HUNTZA Kartela

  • Jaia, hurrengo ostiralean izango da, irailak 8, 20:00etan, Maalako parkean, besteak beste, Huntza taldearen eskutik.
  • Elgoibartarrek, Inazio Bereziartua Musika Eskolako txarangaren kalejiran eta Biraka Dantza taldeak eskainiko duen ikuskizunean parte hartzeko aukera izango dute.

Ludotekako eta Gaztelekuko 10. urteurrena dela eta, Elgoibarko Udalak, Inazio Bereziartua Musika Eskola, Elgoibarko Izarra eta Biraka Dantzarekin elkarlanean, Huntza taldearen kontzertua antolatu du hurrengo ostiralerako, irailak 8, Maalako parkean. Ikuskizuna 20:00etan hasiko da eta ordu eta erdiko iraupena izango du.

Halaber, kontzertua baino lehen, arratsaldea girotzen joateko helburuarekin, Inazio Bereziartua Musika Eskolako txarangaren kalejira egongo da. 19:30ean, Kalegoen plazatik hasita, Maalarantz abiatuko dira parte hartzaileak, kalejiran. Maalako parkera iristean beste abesti gutxi batzuk jo eta Biraka Dantza taldearen ikuskizuna hasiko da. Azken aldian inguruko herri guztietan behin eta berriz entzuten diren hainbat abesti dantzatzeko aukera izango dute adin guztietako parte hartzaileek. Aipatutako bi jardun hauen ondoren, Huntza taldearen kontzertuari emango zaio hasiera.

Huntza

Huntza 2014an Bilboko kaleetan sortutako musika taldea da. Unibertsitate giroan elkartutako 6 gaztek osatzen dute eta beraien helburua, sortzen duten musika Euskal Herri osora zabaltzea da. Ostegun iluntzeetako trikipoteo eta Eguenero elektrotxarangan ezagutu eta noizean behin elkartzen hasi ziren ondo pasatzeko asmotan. Taldeari forma ematen joan ziren heinean, kantuak konposatzen hasi ziren, bakoitzak bere esperientziatik jasotakoa elkar banatuz. Bilbon sortutako taldea den arren, taldekide guztiak gipuzkoarrak dira: Josune Arakistain Salas (trikitilari eta ahotsa), Uxue Amonarriz Zubiondo (pandero jole eta ahotsa), Aitor Huizi Izagirre (biolin jolea), Aitzol eta Inhar Eskisabel Ruiz anaiak (gitarra eta baxua, hurrenez hurren), Peru Altube Kazalis (bateria).

Inazio Bereziartua Musika Eskolako Txaranga

Inazio Bereziartua Musika Eskolako Txaranga duela hiru urte sortu zen musika eskolako ikasleekin. Talde honen helburua, herriko musikari gazteei txaranga baten jotzeko aukera eskaintzea, ikasleei ohiko txarangetan jotzen diren kantu ezberdinak ezagutzeko aukera eskaintzea eta etorkizun batean, herriko Mauxitxa Txarangan edo beste hainbat txarangatan jo ahal izateko ezagutza eskaintzea da. Aitor Novaren gidaritzapean dagoen musika talde hau, 11-19 urte bitarteko 15 lagunek osatzen dute gaur egun.

Biraka Dantza Elkartea

Biraka Dantza Elkartea 2003tik dihardu Elgoibarren dantza ikasketak eskaintzen, arlo klasikoan zein garaikidean. Elkartea ikasleek gero eta dantza maila handiagoa lortzeko eta honek dakarren onurak lantzeko helburuarekin jaio zen. Halaber, prestakuntza eskaintzen duen herri ezberdinetako ekintzetan (kaleko zein antzerkiko produkzioetan) parte hartzea bilatzen da. 4 urtetik hasita, adin ezberdinetako 200 ikasle inguruk dihardute Eva Pequerul eta Josu Mujikaren eskuetan dagoen talde honetan.