2017KO Pintxo lehiaketaren Sari banaketa

  • Lehenengo saria Malaperik irabazi du “Darkoren pintxoa” izeneko pintxoarekin. Bigarren saria, Txarriduna Hotelarentzat izan da, “Babarrun gorri odolostea porru kremarekin” izeneko pintxoarekin.
  • “Herritarren saria” San Roke tabernak irabazi du “Txibi beteak” pintxoarekin.
  • Herritarrek guztira, 6.189 boto-txartel eman dituzte. Batez beste, taberna bakoitzak 350 pintxo inguru saldu ditu.
  • Aurtengo nobedade nagusiena sarietan banatu den diru kopurua izan da, 450 euro, iaz baino 300 euro gehiago.

Elgoibarko Udalak, gaur goizean, banatu ditu Elgoibarko IX. Pintxo lehiaketaren sariak, urtero udalerriko ostalaritzako sektorean euskararen erabilera bultzatzea, eta bidenabar, Elgoibarko gastronomia suspertzearen helburuarekin antolatzen duen ekimena, hain zuzen ere. Aurtengo lehiaketa ekainaren 28, 29 eta 30ean egin da, eta 26 establezimenduk hartu dute parte, iaz baino bat gehiago.

Pintxoaren itxura, aurkezpena, zaporea, testura eta originaltasuna kontuan hartuta, epaimahaiak pintxo onenaren saria Malaperi eman dio “Darkoren pintxoa” izeneko pintxoarekin. Irabazleak txapela, diploma eta Txankakua merkatarien elkarteko saltokietan trukatzeko 300 euroko erosketa-txartela jaso du. Bigarren saria, Txarriduna Hotelarentzat izan da, “Babarrun gorri odolostea porru kremarekin” izeneko pintxoarekin. Honek, txapela, diploma eta 100 euroko erosketa txartela jaso du.

Sari banaketa Pintxo lehiaketa 02

Azkenik, “Herritarren saria”, txapela eta diplomaz osaturikoa, San Roke tabernak irabazi du “Txibi beteak” pintxoarekin. Herritarren parte hartzea nabarmena izan da, guztira, 6.189 boto-txartel eman baitituzte eta batez beste, taberna bakoitzak 350 pintxo inguru saldu ditu. Aipatu beharra dago, aurtengo nobedade nagusiena sarietan banatu den diru kopurua izan dala, 450 euro, iaz baino 300 euro gehiago.

Sari banaketan Ane Beitiak, Elgoibarko alkateak, lehiaketaren martxa oso positiboki baloratu du eta eskerrak eman nahi izan dizkie parte hartzaile guztiei “izan ere, jakin badakigu oso zaila dela neurri honetako eskariari aurre egitea, eta aldi berean, pintxoaren itxura eta zaporea mantentzea. Gainera, ostalariek, aurten, lehiaketa batean parte hartzeko maila duten pintxoak prestatzeko egiten duten ahalegina nabarmendu nahi dugu. Konpetentzia handia izan da oso eta epaimahaiak lan handia izan du irabazlea aukeratzeko”.

Azkenik, Udalak, pintxoren bat dastatu ostean, botoa eman zuten herritar guztien artean Belaustegi jatetxeak eskainiko duen dastatzeko menua zozkatu du. Kasu honetan, irabazlea Oskar García izan da eta astebeteko epea izango du saria eskuratzeko, hala egiten ez badu, saria erreserbari entregatuko zaio, zeinak astebeteko epea ere izango duen saria eskuratzeko.