27 lan izan dira sarituak V. Idazlan lehiaketara aurkeztutako 171en artean

Lehiaketaren helburua ikasleen artean euskaraz idazteko trebetasuna sustatzea izan da.

Epaimahaiko kideen hitzetan, aurtengo edizioan azpimarratzekoa izan da ikasleek irudimenerako erakutsi duten gaitasuna.

Elgoibarko Udalak, Kultura, Euskara, eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailen bitartez, antolaturiko V. Idazlan lehiaketara 171 lan aurkeztu dira, eta horietako 27 izan dira sarituak. Sariak atzo arratsaldean bertan banatu ziren Aita Agirre kulturguneko areto nagusian.

Sariak banatzeko ekitaldian, Ane Beitia alkateak epaimahaiak egindako lana eskertu du, baita ikastetxeek egindako lana ere, eta sarituak zoriondu ditu.

Epaimahaia herriko literaturzale eta idazleek osatu dute, hala nola, Jasone Osorok, Jon Eugik eta Iñigo Otañok.

Lehiaketaren helburua ikasleen artean euskaraz idazteko trebetasuna sustatzea izan da, eta epaimahaikoen hitzetan, aurtengo edizioan azpimarratzekoa izan da ikasleek irudimenerako erakutsi duten gaitasuna. Horren erakusgarri, lehiaketara aurkeztu diren ipuin fantastikoak, fabulak, abenturazkoak, etorkizunera begira jarri direnak, poliziakoak eta baita sentiberagoak ere, edo berdintasuna, jazarpena eta integrazioa bezalako balioak txertatzen dituztenak. Bereziki maila ertainean eman den maila azpimarratu nahi dute, LH6 mailan, hain justu. Eta pena batxilergoan egon den parte hartze baxua.

Bota Literak idazle gazteen kluba

Ikasturte honetan Bota literak! izeneko idazle gazteen taldea sortu zen, 12tik 15 urtera bitarteko neska-mutilez osatua eta bi astean behin elkartzen dira Aita Agirren. Helburua idaztea da, idazten ikastea, idatzitakoa partekatzea, ozen irakurtzea, idazten dituzten gauzei buruz hausnartzea eta, batez ere, elkar ezagutu eta jolasen bidez idaztea, ondo pasatzea. Horretarako, hainbat baliabide erabiltzen dituzte, objektuak, musika, ikus entzunezkoak…

Datorren ikasturtera begira ere jarraitu nahi dute, eta interesa duen oro animatu nahi dute. Ateak irekita daude. Izena emateko nahikoa da mezu bat bidaltzea euskara@elgoibar.eus helbidera.

2020an eta 2021ean saritutako lanak jasotzen dituen Liburuxka

Udalak ekitaldi hau baliatu du 2020an eta 2021ean sarituak izan ziren lanekin argitaratu duen liburua aurkezteko. Liburuaren 300 ale argitaratu dira eta Udalaren asmoa orain arteko edizioetako saridunei eta epaimahaikoei oparitzea da. Eskoletan ere banatuko ditu ale batzuk Udalak. Gainerako aleak Udaleko Euskara sailean eta Liburutegian egongo dira eskuragai. Udalaren web atarian ere eskuragai izango da edonork ikus dezan.

Jarraian, udal ordezkariek eta epaimahikideek sarituen berri eman zuten, eta saritu bakoitzak bere saria jaso zuen: erosketa bonua, diploma eta liburuak.

Saritutako lanak, egileak eta sariak ondorengoak izan dira:

SARIDUNAK

LANAK

A TALDEAN (9 saritu): diploma, 50 €-ko bonua eta liburu bat opari
Naia Eizagirre Garalde Yeti gosetia
Sune Ortiz Etxeberria Naksuren eskola berria
Elene Rodríguez Sanz Sonia eta soso herria
Sare Orbea Barrenetxea Otsoa eta untxia
Arai Esnaola Urbiola Zuhaitz aberatsa eta Felitxu txoria
Maia Alustiza Alberdi Baso misteriotsua
Aya Kasmi Astoa eta Elene
Meriem El Hachmi Barrah Ausart txakur ausarta
Nora Gurrutxaga Iriondo Kondairaren sekretua
B TALDEAN (9 saritu): diploma, 60 €-ko bonua eta liburu bat opari
Goiuria Bilbao Sanchez Nola idatzi eguneroko bat
Unax Ansola Arrieta Muxar eta urtxintxa familien egoera zaila
Nora Leonardo Oñederra Aurpegi berri bat
Intza Cebrian Saez Marmoka uhartea
Jose Alonso Bilbatua Taylor eta galdutako harana
Paula Boo Riaño Mundu ezberdinak baina harri bakarra
Lier Ulibarri Telletxea Beldar-zopolisen gertatu zen hondamendia
Alai Romero Rubio Amets bateko bizitza
Nahia Garate Estevez Ausartak
D TALDEAN (4 saritu): diploma, 80 €-ko bonua eta liburu bat opari
Maria Jimenez Gonzalez Margolanak bizitzen
June Galarraga Garcia Izar morea
Maialen Arriola Arakistain Eroriz bidea eginez
Duna Santos Otegi Nortasuna eta jarrera
E TALDEAN (4 saritu): 100 €-ko bonua eta liburu bat opari
Miren Serrano Korta Bizitza desertua
Nora Cantón Gallardo Maitasunezko gutuna
Danel Rodriguez Aramburu Koma
Elene Castrillejo Alonso Nire lagun ezezaguna
F TALDEAN ( saritu 1): 120 €-ko bonua eta liburu bat opari
Judit Araujo Gomez Karmaren jokaldia
« »