Ama

Elgoibarko Udalak, Iban Gonzalezek zuzendutako “Ama, nora goaz?” dokumentala proiektatuko du Herriko Antzokian ostegunean, apirilak 20, arratsaldeko 20:30ean. Sarrera doakoa izango da.

Baleukok 2016. urtean ekoiztutako “Ama, nora goaz?”, dokumentalak 1937an, Guda Zibilean, agintari frankistek Gipuzkoako 14 herritik kanporatu, eta euren haurrak besoetan harturik, nora joan ez zekitela alde egin behar izan zuten 1.000 emakumeen bizipenak azaltzen ditu. Filmak paralelotasun bat egiten du egungo siriar errefuxiatuen krisia eta Guda Zibilean gudarien emazteek bizi izandako dramaren artean.

Karmelo Vivanco eta Idurre Cajaravillek ekoitzitako dokumental honetako Iban Gonzalez zuzendariak eta Jon Gonzalo gidoigileak exodo hartako emakumeetako batzuen lankidetza izan dute; garai hartan haurrak baino ez ziren egungo emakume hauek, muturreko babesgabetasun egoeran euren amek zeukaten ziurtasuna gogoratzen dute. Edurne Aizpurua, Lore Albizu, Margari Albizu, Josune Sasiain, Lide Balenciaga, Agate Sodupe, Tere Larrar, Itziar Sagarzazu, Matilda Aizpurua, Garbiñe Andonegi, Arantza Bullain eta Anita Usiain, Bárbara Rivas eta Esther Remiro aktoreen laguntzarekin, kameraren aurrean jartzen dira film honetan, Zumaiako euren etxeak utzi beharraren sentimendu ikaragarria 60 minutuz azaltzeko eta euren amei egindako “Ama, nora goaz?” galdera gogoratzeko.

OHARRA: Dokumentalaren hizkuntzari dagokionez, euskaraz izango da eta azpitituluak gazteleraz izango ditu.