47.000 erabiltzaile jaso dituzte Mintxetako igerilekuek aurten, 2013az geroztik kopuru altuena

Erabiltzaileen kopurua kontutan izanik “oso positiboki” baloratu du denboraldia Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak, baina salatu du “gutxi batzuek izandako jarrera desegokia”.
Igande honetan, irailaren 11n, eman zitzaion amaiera ekainaren 11tik irekita egon den Mintxetako igerilekuen denboraldiari. Hiru hilabetetan, eguraldi ona lagun, 47.000 erabiltzaile pasa dira uda honetan Mintxetako igerilekutik.

Udal Kirol Patronatua Mintxetako igerilekuko erabiltzaileak 2005 urtean zenbatzen hasi zenetik 2009an izan zen erabiltzaile kopuru handiena (55.056) izan zuen denboraldia. 2012an eta 2013an ere 50.000 erabiltzaile baino gehiago izan ziren. 2013tik gaur arte aurtengoa izan da erabiltzaile gehien izan den urtea.

Erabiltzaileen kopurua kontutan izanik “oso positiboki” baloratu du denboraldia Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak. “Aipatzeko istripurik ere ez da izan eta alde horretatik ere inoiz baino positiboagoa izan da. Baina erabiltzaile gutxi batzuren jarrera inoiz baino txarragoa izan dela ere aipatu behar da, denenak diren instalazioak batzuetan edonola erabili direlako, aldageletan eta komunetan grafitiak eginaz edo paretak paperez zikinduz. Jaien azken egunean, abuztuaren 28n, herriko gazte kuadrilla batek igerilekuko tabernan izandako jarrera ere salatzekoa izan zen, mozkor-mozkor eginda instalazioekiko eta erabiltzaileekiko errespetu falta nabarmena erakutsi zutelako. Hori kenduta, denboraldia bikaina izan da, eta elgoibartarrek zein bisitariek uda osoan kalitatezkoak, seguruak eta irisgarriak diren instalakuntza erakargarriez gozatzeko aukera izan dute”.

Urtez-urteko erabiltzaile kopurua:

2022: 47.000
2021: 41.500
2020: 27.000
2019: 43.000
2018: 42.000
2017: 34.000
2016: 40.411
2015: 45.123
2014: 34.522
2013: 53.527
2012: 52.000
2011: 42.065
2010: 48.000
2009: 55.056
2008: 34.342
2007: 15.000
2006: 29.000
2005: 32.000