Elgoibarren airetiko ikuspegia
Lurralde Historikoa:
Gipuzkoa
Barruti Judiziala: Bergara.
Eskualdea: Debabarrena.

Hedadura: 39´2 kms2 
Kokapena: Ekialdeko Long. 1º 18´40" Iparraldeko Latit. 43º 12´34".

Mugak: Iparraldean, Mendaro; hegoaldean, Bergara eta Soraluze;
ekialdean, Azkoitia eta mendebaldean, Eibar eta Etxebarria.

Orografia: Elgoibarrek Gipuzkoako probintziaren mendebaldea hartzen du, Deba ibaiaren ahotik 13 kilometrora dago, eta Bizkaiarekin muga egiten du. Deba ibaiaren ibarreko herri hau mendi malkartsuz inguratuta dago, hegoaldean batez ere. Landaretza, klima epelekoa, haritz, pago eta gaztainek osatzen dute, baina horiek gero eta urriagoak dira,insignis pinuaren presentzia gero eta nabarmenagoa da eta. 

Elgoibar mendiz inguratuz gero, honako ibilbide hau egingo dugu: Elgoibar (irteera), Maltzaga, Agiña-Maltza (Elgoibar-Soraluzeren banalerroa), Iturbeko iturria (1934ean Eibar kirol Taldeak eraikia), Karakate (742 m.), Atxolin (864 m.), Irukurutzeta (895 m.), Azkarateko mendatea, Urnobitza, Mausitxa (baserria), Beraseta (baserria), Altzola, Bioiñ (baserria), Ziarda-mendi, Urkaregi, Morkaiko (520 m.), Iru-Iturri, Kalamua (767 m.), Garaigoitxi lautada, Armazio, Aubixa, Saturioko zentrala (Elgoibar - Eibarren arteko banalerroa), Elgoibar (Helmuga Foruen Plazan).

Hidrografia: Sare hidrografikoa ibai nagusi batek osatzen du. Deba ibaiak hain zuzen. Ibai horrek hegoaldetik iparraldera zeharkatzen du herria. Eskuinaldean hirigunea kokatzen da. Bestalde, Azkarate, Muneta, Petomendi, Kalamua eta beste mendi batzuetatik behera datozen erreka ugariek bertan isurtzen dituzte urak, eta guztiek, halaber, bigarren mailako bailara txikiak osatzen dituzte.

Biztanleria: Elgoibarrek, Eibarrekin batera, Gipuzkoako hiri aglomeraziorik handienetakoa du. Udalerriaren hazkundea neurriz kanpokoa izan da, batez ere 1950. urtetik aurrera, etorkin-kopuru handia ekarri zuen industri garapenagatik.

Biztanlerik gehienak hirigunean eta auzoetan biltzen dira, horregatik oso gutxi dira udalerrian sakabanatuta bizi diren familiak. Baina, toki falta dela eta, herrian badira habitat arazoak;izan ere, topografikoki, Elgoibar estune batean kokatuta dago. Egoera honek, biztanleriaren dentsitate handiak eta pilaketa - egoerak dakartza, eta ondorioz, etxebizitzak eraikin industrialekin nahasten dira, eta horrela, eraikuntza-bloke garaiak ugaritzen dira.

1980. urtetik hona biztanleriak pixkanaka-pixkanaka behera egin du. Jaitsierarik handiena 1983an, Mendaroko Garagartza auzoa Elgoibartik banantu zenean, gertatu zen: gutxi gora-behera 1.100 biztanle galdu ziren.

Biztanleriaren dentsitatea kilometro karratuko 300 biztanlekoa da, gutxi gora-behera. Eustatek 2016ko azaroaren 16n kaleratutako datuen arabera Elgoibarrek 11.481 biztanle ditu.

Elgoibarko datu estatistikoak. Eustat weba.

Hiria osatzen duten auzoak Altzola, Sallobente-Ermuaran, Aiastia (San Migel), Idotorbe (San Pedro), Azkue (San Roke), Urruzuno eta Arriaga dira.

Komunikabideak: Gutxi gora behera, Elgoibar Euskadiko hiru hiriburuetatik 50 kilometrotara dago. Donostiara eta Bilbora, Bilbao-Behobia autopistaren, N-634 errepidearen eta Eusko Trenbideak trenbidearen bitartez irits daiteke. Gasteizera,aldiz,  Vasco-Aragonesarekin lotzen den A-8 autopistaren bidez, eta C-6213 errepidearen bidez.