Elgoibartar ospetsuak

AGIRRE, FRANTZISKO
AGIRREKO GREGORIO
AIZPITARTE, JOSE MARIA
ALKORTA, NICOLAS
ALTZOLAKO ASCENSIO
ALTZOLAKO BARTOLOME
ALTZOLA ETA KONPORTAETAKO FRAI DOMINGO
AMUSKOTEGIKO FRAI PEDRO
ARANDIAKO MARTIN
ARENAZA, PEDRO
ARRILLAGA, ANTONIO
ARRILLAGA AREIZAGA, PEDRO
ARRILLAGA, JUAN
BASARTEKO PEDRO
BERISTAIN , TIBURTZIO
EGIZABAL, MARIA ANTONIA
ELORZA, ANTONIO
ERMUA, JUAN
ESCALADA OLASO, GARCIA/GARCIGALLO

ESTARTA LANDA, EULOGIO
EZENARRO, BERNARDO
GABIOLA, SIMON
IBARRAKO FRANTZISKO
IBARRAKO JUAN
IBINAGAKO PEDRO
IRIONDO SASIAN, TORIBIO
IÑIGUEZ ETA KARKIZAOKO MARTIN
ITURRIZA, PEDRO JOSE
ITURRIZA, JUAN
KARKIZAOKO SEBASTIAN
KRUTZELEGI ARRIOLA, GABRIEL
LARRUNBIDEKO EUGENIO
LARRUNBIDEKO ,PEDRO MARTIN

LEKUNBERRIKO ANDRES
LIZARRITURRI, ILDEFONSO
LIZUNDIA, FRANCISCO
LONGA, LUCAS
MARIGORTA, CRISTOBAL
MARIGORTA, PEDRO

MAZZANTINI y EGUIA, LUIS 
MUGERZA JOSE MARIA
MUGERZA, JUAN
MUGURUZA, PEDRO
MUGURUZA, DOMINGO
ODRIOZOLAKO MARIA AGEDA
OLASO, DIEGO
OLIDEN, GASPAR
OSORO, ANGEL.
SANCHEZ KARKIZAO ETA ARRIAGAKO MARTIN
URIBE, PLACIDA MARIA JESUS
URRUZUNO SALEGI, PEDRO MIGEL
ZABALA, MARTIN
ZABALA, JUAN MARTINEZ
ZABALA, SEBASTIAN
ZENDOIA BARRENETXEA, LUIS
ZIARAN, CRISANTO
ZIARAN, FRAI ANGEL
ZULOETA, PEDRO

Pedro Miguel Urruzuno
Pedro Migel Urruzuno Salegi
(1844 – 1923)

Pedro Migel Urruzuno Salegi 1844ko apirilaren 29an jaio zen Elgoibarren, eta apaiz egin ondoren ia bizitza osoa Mendaron eman zuen, lehenengo erretore bezala eta gero Agustinetako kaperau bezala.
Euskal idazle eta olerkari bezala Elgoibarko eta Mendaroko herrien esker ona ezezik, Euskalerri osoarena ere merezi du.
Bere izen-deiturekin gehienetan, eta baita batzutan “Ur-zale bat” eta beste horrelako izenordeekin ere, “Euskalzale”, “Ibaizabal”, “Euskalerria”, “Euskal esnalea” eta “Argia” aldizkarietan ehunka ipuin eta olerki zoragarri idatzi zituen.

Urruzunok bere lanetan erabiltzen zituen hizkuntza eta idazkera herrikoi eta jatorrak ziren. 1930. urtean argitaratutako” liburuaren hitzaurrean, honela zioen berak gai honetaz:
“Nere eginkizuna da, euskaldun guzien artean irakurtzeko zaletasuna piztea. Ortarako gauza errez ta atsegiñak bear dira oraindik. Gauza zaill ta landuaz aspertu ta nazkatu egiten baitira euskaldun geienak. Lotsagarria bada ere, egia ezin ukatu”.Auspoa argitaletxeak bost liburu ditu argitaratuak: “Euskalerritik zerura”, “Iru ziri”, “Sasiletrau baten ziria”, “Ur-zale baten ipuiak” eta “Urruzuno tar P.M.en Ipuiak”. Itzulpen garrantzitsuak ere egin zituen Urruzunok, adibidez, 1915ean Durango "Meza Santua zer dan" argitaratu zen, Martin Cochem alemanaren liburuaren itzulpena edo berak itzulitako beste liburu bat, Baudranek Aitaren erlijio-lan baten itzulpenak, 6 argitalpen izan zituen.
Aita Villasantek esandakoa gogoratuz, Urruzunoren “Ipuiak” euskal literaturaren herrikoiaren eredu izan beharko luke. Euskal umoreari dagokionez, esan genezake Euskal Herriak idazle gutxi izan dituela Urruzunok bezala euskal umore berezi hori bere lanetan azaldu dutenak. Pedro Miguel Urruzuno idazle euskaltzalea Mendaron hil zen 1923ko apirilaren 14an.

HASIERA

Luis Mazantini
Luis Mazzantini y Eguia 
(1856-1926)

XIX. mende amaierako pertsonaia karismatsuenetako bat da. Giuseppe Mazzantini inginieru italiarraren eta Bonifacia Eguiaren semea Erroman hezi zen, eta errege-gazteluan lan egin zuen, trenbideetan lan egiten hasi aurretik. Hala ere, lan hura laster utzi zuen, zezenen muduan proba egiteko. Lankideen artean "El Señorito Loco" deitzen zioten, baina merezitako errekonozimendua "Rey del Volapié" ezizenarekin lortu zuen. Eta "Lagartijo", "Frascuelo", "El Guerra" edo "Espartero" toreatzaile famatuenen artean ibili zen.

Gainera, Madrileko zezenplazako enpresari izan zen, eta baita abeltzain ere. Zezenzaleen artean fraka jazteko aukera ere izan zuen, eta ohitura iraultzaile baten eragile izan zen: berak ezarri zuen zezenketan zozketa egiteko ohitura. Garaiko jakintsuen artean egon zen, eta Zuloaga famatuak 98. belaunaldiko toreatzailea deitu zion. Benlliure, Lhardy, Zorrilla eta Unamunoren adiskide izanak, Peña eta Goñi kazetarieri dolua proposatu zien, eta Sarah Bernhard maitemintzea lortu zuen. Zezenen mundua behin betiko utzi ondoren, Madrileko Udaleko zinegotzia izan zen, eta baita Avila eta Guadalajarako gobernadore zibil ere.

HASIERA

aitaagirreD. Fr. Frantzisko Aguirre Murga
(1863-1941) 1942an Elgoibarko seme kutun izendatu zuten.

Frantzisko Aguirrek, Aita Aguirre izenaz ezagunagoa izan zenak, Dominikoen sotana zuria jaso zuen Toledon dagoen Ocaña herriko Santo Domingo komentuan, 1879ko irailaren 13an. Elizgizon ikasketak egin zituen eta baita emaitza ezin hobeekin bukatu ere. 1887ko apirilean presbiteratua lortu zuen. Handik hilabete gutxira, Txinako Fukien probintziara iritsi zen. Bertan izugarrizko apostolatua egin zuen. Asian zehar, kristautasuna zabaltzeko lan garrantzitsua egin zuen, besteak beste, apaiz nahiz abadeak bideratuz, misioak zuzenduz eta eskolak sortuz.

HASIERA

beristainTiburtzio Beristain Berriozabal
(1904-1953)

San Bartolome kalean jaioa, bost anaiaren artean gazteena izan zen. Gaztetatik izan zuen kiroletarako joera, eta Haundiko atezaina zelarik, Deportibo Alavesek kontratua egin zion. Horrela, Elgoibarrek izan duen lehendabiziko kirolari profesionaletako bat bihurtu zen. Aurrerapen handiak egin zituen eta Errealarekin fitxatzeko aukera izan zuen. Urte batzuk geroago, Iruneko Real Union talde famatuak fitxatu zuen.
Garaiko hainbat talde garrantzitsuen aurka ibili zen atezain lanetan, eta horretaz gain, Espainiako selekzioaren partida internazionalak jokatzeko deitu zioten hainbatetan. Han, Real Madrideko Ricardo Zamora atezain titular famatuarekin topo egin zuen. Gerrate Zibila zela eta, bere karrera bertan behera geratu zen, baina ez zuen hain gustoko zuen kirola utzi, eta Haundiko atea defendatzeari ekin zion berriz ere. Gero, taldearen entrenatzaile bihurtu zen.

HASIERA


Pedro Muguruza Otaño 
(1893-1952) 1946ko abuztuaren 8an Elgoibarko seme kutun izendatu zuten.

1916. urtean Madrileko Arkitekturako Goi-Eskolan promozioko lehenengo postuan lizentziatu zen. Lau urte geroago, oposizioetan, eskola hartako Proiektuen Katedra lortu zuen. Gerra Zibilean, 1937 urtean, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostian langela bat jarri zuen bere esku, Hirigintza eta Arkitektura Antolakuntzan lan egin zezan. Lan haiek bere anaia Jose Mariaren laguntzaz burutu zituen. Urtebete beranduago, San Fernandoko Arte Ederren Errege-Akademian sartzea lortu zuen.

Garrantzi handiko hainbat kargu bere gain hartu ondoren, 1946 urtean, Arkitektu Eskolen Kontseilu Gorenaren eta Arkitektuen Ermandade Nazionalaren Administrazio Kontseiluko lehendakari izendatu zuten. Muguruza izan zen ermandadearen sortzaile. Honetaz gain, arkitektuen lehenengo Zuzendari Gorena izan zen, eta Arkitekturako Goi-Eskolan bere izena zuen katedra bat sortu zen.
Bere lan anitzen artean garrantzitsuenak: Elgoibarko merkatua, Madrileko Prentsa egoitza eta Coliseum eraikina; Hermanos Becquer kaleko Jauregi etxea; "Valle de los Caidos"-eko basilikaren proiektua (bera hiltzean, Diego Mendez ikasleak burutu zuena); Gorteen Jauregiko konponketa lanak, Santanderreko berreraikuntza plana edo eta Hondarribiako Zabalkuntza.
Gainera, Coullaut Varela eskultorearekin batera jardun zuen hainbat monumentu eraikitzen, esaterako, Madrilen Cervantesi eskainitakoa, edo Trujillon Pizarrori eskainitakoa, edo Monteviedon Zabalari eskainitakoa. Bere lanen artean daude, halaber, Bilbaoko Sagrado Corazon famatua eta Donostiako Urgull mendiakoa.

HASIERA

AGIRREKO GREGORIO.
Araozko (Oñati) Agirre etxeko ondorengoa, baina gazterik Elgoibarrera etorri zen bizi izatera. Elortzako Antonioren, burdin saregile ospetsuaren, alabarekin ezkondu zen. Gregoriok aitaginarrebarekin ikasi zuen ofizioa. Arkitekto eta armagin handia izan zen. Burdina ebakitzeko eta kanoiak karrakatzeko makina bat asmatu zuen.

HASIERA


AIZPITARTE, JOSE MARIA.
16 urterekin Gasteizera joan zen Arteak eta Letrak ikastera. Bertan Peñafloridako kondearen (“Euskalerriko Adiskideen Elkartearen” sortzailea) kide zen Montehermosoko markesaren etxean egon zen maiordomo. Bertan, euskara-gaztelania hiztegi bat egin zuen. Aizkibelek, euskal bibliografo eta hiztegigile azkoitiarrak, “Diccionario Basco-Español-Euskeratik erderara biurtzeko iztegia” egiteko oinarritzat hartu zuen. Aizpitarteren hiztegia ez zen inoiz argitaratu.

HASIERA


ALKORTA, NICOLAS.
1845ean Idotorbe (San Pedro) auzoko maisu izendatu zuten. Aurretik, kaleko maisuaren laguntzaile izan zen. Aiastia (San Migel) auzoko ermita egin zutenean, bera arduratu zen ermita eraikitzeko zeregin guztiez: berak antolatu zuen auzolana, paper kontua. Ermitako aldarea eta erretaula ere berak egin zituen. Oso esku ona zuen horrelako gauzetarako. 

HASIERA


ALTZOLAKO  ASCENSIO.
Kapitaina. Merkataritza-enpresa handiak izan zituen Sevillan eta Mexikon. Bere ontziekin jardun zuen merkataritzan. Elgoibarko alkate izan zen 1564 urtean.

HASIERA


ALTZOLAKO BARTOLOME.
Kapitaina. Aurrekoaren semea. Aita bezala, bere merkataritza-enpresengatik izan zen ezaguna. Elgoibarko alkate izan zen 1598an.

HASIERA


ALTZOLA ETA KONPORTAETAKO FRAI DOMINGO.
Santo Domingoren ordenako erlijiosoa izan zen. Valladolideko San Pablo Errege Komentuan egin zuen abitu-hartzea, eta Guadalajarako (Mexiko) gotzain izateko aurkeztu zuten, 1582an. Altzolan jaio zen, eta bertako eliza bere laguntzari esker eraiki zuten. Mexikon beste gotzain euskaldun baten, Frai Francisco Mendiolaren, ondorengoa izan zen.

HASIERA


AMUSKOTEGIKO FRAI PEDRO.
Frantziskotarren idazkari nagusia eta Kantabriako probintziala.

HASIERA


ARANDIAKO MARTIN.
Arkitektoa.Valladolideko Santiago eta San Benito elizetako lanak burutu zituen.

HASIERA


ARENAZA, PEDRO.
Valentziako artzapezpikuaren bikario nagusi, probisore, gobernadore eta Llerenako Inkisizioaren Ofizio Santuko fiskal izan zen 1736an, Valentzian ere ofizio berean jarduteko aukera zuelarik.

HASIERA


ARRILLAGA, ANTONIO.
Mediku eta zirujau ospetsua (1886-1961). 1886ko urtarrilaren 17an jaio zen Arnoate baserrian. Ospitalea jarri zuen San Inazio kalean. Gizon ospetsua, traumatologia arloan ospe handia izan zuen. Horretaz gain Elgoibarko, eta orokorrean, Euskal Herriko historialari eta ikerlari izan zen. Herriko alkate izan zen 1918-20 eta 1924-30 urteen bitartean. Oso kristaua, gizon ona eta lagun hobea, ezagutu dutenek diotenez. Mendizalea eta kirolzalea oso, pilotan ere jokatzen zuen.

HASIERA


ARRILLAGA AREIZAGA, PEDRO.
Zirujaua. Elgoibarko traumatologia eskolaren sortzailea.

HASIERA


ARRILLAGA, JUAN
Bartolome Elorzarekin batera, burdingintza artistikoaren tradizioaren jarraitzaile izan zen. Haren hainbat lan 1696an eraikitako Burgosko katedralean daude.

HASIERA


 BASARTEKOPEDRO.
Erregearen idazkaria.

HASIERA


EGIZABAL, MARIA ANTONIA.
Jaiotzez antzuolarra. Longako Lucasen, Elgoibarko parrokia egin zuten arkitektoetariko baten emaztea. Longa arkitektoa obra bukatu baino lehen hil zenean, Maria Antoniak hartu behar izan zuen obraren ardura: kontratazioak, gestioak, ordainketak...

HASIERA


ELORZA, ANTONIO. (1680-1734).
Bartolome Elorza burdinsaregilearen semea. Longa arkitektoaren iloba batekin ezkondu zen. Herriko erregidore izan zen 1718-19 urteen bitartean, eta herriko alkate 1723-24 urteetan. Burdinsareak eta balaustreak egiteaz gain, kanoiak ere forjatzen zituen. Bere ardurapean zeuden ikasleei ofizio biak irakasten zizkien. Antonioren lanak ikusi ahal izango ditugu, besteak beste, Segoviako katedralean, Burgosko katedralean, Madrileko “El Retiro” delakoan, Calahorrako katedralean, Santo Domingo de la Calzadako katedralean, Logroñoko “La Redonda” kolejiatan, Alfaroko, Sesmako eta Lizarrako parrokietan, Iruñeko San Fermin kaperan, Gasteizko San Frantzisko komentuan, Loiolako Santutegian, ...

HASIERA


ERMUA, JUAN.
Ermuko Simonen eta Ana Abaranen semea. Txilera joan zen, eta bertan, Erresumako indiarren babesle izan zen. Meatzeetako Eskribau ere izan zen, baina 1634an uko egin zion karguari. Bigarren aldiz ezkondu zen Marcela Contreras, Mondragonekin. Bere seme-alaben artean honako hauek aipatuko ditugu: Juan, Txileko Santiagoko katedraleko eskola maisua, eta Cristobalina, Iñigo Orueta kapitain bilbaotarrarekin ezkondua.

HASIERA


ESCALADA OLASO, GARCIA/GARCIGALLO
Felipe III erregearen idazkaria eta laguntzailea.

HASIERA


ESTARTA LANDA, EULOGIO. (1891-1955)
1956ko martxoaren 20an Elgoibarko seme kutun izendatu zuten.
Enpresaria eta Elgoibarko industriaren aitzindari handia. Arrazoi horregatik herriko seme kutun izendatu zuten, eta 1956an, Lanaren Urrezko Domina eman zioten. Hasiera batean, Santa Ana eta San Inazio kaleetan izan zituen tailerrak. Bertan zulatzeko eta urdaia mozteko makinak egiten zituzten. Gerora, 1913 urtean hain zuzen, “Estarta y Ecenarro” enpresa sortu zuen Teodoro Ecenarrorekin batera. 1943 urtean, enpresa hori elkarte anonimo bihurtu zen. 1955 urtean, “Estarta y Ecenarro” enpresak 611 langile zituen. Enpresa hori, geroago, “Sigma” izenaz ezagutu genuen. Lehenengotan, prentsak egiten zituzten, baina “Sigma” josteko makina izan da fabrikatu zuten produkturik ezagunena. Aurrerago, makina erreminta egiten hasi ziren “Sigma” enpresan. Eulogio Estarta 1955 urtean hil zen, Bartzelonan.

HASIERA


EZENARRO, BERNARDO. (1873-1956)
Irakaslea. 13 urterekin marrazketa lineala eta artistikoa ikasten hasi zen Eibarren. Donostian ikasketak sakondu ostean, Parisko Arte Akademian amaitu zituen ikasketak, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako beka bati esker. Elgoibarrera bueltatzean, Marrazketa Akademiaren ardura hartu zuen. 1916an Arte eta Lanbide Eskola sortu zuen Elgoibarren. Bertako zuzendari izan zen 78 urterekin jubilatu zen arte. Guztira, 52 urte egin zituen irakaskuntzan. 1952ko ekainaren 29an Udalak omenaldia egin zion. 1969an herriko kale bati bere izena jartzea erabaki zuen Udalbatzak. Gaur egun, Lanbide Heziketa Institutuak bere izena darama.

HASIERA


GABIOLA, SIMON.
1582 urtean jaio zen. Santiagoren ordenako zalduna izan zen. Ontzidietako eta Galeoietako ordaintzaile nagusia.

HASIERA


IBARRAKO FRANTZISKO.
Santiagoren ordenako zalduna; Gerrako Errege Kontseiluko idazkaria eta kontseilaria; Indietako Gerra Kontseiluko eta Haziendako kontseilaria.

HASIERA


IBARRAKO JUAN.
Infanteriako kapitaina.

HASIERA


IBINAGAKO PEDRO.
Jaiotzez ermuarra. 1560an lehenengo udal eskola ireki zen Elgoibarren, eta bera izan zen eskola hartako lehenengo maisua.

HASIERA


IRIONDO SASIAN, TORIBIO. (1848-1922).
Apaiza. Pedro Migel Urruzuno apaiz eta idazle elgoibartarraren adiskidea. Euskarazko eliz kanten egilea. Haien artean ezagunena mezatan oraindik ere abesten den “Ogi Zerutik” kanta da. Horretaz gain, hainbat idazlan eta bertso ere idatzi zituen. Euskal idazleen artean toki berezi bat merezi du.

HASIERA


IÑIGUEZ ETA KARKIZAOKO MARTIN.
Gure herriko pertsonaiarik ospetsuenetakoa. Loaysaren bigarren espedizio bidaian parte hartu zuen. Bidaia horretan bizia galdu zuten Elkano getariarrak, eta baita Loaysak berak ere.. A Coruñatik irten ziren zazpi ontzirekin, 1525eko uztailaren 24an. Oso adoretsua zenez, Elkano edo Loaysa hil ondoren, sarraskiak jotako tripulazioaren ardura hartu zuen, eta itsasoaren erasoei aurre egin zien. 1527ko uztailaren 12an pozonduta hil zen Tidor uhartean, eskaini zioten bazkari batean. Elgoibarko herriak etxebizitza multzo bat eraiki zuen bere omenez.

HASIERA


ITURRIZA, PEDRO JOSE.
Karlisten brigadierra izan zen, 1836an.

HASIERA


ITURRIZA, JUAN.
Eskultorea. Urkiolako aldare nagusiko erretaularen egilea.

HASIERA


KARKIZAOKO SEBASTIAN.
Errege Gudarosteen hornikuntza ikuskatzailea. Maltan hil zen, gudan gartsu borrokan ari zela, XVI. mendean.

HASIERA


KRUTZELEGI ARRIOLA, GABRIEL. (1635-1689).
Bere bizitzako une batean Elgoibar utzi, eta Madrilera joan zen bizi izatera. Madrilen, Santiagoren ordenako zaldun izendatu zuten. Gerra Kontseilu Goreneko eta Sevillako 24etako kide izan zen. Barloventoko jenerala izatera iritsi zen, eta Erregeak galeoietako almirante izendatu zuen. 1684 urtean Filipinetako gobernadore kargua hartu zuen. Herrialdea zatituta aurkitu zuen, lehengo gobernadorearen aldekoak batetik, eta Frai Felipe Pardo gotzainaren aldekoak bestetik. Gogor jokatu zuen Krutzelegik, gobernadore ohia epaitu eta erbesteratu egin zuen. Bera hil eta gero, berriz hasi ziren boterea hartzeko liskarrak. 1689an hil, eta Manilako Frantziskotarren komentuan lurperatu zuten.

HASIERA


LARRUNBIDEKO EUGENIO
Itsas-armadako eta Gerrako Auzitegiko ministroa. 1836an hil zen.

HASIERA


LARRUNBIDEKO PEDRO MARTIN.
Carlos IIIaren Ordenako zalduna. Burdinoletarako harrizko hauspoak asmatu zituen.

HASIERA


LEKUNBERRIKO ANDRES.
Eskultorea eta arkitektoa. Bere bi lan Lekeitioko Santa Maria elizan daude. Olasoko parrokiarako aldarea, hau da, gurutze aldarerako erretaula berak egin zuen.

HASIERA


LIZARRITURRI, ILDEFONSO.
Organojole eta musikagile bikaina.

HASIERA


LIZUNDIA, FRANCISCO.
Real Gradoko lehenengo markesa.

HASIERA


LONGA, LUCAS.
Mendaron jaio zen. Arkitekto bikaina izan zen. 1693 urtean hasi zen Elgoibarko San Bartolome eliza eraikitzen, baina ezin izan zuen bukatu, 1714an hil egin baitzen. Bere emazte Maria Antonia Egizabalek jarraitu zuen eraikuntza lanarekin. Longari zor diogu, halaber, Urduñako haitza ireki izana. Elgoibarko Altzola auzoan, arku eta habeen gainean hainbat etxe egin zituen.

HASIERA


MARIGORTA, CRISTOBAL.
Burdinsaregile bikaina. Burdinean eta eztainuan landu zuen Azpeitiko parrokian dagoen Zurbano gotzainaren kaperako burdinsare artistikoa. Burdinsareak bost metroko luzera eta sei metroko zabalera du. Bi atalez osatua dago. Bi atalon gainean, mailuz landutako friso polikromatu bat dago. Friso horrek apaindura gotikoa eta prisma tankerako barroteak ditu. Frisoak gailurreria dotore bati eusten dio. Friso horretan aipagarriak dira aingeruen irudiak.

HASIERA


MARIGORTA, PEDRO.
Aurrekoaren semea, 1673an bi burdinsare eder landu zituen; bata Gasteizko Aramayona doktorearen etxerako, eta bestea, Bergarako Zabala jauregirako. Beste hainbat lan ere egin zituen: esaterako, Bermeoko Frantziskotarren komentuko eta Asteasuko parrokiako erlojuak, Urretxuko parrokiako pulpitua, burdinazko balaustreduna. Gaur egun, pulpitu moderno bat dago, lehengoaren ordez.

HASIERA


MUGERZA JOSE MARIA.
Zamorako katedraleko organojolea eta musikagile bikaina. Hainbat lehiaketatan sariak jaso zituen: Murtzian, Catanian (Italia)...

HASIERA


MUGERZA JUAN. (1900-1937).
Korrikalaria izan zen. Entzute handia lortu zuen herriz herri egiten ziren kros lasterketetan. Espainiako txapeldun izan zen 1917 urtetik 1923 urtera bitartean 5.000, 1.500 eta 800 metrotan. Horretaz gain, Espainiako txapeldun izan zen 110 metro hesietan, bai eta taldekako erreleboetan ere. 1920an Anbereseko (Belgika) olinpiadan, 5.000 metroko lasterketan, zortzigarren postuan geratu zen, eta 1.500 metrotan, seigarren. Behobia-Donostia lasterketako lehen edizioa ere berak irabazi zuen. 37 urterekin hil zen, Gerra Zibilean, Mungiako bonbardaketa batean. Bere omenez, Juan Mugerza Memoriala sortu zen 1943 urtean.

HASIERA


MUGURUZA, DOMINGO.
Ubide eta Portuetako ingeniaria. M.Z.A. trenbideetako zuzendari ordea. Murtziako urtegien egilea.

HASIERA


 ODRIOZOLAKO MARIA AGEDA.
Herriko lehenengo maistra izan zen, 1763 urtean.

HASIERA


OLASO, DIEGO.
Erregearen baleztari nagusia.

HASIERA


OLIDEN, GASPAR.
Aita agurgarria, San Cayetanoren ordenako kleriko erregeladuna. Erroman bizi izan zen (1712).

HASIERA


OSORO, ANGEL.
“Angel Mutriku” gaitzizenaz ezagutzen zuten. Gerra sortu zenean, preso hartu eta Hernanin hil zuten. Igeltsero fina eta euskaltzale sutsua. Euskal kultura eta folklorearekin zerikusia zuten guztien bultzatzailea. Aurreskularia, antzerkilaria eta baserri auzoetako erromerien antolatzailea. Euskal kantak ere irakasten zituen garai hartan Errosario kalean zegoen Batzokian. Garai hartako “Argia” aldizkarian herriko bost edo sei kolaboratzailek idazten zuten, eta guztien bultzatzaile izan zen Angel Osoro.

HASIERA


SANCHEZ KARKIZAO ETA ARRIAGAKO MARTIN.
Errege Katolikoen ganberako idazkaria.

HASIERA


URIBE, PLACIDA MARIA JESUS. (1857).
Alargundu ondoren, 42 urterekin edo, seme-alabarik izan ez eta, Santa Klarako komentuan sartu zen. Santa Klarako ikastetxea inauguratu zutenean, 1957ko urriaren 5ean hain zuzen, 100 urte bete zituen. Emakume diruduna. Bere ondasunik gehienak komentuari utzi zizkion. Emakume hori eredu izan zen arlo askotan. Bere senarra eta aitaginarreba komentuko elizan bertan hilobiratu zituen.

HASIERA


ZABALA, MARTIN.
Santiagoren ordenako zalduna. Isabel Abendañorekin ezkondu zen.

HASIERA


ZABALA, JUAN MARTINEZ.
Izen bereko orubearen jabea; orube hori, gaur egun ere, Altzolarako bidean, goi batean, dagoen dorrea da. Oraindik ere mantentzen ditu antzinako ospearen aztarnak.

HASIERA


ZABALA, SEBASTIAN.
Armadako hornikuntza ikuskatzailea. Maltan hil zen, gudan, borrokan ari zela.

HASIERA


ZENDOIA BARRENETXEA, LUIS.
Bide inginiaria. Sierra Menerako (Terueleko Ojos Negros herriko meatze esplotazioa) burdinbidearen trazatua burutu zuen. Saguntoko lanen bultzatzaile izan zen. Nafarroan, Obra Publikoetako zuzendari izan zen.

HASIERA


ZIARAN, CRISANTO.
Jesusen lagundikoa. Filosofo bikaina.

HASIERA


ZIARAN, FRAI ANGEL.
Domingotarren ordenakoa. Oso sermoilari ona

HASIERA


ZULOETA, PEDRO.
Almirantea, Santiagoren ordenako zalduna. Cadizen bizi izan zen, eta bertatik, laguntza handia eman zuen bere jaioterriko parrokia berria eraikitzeko.

HASIERA