ezetz

  • “Jaietan ere, ezetza ezetza da!” lelopean, indarkeriaren kontrako borroka bistaratzeko Photo Call bat jarriko da eta kanpainaren leloa daramaten 1.000 txapa eta pultsera banatuko dira.
  • Martxan jarriko diren ekintza hauekin, elgoibartarrak, herriko eragileak eta bisitariak sentsibilizatu, inplikatu eta mobilizatu nahi dira, errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jaiak izan daitezen.

Elgoibarko Udalak, Berdintasun sailaren ekimenez, eraso sexisten aurkako kanpaina berezi bat jarriko du martxan abuztuaren 22tik 28ra ospatuko diren San Bartolome jaietarako.

Kanpainak “Jaietan ere, ezetza ezetza da!” leloa izango du eta herritarrak zein herriko eragileak eta beste herrietatik bertaratuko diren bisitariak sentsibilizatu, inplikatu eta mobilizatu nahi dira.

Ane Beitia, Elgoibarko alkatearen esanetan, “eraso sexisten aurkako jarrera aktiboa bultzatu nahi dugu, izan ere, emakumeek zein gizonek jaiez berdin gozatu behar dugu. Helburu nagusi horrekin antolatu dira ekintza hauek, herritar zein kanpotik etorriko direnei zuzendutako kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpaina bat da, errespetuan eta berdintasunean oinarritutako San Bartolome jaiak izan ditzagun”.

Indarkeria matxistaren aurka egiteko Udalak prestatu dituen ekintzen artean, hurrengoak azpimarratu behar dira:

1. Photo Call-a:

Herrian eta jai giroan, indarkeriaren kontrako borroka bistaratzeko helburuarekin, Photo Call mugikor bat instalatuko da Kultur Etxe inguruan. Era
berean, Txiki Egunean, eguerdiko 12:30etatik 15:00ak arte, dinamizatzaile bat egongo da bertan. Kartoi-plumazko marko mugikor bat diseinatu da, herritar zein bisitariak sentsibilizatu eta atentzioa deitzeko. Jendeak, marko horren barruan, argazkiak ateratzeko aukera izango du, indarkeria matxistaren kontrako egiteko hartzen duten konpromisoa agerian utziz.

2. Mila txapa banatuko dira

Kanpainaren lemarekin, “Jaietan ere, ezetza ezetza da!”, 1.000 txapa inguru banatuko dira, Photo Call honetan eta txosnetan eskuratu ahal izango direnak. 

3. Pultserak

Euskadiko Gazteria Kontseilutik egindako indarkeria matxistaren kontrako ehundik gora pultsera ere banatuko dira txosnetan.