Jausoroko barandak

  • Hobekuntzak hurrengo hiru hilabeteetan zehar burutuko dira eta Udalak, 47.000 euro baino gehiago bideratuko ditu bi gune hauetatik igarotzen
    diren herritarren segurtasuna bermatzeko helburuarekin.
  • Era berean, abuztuan zehar, Udalak ia 40.000 euro inbertituko ditu Urazandiko Haur Eskolako teilatua aldatu eta instalazioa hobetzeko.

Jausoro eta Pedro Mugurutzatik igarotzen diren herritarren segurtasuna bermatzeko helburuarekin, Elgoibarko Udalak, bi gune hauetako barandak berriztatzeko lanak abiaraziko ditu laster. Obrak Ulmar enpresari esleitu zaizkio eta gehienez hiru hilabete izango dituzte lanak bukatzeko. Udalak 47.032 euro bideratuko ditu (BEZa kanpo) bi gune hauetako babes-barandak eraberritzeko. Pedro Mugurutzako lanak uztailaren amaieran edota abuztuaren hasieran hastea aurreikusten da. Jausorokoak aldiz, irailean hasiko dira.

Elgoibarko Alkatea den Ane Beitiaren esanetan “hurrengo hilabeteetan gauzatuko diren jarduera hauek helburu argi bat daukate, bizilagunen joan-etorrietako segurtasuna hobetu eta bermatzea”.

Orokorrean, lan hauen bitartez, gaur egun dauden barandak desmuntatu eta kudeatzaile baimendu bati eramango zaizkio; eta horien ordez, altzairu
herdoilezinezkoak baranda berriak jarriko dira, eskailera-zatietan eta arrapaletan, barandek eskubanda bikoitza izango dute eta barandak oinarriari ainguratuko zaizkio erresistentzia handiko erretxinen bidez.

Pedro Mugurutzako barandak

Burutuko diren lanen deskribapena

  • Pedro Mugurutza 24 zenbakiko plaza: plaza txiki bat da, 24 eta 26 zenbakidun blokeen artean kokatuta dagoena; eserlekuak daude bertan, eta auzoko
    bizilagunek erabiltzen dute. Gaur egun dagoen baranda egoera txarrean dago, eta eskailera batzuek ez dute eskubandarik. Beraz, baranda osoa aldatuko da, eta bidenabar, eskaileraren alde banatan eskubandak jarriko dira. Goialdean, gaur egun, baranda bat dago hormatxoaren gainean. Trenbidearen pasagunerantz doan bidean barandarekin jarraituko da, eta hormatxoaren gainean dagoen baranda kendu egingo da. Guztira, 40 metro baranda berri ipiniko dira.
  • Jausoro: gunerik esanguratsuena da. Alde batetik, Jausoro plazako barandak aldatuko dira, baita plazarako igoeran daudenak ere; beste alde batetik, N-634 errepide azpiko pasabiderako bidean dauden barandak aldatu, eta arrapalen eta eskaileren bi aldeetan, eskubandak jarriko dira. Guztira, 300 metro baranda berri ipiniko dira.

Elgoibarko Udalak, ia 40.000 euro bideratuko ditu Urazandiko Haur Eskolako teilatua aldatu eta instalazioa hobetzeko

Udako hilabeteak aprobetxatuz, Elgoibarko Udalak zenbait eraberritze lan abiaraziko ditu Urazandiko Haur Eskolan. Alde batetik, zentroaren teilatuan aurkitutako arazoak direla eta, Udalak aldatzea erabaki du. Revestimientos Metálicos Plamar enpresa izango da lanak burutzeko ardura izango duena. Udalak, teilatuaren berriztatze lan hauetarako 31.700 euro baino gehiago bideratuko ditu (BEZa kanpo). Honez gain, aipatu beharra dago ere, Haur Eskolako sarreran markesina berri bat ezarriko dela, erabilera aldetik beharra sumatu baita. Obrek 4 asteko iraupena izatea aurreikusten da eta abuztuan jarriko dira martxan, eraikina itxita dagoela aprobetxatuz.

Bestetik, hau ez da Udalak hezkuntza zentro honetan egingo duen obra bakarra izango. Abuztuan baita, Haur Eskolako berogailuak eta instalazioa aldatuko dira. Lanak Sargori enpresak burutuko ditu eta horretarako 7.667 euro bideratuko dira (BEZa kanpo).

Iosu Arraiz, Elgoibarko Hirigintza zinegotziaren esanetan, “eskoletan gastatzen den dirua ondo gastatutako dirua da, zalantzarik gabe, argi baitago egindako inbertsioari ateratzen zaion errendimendua oso altua dela, bertatik urtero pasatzen diren ikasleen egoera nabarmen hobetzen dela ikusten baita”.