eusgidak

Elgoibarko Udalak lau urtetik behin onartzen duen Euskara Sustatzeko Planaren baitan garrantzia duten arloak dira merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza, eta esparru horietan, eguneroko zereginean eta paisaian, euskararen erabilera areagotzea da planaren helburuetariko bat.

Bezeroen fidelizazioaz horrenbeste hitz egiten den garaiotan, euskara funtsezko elementu izan daiteke. Euskarari ateak irekiz establezimenduaren irudia eta bezeroei eskainitako zerbitzuaren kalitatea hobetu ahal izango da, baita bezeroen nahiak eta beharrak hobeto asetu ere.

Helburu nagusi horri begira kaleratu ditu Udalak gida xume hauek. Gida hauetan denda, taberna eta zerbitzuetako ohiko errotulu, ohar eta elkarrizketetan erabiltzeko esaldirik arruntenen sorta ederra jasotzen da. Gainera, Ostalaritzarako gidan menuak eta karta euskaraz egiteko lagungarri izan daitekeen hiztegia (hitz, ohar, kartel, esaldi…) eskaintzen da.

Hauek dira herriko establezimenduetan banatuko diren gidak:

  1. Zure menua euskaraz egiteko Gida erraza.
  2. Merkataritzan, zerbitzuetan eta ostalaritzan euskara erabiltzeko Gida.

Beste helburu zehatz batzuk ere betetzen dituzte gida horiek. Lehenik, establezimenduen jabeentzat benetan baliagarri izatea. Bigarrenik, Udalak sektore horiekin batera jardun nahia adieraztea. Eta azkenik, komunikabide moduan ere erabiltzea, euskarazko elkarrizketari eusteko eta alor honetan sor daitezkeen beharretan laguntzeko. Gainera, Udalak establezimenduetan euskara sustatzeko 

eskaintzen dituen laguntzak ere jasotzen dira gida horietan, hala nola, errotuluak eta irudi korporatiboa euskaraz jartzeko laguntzak, testuak itzultzeko aholkularitza, euskara ikastaroen eskaintza…

Gida horiek Udalaren webgunean izango dira herritarren eskura, eta Kultur Etxean (Euskara Sailean) jasotzeko aukera ere izango da goizeko ordutegian, 8:00etatik 15:00etara. Gida establezimenduan bertan jaso nahi izanez gero, eskatu 943 74 43 66 telefono zenbakian edota emailez E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera mezu bat bidali.