2023ko alokairurako udal-laguntzen lerroa zabaldu du Udalak Elgoibarko gazteentzat

  • Laguntza hori jasotzeko baldintza nagusiak honakoak dira: 18 eta 35 urte bitartean izatea, azken bi urteetan gutxienez Elgoibarren erroldatuta egotea eta inolako etxebizitzarik jabetzan ez izatea.
  • Aurten laguntzaren zenbatekoa handitu egin da, 150 eurotik 200era eta 250 eurotik 300era. Laguntza horiek jasotzeko diru-sarreren kapitulua ere egokitu da.
  • Interesdunek ekainaren 63a baino lehen egin dezakete eskabidea, modu telematikoan, www.elgoibar.eus webgunean.
  • 2022an 5 gazte elgoibartarrek alokairurako laguntzak jaso zituzten Udalaren eskutik; 6 urtetan, 94k.

Gaur egungo gazteek zailtasunak dituzte emantzipatzeko, hainbat arrazoirengatik, hala nola krisi ekonomikoa, langabezia-tasa altua, lan-prekarietatea, etxebizitzen eta alokairuaren prezio altua.

Egoera horren aurrean, eta Elgoibarko gazteen emantzipazioa sustatzeko eta independizatzeko aukera gehiago eskaintzeko, Udalak alokairurako laguntza-lerro bat jarri zuen martxan 2017an, kolektibo horri etxebizitza bat alokatzeko erraztasunak eskaintzeko. Diru-laguntza hau bultzatzen duen 7. urtea da. 

Diru-laguntzaren helburua udalerriko gazteei etxebizitza bat alokatzeko erraztasunak eskaintzea da, emantzipazioa sustatzeko. Horretarako, Udalak 35.000 €-ko partida bat bideratuko du, eskabide kopuruaren arabera egokituz.

Aurten laguntzaren zenbatekoa handitu egin da, 150 eurotik 200era eta 250 eurotik 300era. Laguntza horiek jasotzeko diru-sarreren kapitulua ere egokitu da.

 

Laguntza hori eskatzeko epea zabalik dago, eta, horren bidez, etxebizitzaren alokairuaren hileko kuotaren zati bat diruz lagunduko da. Kasu horretan, kontuan hartuko diren errentak dagokion urte naturalekoak izango dira, hau da, 2023koak.

Hauek dira laguntza eskatzeko bete behar diren baldintzak:

  1. 18 eta 35 urte bitartean izatea.
  2. Gutxienez azken bi urteetan Elgoibarren erroldatuta egotea.
  3. Etxebizitzarik jabetzan ez izatea.
  4. Bestelako laguntzarik ez jasotzea alokairurako.  
  5. Onuradunek ezin izango dituzte, urtean, 25.000 euro gordin baino gutxiagoko eta 36.000 euro gordin baino gehiagoko diru-sarrerak izan. 25.000 euro baino gutxiagoko sarrerak dituzten pertsonak, Eusko Jaurlaritzak ematen dituen GAZTELAGUN programaren dirulaguntzak jasotzeko aukera daukatelako daude laguntza honetatik kanpo. Edonola ere, etxebizitza berean bizi diren pertsonek ez dute laguntzak eskuratzeko aukerarik izango, baldin eta horiek guztiek dituzten sarrera ororen batura urtean 58.000 euro gordinekoa baino handiagoa bada.
  6. Laguntza hau aurreko hiru deialdietan jaso ez izana.

Alokairuaren hileko kuotaren zati bat diruz lagunduko da, kasu honetan 2023ko kuotak. Hala ere, laguntza hori lortzeko, etxebizitzaren alokairuaren prezioa ezin izango da 600 eurotik gorakoa izan, eta hortik kanpo geratzen dira babes ofizialeko etxebizitzak, azpi-etxebizitzak, logelen errentamenduak eta etxebizitza gisa erabilitako lokalak.

Horrela, jasotako laguntza aldatu egingo da onuradun bakoitzaren diru-sarreren arabera:

  • Laguntza hileroko alokairuaren prezioaren % 50ekoa izango da, komunitatearen eta etxebizitzaren eranskinen gastuak kenduta, gehienez ere, hilero 300 €-ko balioarekin, sarreren batura 40.000 €-tik beherakoa bada.

 

  • Laguntza hileroko alokairuaren prezioaren % 30ekoa izango da, komunitatearen eta etxebizitzaren eranskinen gastuak kenduta, gehienez ere, hilero 200 €-ko balioarekin, sarreren batura 40.000 €-tik gorakoa eta 58.000 €-tik beherakoa bada.

 

  • Laguntza 0 izango da sarreren batura 58.000 €-tik gorakoa bada.

 

Era berean, errentak hiru alditan ordainduko dira, eta, horretarako, dagozkion hilerokoen ordainketak justifikatu beharko dira, ordainketaren justifikazioa telematikoki aurkeztuz.
Interesdunek ekainaren 6a baino lehen eta modu elektronikoan egin dezakete eskabidea www.elgoibar.eus webgunean. 

 

2022an 5 gazte elgoibartarrek alokairurako laguntzak jaso zituzten Udalaren eskutik; 6 urtetan, 94k

2022an Udalak 9 eskaera jaso zituen guztira, eta eskatutako baldintzak kontuan hartuta, 5 onartu ziren. Gazte bakoitzak 3.000 euro jaso zituen gehienez urteko alokairua ordaintzeko. Dirulaguntza hori aldatu egiten da bakoitzaren diru-sarreren arabera. 6 urtean 94 pertsonari eman die laguntza Udalak.