viikopa

  • Athleticek eta Errealak, udan eraberritutako Mintxetako futbol zelaian neurtuko dituzte indarrak, abuztuaren 27an, eguerdiko 12:00etatik aurrera.
  • Sarrera doakoa izango eta hainbat sari banatuko dira ikusleen artean, jada ohikoa den zozketari esker. Bertaratu ezin direnek, ETB 4 katean zuzenean jarraitzeko aukera izango dute.

 Euskal Herriko Emakumezkoen VII. Futbol Kopako final handia Elgoibarren jokatuko da aurten. Finala abuztuaren 27an izango da, eguerdiko 12:00etan, eta Athletic eta Erreala arituko dira nor baino nor, orain dela bi hilabete eraberritutako Mintxetako futbol zelai berrian.

Hala eman dute gaur ezagutzera Ane Beitia Elgoibarko Alkateak, Kike Zurutuza Euskal Herria Kirola elkarteko ordezkariak, Jon Basurto C.D Elgoibarko Lehendakariak, Sandra Ramajo Errealeko kapitainak, Ainhoa Tirapu Athleticeko kapitainak eta José Ángel Iribar, Athleticeko atezain ohiak udaletxeko pleno aretoan eskainitako prentsaurrekoan.

Kirol maila gorenekoa den emakumezkoen futbol partida hau, Euskal Herria Kirolak elkarteak antolatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin eta Elgoibarko Udalaren eta C.D. Elgoibarren laguntzarekin.

Ane Beitia, Elgoibarko Alkateak, eskerrak eman die antolatzaileei final garrantzitsu hau Elgoibarren jokatzea erabakitzeagatik. Honez gain, agintari elgoibartarrak, abuztuaren 27an Mintxetan giro aparta izango dela adierazi du eta Elgoibarko Udalak “futbolean ez bakarrik, beste hainbat kirol esparrutan emakumeen partaidetza bultzatzeko eta emakume eta gizonen berdintasuna bermatzen dituzten politika espezifikoak abian jartzeko duen konpromisoa” azpimarratu du. "Argi daukagu emakumeen presentzia zabalagoarekin futbolak eta oro har kirolak eta gizarteak berak, irabazi egiten duela".

Euskal Herria Kirolaren izenean, Kike Zurutuzak ekintza honen kirol maila nabarmendu du eta babesleei eta laguntzaileei esker onak eman ondoren, giro paregabea eta partidan Elgoibarko ikusle ugari izango dela ziurtatu du.

Sarrera doakoa izango eta hainbat sari banatuko dira ikusleen artean, jada ohikoa den zozketari esker. Bertaratu ezin direnek, ETB 4 katean zuzenean jarraitzeko aukera izango dute.