10.000 euro bideratu ditu Udalak 2022an emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen duten elkarteak laguntzeko

  • Bi dirulaguntza lerroen bitartez bideratu ditu Udalak 10.000 euro Elgoibarren emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde lan egiten duten elkarteentzat.
  • Udalak adierazi duenez, “dirulaguntza hauen bidez herrian genero berdintasuna sustatzea da gure helburua, Elgoibar berdintasunean eraikitzeko eta guztiontzat atsegina eta segurua izan dadin”.

Elgoibarko Udalak 2022an 10.000 euro bideratu ditu berdintasunaren alde lan egiten duten herriko elkarteetara. Bi dirulaguntza lerro atera zituen Udalak urte hasieran: bata emakumeen elkarteentzat eta bestea berdintasunaren arloan lan egiten duten herriko elkarteentzat orokorrean.

Udalak adierazi duenez, “dirulaguntza hauen bidez herrian genero berdintasuna sustatzea da helburua, Elgoibar berdintasunean eraikitzeko eta guztiontzat herri atsegina eta segurua izan dadin. Hori lortzeko beharrezkoa da gizarte guztiaren inplikazioa eta horregatik sinisten dugu eragileekin lankidetzaren garrantzian, elkarlanean lanketa sakonagoa egiten dugulako eta gizarteko kolektibo desberdinetara iristen garelako.”

1.050 euroko dirulaguntza eman zaio Ongarri Zinema Klubari, 1.500 eurokoa Almaur Elkarteari eta 1.450 eurokoa Zubiondo Xake Elkarteari, emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko programa espezifikoak gara ditzaten, film feministak, hausnarketa-tailer mistoak eta emakumeentzako xake txapelketa antolatzeko.

Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko programa zehatzak garatzen dituzten Elgoibarko emakumeen elkarteentzat dirulaguntza lerroan, aldiz, Haizea Emakumeen Taldeak 6.000 euroko dirulaguntza jaso du ahalduntze feminista programa burutzeko.