Bikote eta ezkonberriei  zuzenduriko transmisio kanpaina

Gurasoekin egiten den bezala, bikote eta ezkonberriei zuzenduriko kanpaina ere antolatzen du urtero Udalak. Bikoteek ere etorkizunean guraso izan nahi badute, oraintxe dute euskara ikasteko edo sakontzeko aukera.. Horrela, euren ondorengoei hitz egin, ipuinak kontatu eta eskolako lanak egiten lagundu ahal izango baitiete. Gauza jakina da, hizkuntza baten ikasketa prozesua ez dela berehala burutzen eta, horrela, gauzak ulertzeko eta, era berean, elkarrizketa batean moldatzeko gaitasunaz jabetu arte, gutxienez, bi urte behar direla euskaltegi batean.

Beraz, bikote eta ezkonberriak euskara ikastera animatu nahi ditu Elgoibarko Udalak, eta horretarako, “zure eginkizuna, bere etorkizuna”. Lemadun kanpaina jarri du martxan.

Kanpaina hau bideratu ahal izateko ere, ezinbestekoa izan da Elgoibarko epaitegiko langileen laguntza, bikoteek epaitegian euren datuak ematerakoan jasoko baitute Udalaren mezua eta  triptikoa..

Bikoteen hizkuntza gaitasuna kontuan harturik, hiru mezu ezberdin prestatu ditu Udaleko Euskara Batzordeak:

  • Bikote euskaldunei zuzendutakoa.

  • Bikote erdaldunei zuzendutakoa

  • Bikote mistoei zuzendutakoa

Beraz, zorionak emateaz gain, euskara erabiltzeko edota ikasteko aholkua ematen die Udalak bikoteei eta ez hori bakarrik, euskara ikasteko udalak ematen dituen dirulaguntzen berri ere ematen die.

 

Haurra izan berri duten gurasoei zuzenduriko kanpaina

Familia da hizkuntza transmititzeko biderik nagusiena eta errazena. Transmisio horretan gurasoek duten garrantziaz oharturik, Udalak haurra izan berri duten gurasoei zuzenduriko kanpaina jarri zuen martxan 2001ean eta ildo beretik jarraitzen du.

Kanpaina hau bideratu ahal izateko, hiru euskarri erabiltzen ditu udalak:

  • Gutuna: zorionak emanez eta euskara erabiltzeko edota ikasteko aholkua emanez, horretarako Udalak ematen dituen dirulaguntzak gogora araziz.

  • Triptikoa: gurasoen hizkuntza gaitasuna kontuan harturik, hiru mezu ezberdin prestatu ditu Udaleko Euskara Batzordeak: lehenengoa, guraso euskaldunei zuzendutakoa; bigarrena, guraso erdaldunei zuzendutakoa; eta hirugarrena, guraso mistoei zuzendutakoa.

  • “Punpalaplan Euskal Jolasen Bilduma (3)”: Udalak, orain arte, “Kontu Txikiak” eta “Txikia Izanik” izeneko materiala banatu du haurra izan berri duten gurasoen artean.

Beraz, transmisio kanpainaren bidez, Udalak euskara erabiltzeko edota ikasteko deia egin eta euskara ikasteko ematen dituen diru-laguntzen berri eman nahi die haurra izan berri duten gurasoei. Hala, 0-12 urte bitarteko haurrak dituzten gurasoek matrikularen erdia ordainduko dute Elgoibarko euskaltegietan, eta halaber, beka lortzeko aukera ere izango dute.

 

Kanpaina bideratu ahal izateko, ezinbestekoa da Elgoibarko bake epaitegiko langileen laguntza, gurasoek epaitegian haurra inskribatzerakoan jasotzen baitituzte Udalaren mezua eta triptikoa. Euskarazko jolas eta abestiei buruzko materiala “Punpalaplan Euskal Jolasen Bilduma” jasotzeko, berriz, Kultur Etxera, Udaleko Euskara Sailera,  bertaratu beharko dute, bulego orduetan (07:30-15:00).