Jaien balorazioa

  • Jaietan normaltasuna izan da nagusi, elgoibartarren zein bisitarien parte-hartzea, errespetua eta festa girorako gogoa azpimarratuz.
  • Guztira ehun ekitaldi inguru izan dira, eta horiek martxan jarri ahal izateko, Elgoibarko Udalak 169.930 euro bideratu ditu.
  • Ez da eraso sexistarik erregistratu. Udalak erasoen aurkako kanpaina berezi bat burutu du “Jaietan ere, ezetza ezetza da” lelopean. Ehundaka herritar eta bisitari sentsibilizatu, inplikatu eta mobilizatu dira.
  • Alkohol eta bestelako drogei buruzko prebentzio programak jarri dira martxan hauen kontsumoak dakarren arriskuez ohartarazteko.
    Alkohol postutik 263 pertsona igaro dira eta beste 208 testing gunetik.

Elgoibarko Udalak abuztuaren 22 eta 28 artean ospatutako San Bartolome jaietako balorazio ofizialaren inguruko prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean. Ane Beitiak, Elgoibarko alkateak eta Andrea Arriolak, Kultura saileko zinegotziak aurkeztu dute balantze orokorra eta ekitaldian bertan jaiak posible egin dituzten udal sailetako teknikari arduradunak ere presente egon dira.

Elgoibarko Udalak San Bartolomeren omenez ospatu diren jaietako emaitzak modu “guztiz positiboan” baloratu ditu. Gobernu taldeak, herritarrak zoriondu nahi izan ditu, beste urtebetez, bizikidetza eta normaltasuna nagusitu baitira jai egunetan zehar. Elgoibartarren parte hartzea eta jai giroaz gozatzeko espiritua nabarmenduz.

Ane Beitia alkatearen esanetan, “balantze positiboa egiteaz gain, San Bartolomeetan bizitako jai giroak, Udalak, herriko hainbat eragileekin elkarlanean eraikitako jai-eredua indartu baino besterik ez du egiten. Aurtengoak ere, parte hartzaileak, herrikoiak, doako jarduerekin eta adin tarte zein gustu guztiei erantzuten dizkieten ekimenez betetako San Bartolomeak izan dira. Zorionez gainera, ez da iskanbila nabarmenik izan, ezta eraso sexistarik ere”.

Guztira ehun ekitaldi inguru izan dira, eta horiek martxan jarri ahal izateko, Elgoibarko Udalak 169.930 euroko aurrekontua bideratu du. Udalak ekitaldi bat besterik ez du suspenditu, Erraldoi eta Buruhandien kalejira, hain zuzen ere, euria egin zuelako. Gainerako ekitaldiak, normaltasun osoz burutu dira. Euria izan zela eta, funbox-a Ikastolan egin behar izan zen eta Dantza Solteko Txapelketa Herri Antzokian. 

Nabarmentzekoak izan dira alde batetik kontzertuak, jendetsuenak Vendetta, Gozategi eta Itziarren Semeak izan dira, 23an, 24an eta 28an antolaturikoak. Aipamen berezia merezi du RockBox taldeak. Esan daiteke San Bartolomeetako errebelazio taldea izan dela. Heavy metal-aren klasikoen musikarekin eta euren formatu berezi horrekin, ehunka jarraitzaile elkartu zituen.

Bestalde, ohiko kalejirek, jolasek, lehiaketek, kirol eta musika ekintzek, bazkariek… betiko lez, harrera ezin hobea izan dute. Horregatik, Udalak herritarrak, erakundeak, kolektiboak eta langileak zoriondu nahi izan ditu euren tolerantzia, eta kolaborazioagatik

sbjaia

Jaietan ere, ezetza ezetza izan da

Arestian aipatu bezala, azpimarratzekoa da ez dela eraso sexistarik erregistratu. Honez gain, Elgoibarko Udalak, Berdintasun sailaren ekimenez, eraso sexisten aurkako kanpaina berezi bat burutu duela esan behar da. Kanpainak “Jaietan ere, ezetza ezetza da!” leloa izan du eta herritarrak zein herriko eragileak eta beste herrietatik bertaratu diren bisitariak sentsibilizatu, inplikatu eta mobilizatu dira.

Indarkeria matxistaren aurka egiteko Udalak garatu dituen ekintzen artean, hurrengoak azpimarratu behar dira:

Photo-call-a: ehunka pertsonek hartu dute parte Txiki Egunean egindako ekimen honetan. Udal web orrian eta sare sozialetan dauden argazkietan ikus
daiteke parte hartzea oso zabala izan dela, bai adinen, bai sexuaren ikuspegitik.

Txapak: “Jaietan ere ezetza ezetza da” lemarekin 1.000 txapa banatu dira, bai txosnetan, bai Txiki Egunean.

Honez gain, Udala Maalako jai batzordeko feminista taldearekin elkarlanean ere aritu da, pankartak adosten, txapak banatzen, play list feministak garatzen… 

Alkohol eta bestelako drogei buruzko prebentzio programa

Aurten ere Elgoibarko Udalak alkohol eta bestelako drogei buruzko prebentzio programak jarri ditu martxan. Helburua, droga hauen gehiegizko kontsumoa prebenitzea eta parte hartzaileei alkohol eta bestelako drogen kontsumoak dakarren arriskuez ohartaraztea da.

Hala, alkoholemia postua, Baserritarren Eguneko gauen izan zen martxan, 00:00etatik 03:30etara bitartean, San Lazaro egoitzako parean. Datuei dagokionez, guztira 263 pertsona gerturatu ziren informazio stand-era (172 gizon eta 91 emakume). Jasotako positiboak 148 izan dira eta negatiboak 97. Gehien errepikatzen den adin tartea, 18-20 bitartekoena da: 138 parte hartzaile.

Beste alde batetik, drogen inguruko informazio eta testing programako datuei erreparatuz, gunean harrera egin zitzaienen pertsona kopurua 208koa da (168 gizon eta 39 emakume). Erabiltzaileek zeramaten substantziak aztertzeko aukera izan zuten. Aztertutako droga gehienak marihuana (37%) eta estasia (18%) izan ziren. Besteak kokaina (%16) , anfetamina (%13) eta haxixa (%11) izan ziren.

Istilu nabarmenik ez

Udaltzaingoaren jarduerari dagokionez ere, jaiak normaltasun osoz igaro dira, ia istilurik gabe. Eskuhartze gehienak herritarrei zuzendutako laguntzekin (galdutako gauzak eta osasun arazoak), trafikoarekin (bide publikoaren erreserba eta zirkulazio istripu txikiak) eta segurtasunarekin (identifikazioak eta kale iskanbilak) lotuta egon dira. Aurten ere, beraz, ez da ohiz kanpoko girorik egon eta orohar, errespetuan, harmonian eta tolerantzian oinarritutako jaiak izan direla azpimarratu behar da. 

sbkirola

Ikusle ugari eta maila altuko kirol ikuskizunak

Kirol jarduerei dagokionez abuztuaren 22an C.D. Elgoibarrek antolaturiko futbol partidua ikustera azken urteotan baino jende gehiago hurbildu zen Mintxetara, aurkaria Debakoa zelako, Amaikak Bat taldea hain zuzen ere. Egun berean Kirol Argazki Lehiaketaren sari banaketa ospatu zen Kultur Etxean. Aurtengo lehiaketara 78 argazki aurkeztu dira, partaidetza orain arte izan den handienetarikoa izanik.

Abuztuaren 23an, afizionatu mailako Memorial Etxaniz txirrindulari lasterketa ospatu zen. 178 txirrindularik parte hartu zuten, inoiz baino handiagoa. Abuztuaren 24ko pilota jaialdiak Ikastolako frontoia bete zuen. Estelarrean Olaizola II-Beroiz Vs Irribarria-Merino II partidua ikusi ahal izan genuen. 25eko pilota jaialdira ere jende ugari hurbildu zen.

Abuztuaren 27an, Mintxetako futbol zelaian Realaren eta Athetic-en arteko Euskal Herriko Emakumezkoen Futbol Kopa finala jokatu zen. 400 ikusle hurbildu ziren Mintxetara. Abuztuaren 29an, Alcorta eta Anaitasuna taldeen arteko eskubaloi partidua jokatu zen Olaizaga Kiroldegian. Armailak bete ziren (500 ikusle inguru) .