Hitzarmenaren sinadura

Elgoibarko Udalak hitzarmen bateratuak sinatu ditu gaur, apirilaren 25a, asteartea, herriko eskolekin. Guztira, 38.237,99 euroko diru-laguntza emango die Udalak ikastetxeei, 2016-2017 ikasturtean hainbat proiektu eta egitasmo finantzatzeko.

Ekitaldian Ane Beitia, Elgoibarko Udaleko alkatea; Jabier Larrañaga, Elgoibar Ikastolako zuzendaria; Juan Kruz Zuñiga, Herri Eskolako zuzendaria; Iñaki Odriozola, Arreiturre Institutuko zuzendaria; Alberto Iturricastillo, MEKA Lanbide Eskolako zuzendaria eta Ixaka Egurbide, IMHko zuzendaria izan dira. Ane Beitia, Elgoibarko Udaleko alkatearen esanetan “ikastetxeen arteko lankidetzan oinarritutako proiektua da hauxe, eskola guztien hobekuntza jarraitua sustatzen, errazten eta indartzen duena, ikasleriari guztizko ikasketa eskainiz”.

Diru-laguntza hori Udaleko Gizarte Ongizate, Euskara, eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako sailek bideratu dute, betiere, eskolekin adostutako hitzarmenak garatzeko.

Laguntzaren jasotzaileak Ikastola, Herri Eskola, Institutua eta Meka izango dira. Horrela bada, Ikastolak 9.833,24 euroko laguntza jasoko du, Herri Eskolak 6.284,02 eurokoa, Institutuak 10.191,98 eurokoa, MEKAk 5.928,75 eurokoa eta IMHk 6.000 eurokoa.

Diru-laguntza horietaz gain, Gizarte Ongizate Sailak, Udaleko Berdintasun Sailak eta Sustapen Ekonomiko Sailak diru partida bat izendatu dute eskoletan sail horien helburuekin bat datozen ekintzak abian jartzeko.

Udalak hitzarmen bidez diruz lagunduko dituen proiektu eta egitasmoak ondorengoak dira:

  • Ongizate Saila (Osasunaren Hezkuntza programa gauzatzeko): 17.999,99 €
    • Ikastola: 4.821,24 €
    • Herri Eskola: 2.612,02 €
    • Institutua: 7.837,98 €
    • Meka: 2.728,75 €
  • Euskara Saila (euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko ekintza eta egitasmoetarako): 16.200 €
    • Ikastola: 3.100 €
    • Herri Eskola: 2.600 €
    • Institutua: 1.300 €
    • Meka: 3.200 €
    • IMH: 6.000 €
  • Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako saila (Gaztematika-Gipuzkoako haurrentzako eta gazteentzako sustapen sistema-garatzen laguntzeko): 4.038 €
    • Ikastola: 1.912 €
    • Herri Eskola: 1.072 €
    • Institutua: 1.054 €

HAUSNARKETARAKO JARRAIPEN TALDEA apir

Elgoibarko Udalak, Berdintasun Sailaren bitartez, “Enplegua eta kontziliazioa: Ezin dut gehiago!!” izeneko hausnarketarako taldea antolatu du hurrengo astelehenerako, apirilak 24.

Lorea Salegik zuzenduko du Jabekuntza tailerren barruan antolatutako talde hau. Jarduera, Kultur etxeko Hitzaldi gelan egingo da 18:30etatik 20:30etara eta sarrera doakoa da.

Parte hartu nahi dutenek Arreta Bulegoan, E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. posta elektronikoan edota 943 741050 telefonoan eman beharko dute izena.

Asteburu honetan, apirilaren 21etik 23ra, Elgoibarko SANLO Eskubaloi Kirol Taldeak antolatuta, Espainiako Eskubaloi Txapelketako Jubenil Nesken Lauko Finaletako bat jokatuko da Olaizaga kiroldegian.

Lau talde izango dira lehian: Tecnifuelle Sanlo (Euskadi), Balonmano Pereda (Kantabria), Knet Calasancio (Errioxa) eta Sant Quirze (Kataluina).

Elgoibarko Alkateak harrera egingo die partaideei larunbatean, 11:30ean, Udaletxeko Pleno Aretoan.

Hauek dira partiduen ordutegiak:

Apirilak 21, ostirala, OLAIZAGA Kiroldegian:
17:30 SANT QUIRZE – PEREDA
19:30 TECNIFUELLE – CALASANCIO

Apirilak 22, larunbata, OLAIZAGA Kiroldegian:
16:00 SANT QUIRZE – CALASANCIO
17:45 PEREDA – TECNIFUELLE

Apirilak 23, igandea, OLAIZAGA Kiroldegian:
10:00 CALASANCIO – PEREDA
11:45 TECNIFUELLE – SANT QUIRZE
Sari Banaketa

Kirola eta osasuna hitzaldi zikloaren kartela

  • Ohitura osasuntsuez, elikaduraz, guraso eta entrenatzaileen arduraz kirol heziketan edota gure osasuna eraikitzeko Elgoibarrek eskaintzen dituen aukerez hitz egingo da.
  • Hitzaldiak euskaraz izango dira, maiatzeko lau astearteetan, Kultur Etxean. Saioak arratsaldeko 19:30etan hasiko dira eta sarrera doan izango da.
  • Udal Kirol Patronatuak bizkar hezur arazoak dituzten pertsonentzat zuzendutako “Bizkarraren tailerra” antolatu du. Maiatzaren 3an hasiko da, astelehenetan eta asteazkenetan eskainiko da, 19:00etan, Mintxetan.

Elgoibarko Udalak, Gizarte Ongizate Sailaren bitartez eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak, Legealdi Planean jasotako lerro estrategiko bati erantzuteko helburuarekin, “Kirola eta Osasuna” izeneko hitzaldi zikloa antolatu dute maiatzean.

Bertan, ohitura osasuntsuez, elikaduraz, guraso eta entrenatzaileen arduraz kirol heziketan edota gure osasuna eraikitzeko Elgoibarrek eskaintzen dituen aukerez hitz egingo dute Unai Arrietak (Kirol Psikologoa eta 60 + programako arduraduna) eta Angel Mª Lopezek (Kirol Fisioterapeuta eta psikoneuroinmunologian espezialista).

Hitzaldiak euskaraz izango dira, maiatzeko lau astearteetan, Kultur Etxean. Saioak arratsaldeko 19:30etan hasiko dira eta sarrera doan izango da.

Hauxe hitzaldien egitaraua:

  • MAIATZAK 9: Gure osasuna eraikitzen.
  • MAIATZAK 16: Iragana gogoratuz, etorkizuna eraiki: elikadura eta ariketa fisiko osasuntsuaren bila.
  • MAIATZAK 23: Guraso eta entrenatzaileen ardura kirol heziketa osasuntsuan.
  • MAIATZAK 30: Elgoibar aktiboa: herria berrinterpretatuz.

Maiatzaren 3an, Bizkarraren Tailerra hasiko da

Osasunarekin jarraituz, Udal Kirol Patronatuak Bizkarraren tailerra antolatu du. Bizkarraren tailerra bizkar hezur arazoak dituzten pertsonentzat zuzenduta dagoen ikastaro bat izango da. Bertan, ariketa espezifikoak egingo dira, bizkarraren mugikortasuna, indarra eta flexibilitatea lantzeko asmoz.

Hernia diskalak, lumbalgiak, lepo eta bizkar hezurreko arazoak dituzten pertsonei zuzenduta dago. Saio guztiak, fisioterapeuta batek gidatuak izango dira. Ikastaro berri hau, maiatzaren 3an hasiko da eta astelehenetan eta asteazkenetan eskainiko da, 19:00etan, Mintxetan.

Aurrez, ikastaroaren nondik norakoak azaltzeko, apirilaren 26an, arratsaldeko 19:00etan, Mintxetan bertan, Patronatuak doako saio bat eskainiko du. Parte hartu nahi dutenek Olaizaga kiroldegian edo Mintxetako harreran eman beharko dute izena.

Ama

Elgoibarko Udalak, Iban Gonzalezek zuzendutako “Ama, nora goaz?” dokumentala proiektatuko du Herriko Antzokian ostegunean, apirilak 20, arratsaldeko 20:30ean. Sarrera doakoa izango da.

Baleukok 2016. urtean ekoiztutako “Ama, nora goaz?”, dokumentalak 1937an, Guda Zibilean, agintari frankistek Gipuzkoako 14 herritik kanporatu, eta euren haurrak besoetan harturik, nora joan ez zekitela alde egin behar izan zuten 1.000 emakumeen bizipenak azaltzen ditu. Filmak paralelotasun bat egiten du egungo siriar errefuxiatuen krisia eta Guda Zibilean gudarien emazteek bizi izandako dramaren artean.

Karmelo Vivanco eta Idurre Cajaravillek ekoitzitako dokumental honetako Iban Gonzalez zuzendariak eta Jon Gonzalo gidoigileak exodo hartako emakumeetako batzuen lankidetza izan dute; garai hartan haurrak baino ez ziren egungo emakume hauek, muturreko babesgabetasun egoeran euren amek zeukaten ziurtasuna gogoratzen dute. Edurne Aizpurua, Lore Albizu, Margari Albizu, Josune Sasiain, Lide Balenciaga, Agate Sodupe, Tere Larrar, Itziar Sagarzazu, Matilda Aizpurua, Garbiñe Andonegi, Arantza Bullain eta Anita Usiain, Bárbara Rivas eta Esther Remiro aktoreen laguntzarekin, kameraren aurrean jartzen dira film honetan, Zumaiako euren etxeak utzi beharraren sentimendu ikaragarria 60 minutuz azaltzeko eta euren amei egindako “Ama, nora goaz?” galdera gogoratzeko.

OHARRA: Dokumentalaren hizkuntzari dagokionez, euskaraz izango da eta azpitituluak gazteleraz izango ditu.

Elgoibarko biste orokorra

  • Udalerriko talde desberdinek (merkatari, elkarte eta inplikatutako gainerako eragileak) proiektuan parte hartzeko aukera izango dute, bai informazio bilketan, bai planaren burutzean.
  • Udalaren helburu nagusiena Elgoibarko mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzen jarraitzea da, ingurumenaren defentsa eta elgoibartarren bizi-kalitatearen hobekuntza balioetsiz.
  • Lehiaketarako eskaintzak aurkezteko azken eguna maiatzaren 4a izango da eta enpresa esleipendunak 6 hilabeteko epean gauzatu eta entregatu beharko du lana.
  • Batzorde iraunkor batek planaren jarraipena egingo du eta aldiro, lanaren bilakaera aztertuko du.

Elgoibarko Udalak, pertsonen bizi kalitateari eusteko eta udalerria eta bere ingurunea bizileku egokia bihurtzeko ahaleginean, Mugikortasun Iraunkorrari buruzko Udal Plan berri bat eratuko du 2017.urtea amaitu baino lehen.

Hala, Udalak, pasa den apirilaren 5ean publikatu zuen GAOn, planaren erredakzioa burutzeko lizitazio iragarkia. Guztira, 50.000 euro (BEZa kanpo) bideratuko dira eta enpresa esleipendunak 6 hilabeteko epea izango du lana egin eta entregatzeko. Proposamenak aurkezteko azken eguna, maiatzaren 4a da.

Elgoibarko azken Mugikortasun Plana 2000.urtekoa da, orduko errealitateari begira egindakoa. Egun, udalerriaren egoera eta herri antolaketa desberdina da eta ondorioz, udalak plana berriz aztertzea erabaki du.

Ane Beitia, Elgoibarko alkatearen esanetan, “legealdi planean jasota daukagu mugikortasun plan berri baten idazketa. Planak azken finean, Elgoibarko udalerriko mugikortasun eta irisgarritasun arazoak identifikatzea, hauei buruzko diagnosi teknikoa egitea eta hobekuntza proposamenak zehaztea du helburu”.

Bestalde, Iosu Arraiz Hirigintza Zinegotziaren arabera, “planak izaera integrala du, Elgoibarko mugikortasunari buruzko aurretiazko diagnosia egiteaz gain, planak herriak duen potentzialtasuna aztertzeko aukera emango baitigu eta horretarako, prozesu parte hartzaile bat zabalduko da, elgoibartar orok bere iritzi eta ekarpenak egin ditzan”.

Elgoibarko Udalak San Bartolome jaietako ekarpenak egiteko epea apirilaren 30era arte zabalik dagoela jakinarazten du. Aipatutako ekarpenak Kultur Etxean entregatu beharko dira, Kultura sailean, modu presentzialean (Kalebarren Plaza 3, 1. solairua ezk.) edota modu online-an E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. posta elektronikoaren bitartez.

Informazio gehiagorako: 943 74 21 58.

Elgoibarko Udalak Oskarretan saritutako pelikulen emisioak programatu ditu Herriko Antzokian apirilean zehar. Hona hemen emanaldien hitzorduak:

oskar

Apirilak 6

Ongarri Zine Kluba: EL VIAJANTE. Ingelesezkoa ez den atzerriko pelilukarik onena.

Apirilak 7, 8, 9, 10

Kultura Saila: MOONLIGHT. Oskar Saria 2017ko pelikula onena.

Apirilak 13,14

Kultura Saila: JACKIE. Nominazioa Emakumezko aktore onena.

Apirilak 15, 16, 17

Kultura Saila: MANCHESTER FRENTE AL MAR. Casey Affleck. Oskar Saria Gizonezko aktore onena.

korrika2

Gaur asteazkena, apirilak 5, adin guztietako elgoibartarrak goizean goiz iratzarri dira Korrikari harrera egiteko eta egitasmoan parte hartzeko. Aurten, Korrikak, udalerriko kaleak goizeko 6:30ak aldera zeharkatu ditu. Beste behin, Elgoibarko Udaleko zinegotzi eta langileek gainontzeko parte hartzaileekin batera egin dute korrika euskararen alde “Tipi-tapa Korrika” lelopean. 

korrika01

Kartela

Elgoibarko Udalak eta Txankakua Elgoibarko Merkatarien Elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dute tokiko komertzioetako salmentak sustatzeko eta Elgoibarko denda txikietan erosketak egiten dituzten bezeroak saritzeko helburuarekin.

Ekimena kontsistorioko kultura sailaren zein antolaketa eta langileria sailaren eta Txankakua merkatarien elkartearen arteko elkarlanari esker jaio da.

Elkarteko komertzioek bi pertsonentzako zine sarrerak zozketatuko dituzte dendan 2017ko apirila, maiatza, urria, azaroa eta abenduan zehar erosten duten bezeroen artean.

Sarrerak era ausazkoan oparituko dira behin erosketa datafonoaren bidez eginda. Saritua izaten bada, “Bi pertsonentzako doako zine sarrera” zehaztuko du datafonoko ticketean. Dendariak zigilua jarriko du atzeko aldean eta bezeroari entregatuko dio.

Sarrera Herriko Antzokiko leihatilan trukatuko da proiekzioaren egunean bertan, iraungitze-data izango du eta inoiz ez da diruagatik trukagarri izango.

VII. Euskal Herriko Emakumezkoen Futbol Kopako finalaren aurkezpena

Atzo, martxoak 30, osteguna, “VII. Euskal Herriko Emakumezkoen Futbol Kopa” aurkeztu zen Donostian eta bertan Elgoibarko Alkatea, Ane Beitia, izan zen txapelketaren finala Elgoibarren jokatuko baita abuztuaren 27an, Mintxeta futbol zelaian.

Txapelketa honetan, Espainiako Lehenengo  Mailan parte hartzen ari diren 3 talde euskaldunekin batera, Real Sociedad, Athletic de Bilbao eta Oiartzunekin batera, hain zuzen ere, beste hiru taldek parte hartuko dute; Aurrera de Vitoria, Mulier (Mutiloa-Nafarroa) eta Genets (Angelu).

Txapelketako final laurdenak apirilaren 8an jokatuko dira Mutiloan, 12:00etan, Mulier eta Oiartzun taldeekin, eta apirilaren 9an, Agurainen, 12:00etan, Aurrera de Vitoria eta Genets taldeekin. Mulier eta Oiartzun taldeen arteko lehian irabazlea suertatzen den taldeak Athletic de Bilbao taldearen aurka jokatuko du finalerdia eta Aurrera de Vitoria eta Genets taldeen arteko partiduko irabazleak Realaren aurka jokatuko du beste finalerdia. Finalerdiak non jokatuko diren oraindik zehaztu gabe dago.

VII. Euskal  Herriko Koparen finala Elgoibarren jokatuko da, abuztuaren 27an, San Bartolome jaietan, C.D. Elgoibarrek mendeurrena ospatzen ari dela aprobetxatuz, Elgoibarko Udalaren laguntzarekin.