Atzo arratsaldean, Unben jokatutako Sobras Crew eta La Roita taldeen arteko partiduan, Sobras Crew-ko jokalari batek arbitroa jipoitu zuen. Aurpegian ostikoa eman zion eta konorterik gabe utzi zuen. Aritz Iriondo arbitroak Mendaroko ospitalean pasa du gaua eta eskanerra egin ostean badirudi zauriak lebeak direla. Atzo eta gaur arbitroaren familiarekin hitzegin dugu, goizean ospitaletik pasa gera eta seguruenik gaur bueltatuko da etxera.

Eibarko eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak, antolatzaile bezala, lehenengo neurria atzo hartu genuen, Sobras Crew taldea txapelketatik kanporatzea hain zuzen ere. Beste ezer erabaki baino lehenago 8 taldek txapelketa lagatzea erabaki dutela adierazi digute emailez.

Talde partaide guztien delegatuak bilera batetara deitzen ditugu, bihar, ostirala, 19:00etan, Ipurua Kiroldegian, eta bertan aztertuko dugu egoera eta hartuko ditugu hartu beharreko erabakiak talde guztiekin batera. Bilera honen berri bihar emango dizuegu.

Gaurko aurreikusita zegoen jardunaldia ez da jokatuko, Aritz Iriondo arbitroari elkartasuna adierazteko asmoz eta erasoa gaitzezteko. Futbol 7 Txapelketa honek 20 urteko historia dauka eta inoiz ez dugu izan arazo larririk, kiroltasuna nagusituz, eta ez genuke nahi pertsona baten jarrera desegokiagatik txapelketa desagertzea.

Eibarko eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak, Futbol 7 Txapelketaren antolatzaileak.