Euskal inauteriak Foruen PlazanUrtarrila: Urtarrilaren 17an San Anton jaiak izaten dira.

Otsaila: Otsailaren 3an, San Blas ospatzen da Elgoibarren. Gure eskualdean oso ezaguna eta berezia den ohiturari jarraituz, San Blas opilak egin (errezeta) eta bedeinkatzen dira. Usadioaren arabera, bedeinkatutako lokarria lepoan zintzilikatu behar da bederatzi egunez, eta gero, Agur Maria errezatu ondoren, lokarria erre egin behar da. Esaten denez, neguan zehar katarrorik ez harrapatzeko erarik onena da.Otsailaren 5ean, Santa Ageda eguna da. Elgoibarren, bezperan, hilaren 4an, Santa Agedako koruak kalez kale ateratzen dira, eta jasotako dirua Caritasi ematen diote. Horrez gain, duela urte batzuk, Elgoibarko Izarra KulturElkarteak auzoz auzo eta baserriz baserri ateratzeari ekin zion.Otsailean, bestalde, Inauteriak ospatzen dira Elgoibarren, batez ere larunbatean eta asteartean, beste hainbat eta hainbat tokitan bezala.

Trinitate jaietako Nagusien danborradaMaiatza: Galizia Etxekoek maiatzean ospatzen dituzte  "Semana das Letras Galegas" izeneko jaiak. Besteak beste, jaki tipikoak dastatu, galiziarren folklorea ezagutu eta euren musikarekin giro ederrean ongi pasatzeko aukera izaten da. Bestalde, galiziarrek "Festa do Magosto" ere ospatzen dute azaroan. Herritarrei gaztaina erreak eta ribeiro ardoa dastatzeko aukera eskaintzen diete.Maiatzaren bukaeran edo ekainaren hasieran Trinitate Jaiak izaten dira. Egun horietan tanborrada ateratzen da kalez kale giro aparta sortuz. Etxegina zenak sortutako tanborrada desagertu eta 1995. urtean berreskuratu zen. Trinitate bezperan neska eta mutilez osatutako nagusien tanborrada izaten da ikusgai eta entzungai kaleetan. Igandean, berriz, artisau feria izaten da.

Ekaina: Ekainaren 23an San Juan suak izaten dira, Altzolako jaietan.

 

Uztaila: Sargoateko erromeria duela 30 urte ospatu zen azken aldiz. 1996an, berriz, Elgoibarko Izarrak, Sallobente Elkarteak, DEBEMENek, Elgoibarko Udalak eta Morkaiko Mendizale Elkarteak aipatutako erromeria berreskuratu zuten. Hortaz, uztailaren 25ean, Santiago egunean, meza nagusia, bertsolariak eta trikitilariak, bazkaria eta erromeria izaten dira Sargoateko iturri inguruan dagoen zelaian, Sallobente-Ermuaran auzoan.Txupinazoa

Abuztua: Abuztuan, berriz, hilaren 23an San Bartolome jaiei ematen zaie hasiera. Herriko jai nagusiak dira, patronalak, eta jai horietan hainbat eta hainbat ekintza izaten da. Batzuk aipatzearren; sokamuturra eta Mauxitxa Txaranga. San Bartolome jaietan Txiki eguna izaten da nagusi. Benetan berezia izaten da egun hau. Izan ere, garai batean, goizeko sokamuturraren ostean, jendeak mahatsa jateko ohitura zuen. Egun batean, norbait jendeari mahats aleak botatzen hasi zen eta, denborarekin, mahats aleekin egiten zena ardo beltzarekin egitera pasa da. Horrela bada, gaur egun, Txiki egunean herritarrak kamiseta zuria eta zapi gorria jantzita ateratzen dira. Goizean koadrila osoa elkartu eta txikiteoa egiten dute. Txikiteo horretan batak besteari ardo beltza botatzen diote, guztiek ardoz blai bukatu arte. Arratsaldeko 2ak aldera, herritarrak Errosario kalera joan eta, Mauxitxa txarangaren musikari jarraituz, kalejira luzea egiten dute festa giroan Foruen Plazara iritsi arte.1932an San Bartolome txiki egunean, eguerdian "Soka-dantza" dantzatzen hasi zen. Gaur egun San Bartolome egunean dantzatzen da, eta elgoibartarrentzat ohore haundia da dantza honekin omendua izatea.Elgoibarren, jaietan izaten diren sokamuturrek izugarrizko garrantzia dute. Sokamuturrei buruzko lehen aipamenak 1660ko idatzi batzuetan aurkitu dira, ohitura gaur egunera arte mantendu delarik.San Bartolome eguneko prozesioari dagokionez, urte luzetan bertan behera utzita egon ondoren, 1997an prozesioa ospatzeko ohitura berreskuratu zen. Juan Mugerza nazioarteko krosaElgoibarko gainontzeko auzoek ere ospatzen dituzte euren jaiak. Ekainaren 29an Idotorbe (San Pedro) auzokoak izaten dira. Sallobetente-Ermuaranekoak abuztuaren 10ean. Azkue (San Roke) auzokoak abuztuaren 14an, eta Aiastia (San Migel) auzokoak irailaren 29an izan ohi dira.

 

Beste jarduera interesgarri batzuk:
Urtea hasteko, urtarrilean Juan Mugerza Nazioarteko Kros ospetsua izaten da Elgoibarren, bertara nazioarteko korrikalari onenak etortzen direlarik. Duatloia ere izaten da maiatza aldera, Urgazik antolatua, eta lasterketa honetan bizikletan eta korrika aritzen dira.Urte osoan zehar, hilaren azken larunbatean, ganadu azoka ospatzen da herrian.

Gainera, urteko azken larunbatean Gabon Zaharretako azoka handia ospatzen da. Bertan, inguruko baserrietako mota guztietako produktuak (barazki, fruta, gazta, eztia...) erosteko aukera izaten da, hainbat arrazatako abereak ikusi...Gabon Zaharretako nekazal azokaMaiatzean, berriz, Morkaiko Mendizale Elkarteak Elgoibarko Mendi Itzulia antolatzen du. Partehartzaileek 40 km inguru egin behar izaten dituzte oinez, herriko mendiak zeharkatuz.Ez dira falta beste kirol eta kultur jarduera batzuk ere; adibidez: Nazioarteko Folklore jaialdia, zine kluba eta aire libreko zinea, erakusketak, antzerkiak, Nahaste borraste herri proba, atletismoko, txirrindularitzako, areto futboleko... txapelketak, eta abar.