolome Jaietako programaren azala eta haurren jaietako kartela aukeratzeko lehiaketak

Abuztuaren 23tik 28ra ospatuko dira 2023ko San Bartolome jaiak eta Udala prestaketa fasean murgilduta dago: abian jarri berri ditu 2023ko San Bartolome Jaietako programaren azala eta haurren jaietako kartela aukeratzeko lehiaketak.

San Bartolome Jaietako programaren azalaren lehiaketan 18 urtetik gorako edozeinek har dezake parte. Teknika librea izango da (argazkia,  pintura, marrazkia, collagea, e.a.) eta lanak euskarri gogorrean aurkeztuko dira. Lanen neurria honako hau izango da: 225 mm x 225 mm neurrikoa edo proportzionala, 300 puntu hazbeteko bereizmena duena.

Egile bakoitzak bi lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez, eta lanak argitaratu gabeak izango dira. Ezin da aurretik aurkeztutako lanekin parte hartu.

Ezinbestekoa izango da ondorengo testua agertzea: “ELGOIBAR, SAN BARTOLOME JAIAK 2023″

800 euroko saria egongo da jokoan eta lanak aurkezteko epea 2023ko ekainaren 23an, eguerdiko 13:00etan bukatuko da. Lanak Aita Agirre kulturgunean aurkeztu behar dira.

 

Haurren kartel lehiaketa

Lehiaketa honetan 18 urtetik beherako elgoibartarrek har dezakete parte. Teknika librea izango da (argazkia, pintura, marrazkia, collagea, e.a.). Hala ere, ezin izango da erliebedun kartelik aurkeztu, ezta plastilinarekin edo zerrautsarekin egindakorik ere.

Ezinbestekoa izango da ondorengo testua agertzea: “ELGOIBAR, SAN BARTOLOME JAIAK 2023”.

Dirutan izango ez diren 6 sari banatuko dira. Lanak Aita Agirre kulturgunean aurkeztu behar dira. Lanak aurkezteko epea 2023ko ekainaren 23an bukatuko da, eguerdiko 13:00etan.